Arkitektura

Sansomendiko Gizarte Etxea. Gasteiz

Kiroldegia eraiki ondoren, kanpoko futbol zelaiak zabaldu ziren bere inguruetan. Ondoren, polikiroldegia handitzearekin jaio zen, 1997. urtean, Sansomendiko Zentro Soziokulturala ordezkatuko zuen Lakua 3 Gizarte Etxea, gaur ezagutzen den moduan. 1985ean eraikitakoa hirukoizten duen proiektua gauzatzen da, guztira 9500 metro karratu izango dituena, Roberto Ercilla arkitektoak berak Miguel Angel Camporekin elkarlanean diseinatua.

Itxuraz berdinak diruditen bi bolumen gehitzen dira jatorrizkoaren albo banatan, eta hauen lotura errazteko eraikinaren zeharkako iragazkortasuna indartzen da. Horretarako bertan zeuden arrapala simetriko handiak kendu eta igogailu hidraulikoak ezartzen dira, egungoen antzerako beste bi dorre berri eraikiaz, eta jatorrizko dorreetako beirateak kentzen dira. Bolumen berrietako batek Zentro Soziokultural zaharrean zeuden ekintza kulturaletarako espazioak biltzen ditu. Bestean, berriz, igerilekuak eraikitzen dira, eta eraikin originaleko kirol instalazioak osatzen ditu.

Proiektu berriak jadanik amaituta zegoen eraikin baten handitzea ebaztearen konposizio erronka hartzen du bere gain. Interbentzioak funtzio berri anitzei erantzun ematea du helburu, eraikinaren kanpoaldeko soiltasuna hondatu gabe - altzairuzko txaparen kolore zuriaz profilatutako adreiluzko hormatalez osatua -. Bolumen berrien kanpoaldea jatorrizkoaren lengoaia berean burutzen da, eskuarki goialdetik argiztatutako barne espazio anitzak sortuaz.

Honela, jatorrizko geometriari egokitzeko saiakera egiten da, eraikinaren ebaketa bera landuaz. Ebaketaren mailakatzea eta altura bikoitzeko espazioak altuera soilekin tartekatzea oinarrizkoak dira erabileren konplexutasuna ebatzi eta argi naturala eraikin barrura sartzea ahalbideratzeko, eta areto desberdinen arteko konexio bisualei ere mesedegarri zaizkie.

Egituraren planteamenduari, espazio bakoitzaren dimentsioen berezitasunak ebazteko dibertsifikatua, estalki irauliak gehitzen zaizkio, eraikinaren espazio bakoitzari banan-bana egokituak. Eraikuntza sistemarekiko ikuspuntu honek espazioaren, teknikaren eta formaren inguruko soluzioen uztartzean du fundamenturik sendoena.

Eraikin kulturalak altuera osoa hartzen duen areto handi bat dauka, topagune gisa erabilia, eta gainontzeko aretoak behe solairuan kokatzen dira modu ireki eta argian, beirazko elementuak erabiliaz. Beira xaflaz egindako lau korridorek goitiko argia zuzenean helarazten dute, areto nagusiko luzernario handiaren osagarri. Bi albo-galeriak zirkulazioak antolatzen dituzte.

Kontrako alboko pabilioian, aldiz, gimnasioak, aldagelak eta altuera osoa hartzen duten igerilekuak kokatzen dira, eta areto nagusia sarreraren alboan. Harmailak areto handi baten erdian kokatzen dira, eta funtzio bikoitza dute: goian harmaila, eta behean erabilera anitzetarako espazioa.

Lakua Gizarte Etxea Gasteizko hiriko mugarri arkitektonikoetako bat da, eta sari bat baino gehiagorako hautatua izan da: Hispalyt-en Adreiluzko Arkitekturaren Lehiaketa Nazionalean lehen saria eskuratu zuen 1997. urtean; urte berean Espainiar Arkitekturaren Bienalean finalista izan zen; 1998an, berriz, hautatua izan zen Iberfad Arkitektura sarirako, Arkitektura eta Ingeniaritza Zibilaren Bienal Iberoamerikarrerako eta Buenos Aireseko Arkitektura Bienalerako.