Arkitektoak

Ercilla, Roberto

Roberto Ercilla 1950ko abuztuaren 20an Gasteizen (Araba) sortutako arkitekto garaikide esanguratsua da. Gasteizeko arrapaladen diseinurako lehiaketan garaile izan eta gero, bere estudioa oso ezaguna egin da estatu mailan.

Bartzelonako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan ikasi zuen eta 1976an eskuratu zuen arkitekto titulua. Ikasketak bukatu eta bere sorterrira bueltatu zen, Gasteizera, non 1978an bulegoa ipini zuen . Orduz geroztik bertan lan egiten du. Bere proiektuetariko asko Miguel Angel Campo arkitektoarekin batera garatu ditu. Bulegoak ISO 9001 ziurtagiria eskuratu du. Modu berean, ingurugiroarekin daukan konpromisoa dela medio, proiektuaren garapen eta diseinuaren prozesurako ingurugiro gestiorako sistema bat ezarri dute, "Ecodiseño s/Norma UNE 150.301" ziurtagiria lortu duelarik. Ercillarena izan da Araban hori lortu duen lehen estudioa.

Irakaskuntza munduan ere dihardu. 1996tik 2002ra Nafarroako Goi Eskola Teknikoan Karrera Amaierako Proiektuetako irakasle laguna izan zen. 2003tik aurrera proiektuetako 5. kurtsoko irakasle da.

Espainia guztian eraiki badu ere, bere proiektu gehienak Araban kokatzen dira, Gasteizen zehazki. Hasiera batean taberna eta jatetxeak diseinatu zituen (honen adibide dira Gasteizko Posta kaleko 4 Azules taberna, ala Florida parkeko Rio jatetxea) baina geroago batez ere etxebizitza kolektiboak eta ekipamendu kulturalak landu ditu.

Bere arkitektura lerro eta espazio argiek definitzen dute. Hala, oinarri garrantzitsuenetarikoak lekuarekiko errespetua eta inguruarekiko jasangarritasuna dira. Hau da, lekua arkitektoa bera baina askoz garrantzitsuagoa izan behar da eta errespetuz ingurura egokitzeko umildadea eduki beharra dago. Modu berean eraikin buruaskiak lortzeko ardura azaldu izan du, non argiztapen egoki batek paper garrantzitsu bat betetzen duen diseinu on bat lortzeko. Espazio komunek ere inportantzia asko hartzen dute bere lanetan. Izan ere honek aberasten baititu etxebizitzetako arkitektura.

Bere lanak publikazio eta erakusketa ugaritan bildu izan dira, eta jaso dituen sariak ere asko dira. Bere karrera luzea 1980an hasi egin zen, eta ordutik egindako eraikinik esanguratsuenetariko batzuk honakoak dira:

Etxebizitza famili bakarrekoei dagokienez, aipatzekoak dira 1995-1997 Gardelegin etxebizitza, "V. Arkitektura Espainiarreko Bienalean" finalista geratu zena; 1999-2001 Ibizan etxebizitza, "IV Edició Premis d'arquitectura d'Eivissa i Formentera-2005" saria jaso zuena; 2000-2002 Uletan etxebizitza, "COAVN 2003" lehiaketako eraikuntza atalean finalista geratu zena; 2002-2006 Caceresen etxebizitza, "Civitas Nova" sarian finalista geratu zena; eta 2009-2011 Eturan etxebizitza.

Bizitza sozialen inguruan ere lan handiak egin ditu. Aurrekontu urria dela eta, Espainian etxebizitza sozialentzat irudimen handiko soluzio gutxi daude. Ordea, Ercilla etxebizitza sozialen alde atsegina bilatzen saiatu da. Bizigarritasuna, bizikidetza-espazio eta malgutasuna gisako kontuekiko kezka handia azaldu du.

Honen adibide da Miguel Angel Campo arkitektoarekin batera 1998-2002 urteetan zehar Gasteizeko Lakua auzoan eraikitako 168 etxebizitza sozialen proiektua. "Visesarako Meritu Lehiaketan" lehen saria lortu zuen, "Veneziako IX Bienalean" aukeratua izan zen eta "2003ko Arkitektura Sari Nazionalean" aukeratua izan zen.

Bost solairuko bi bloke paralelok osatzen dute multzo hau. Oso proiektu arriskatu eta berritzailea izan da, materialen erabilera eta etxebizitzen kontzeptua ulertzeko modua dela eta. Famili bakoitzaren beharretara egokitzeko etxebizitza flexibleak eta auzoteriarentzako espazio komunitarioez hornitutako blokeak sortu dituzte. Etxebizitza bloke bakoitzerako sarrera barne patio batetik egiten da. Arkitektoek auzoteriaren eremu komun gisa definitu dute honakoa eta Gasteizko klimari erantzunez, beiratez inguratuta dago. Eraikuntza sistema zehazki modular eta industrializatua da. Altxaera panel arinekin osatzen da, ganbera aireztatu batekin eta fatxadetako zuloen antolaketa erregularrak etxebizitzen antolaketa malgua errazten du. Gainera, gune hezeak (sukalde eta komunak) etxearen barneko aldean kokatuta daude, pisu bakoitzaren distribuzio pertsonala ahalbidetzeko. Modu berean tabikeak pladurrez egin dira desmuntatzea errazteko, gelak handitu zein loft-ak antolatu ahal izateko.

Honetaz gain, besteak beste, 2004-2009 urte artean 190 etxebizitza eraiki ziren Salburuan eta "2004 Ensanche XXI" lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen; 2006-2009 urte artean 168 etxebizitza Zabalganan eraiki ziren, zeinekin " 2009 Ensanche XXI" lehiaketan lehenengo saria irabazi zuen eta "COAVN 2010" lehiaketan finalista geratu zen.

Bere karrera luzea izan bada ere, errekonozimendurik handiena 2007 urtean datorkio, Gasteizko Alde Zaharreko Eskailera Mekanikoak eraiki eta gero, zeinei esker, "Arkitekturako Bienal Espainoleko" saria jaso zuen.

Eskailera mekanikoen proiektuaren oinarria, 1993 urtean Campo arkitektoarekin batera eginiko Gasteizko bi espazio esanguratsuen birgaitzeko proiektuan dago. Birmoldaketa honekin zentro kultural bat sortu zuten, Montehermoso Jauregia eta Ur Depositu zaharra. Hiriaren punturik altueneko muinoan kokatuta, zaila zen iristen eta eraikina inkomunikaturik geratu zen, bisitak oso urriak izanik. Hau honela, 12 urte geroago, Ercilla eta Campok lortu egin zuten irisgarritasuna hobetzeko arrapala mekanikoen eraikuntza aurrera eramatea. Bakartasunaren Kantoian 4 atalez eta San Frantzisko Kantoian 3 atalez osatuta dagoen multzoa da. Gasteizko neguko muturreko klimari aurre egiteko eta ikuste inpaktua murrizteko asmoz, arrapalak osorik estaltzea erabaki zen. Estaldurarako altzairu herdoilezin eta beiraz osatutako portiko bat aukeratu zen oinarri gisa. Pelikula bateko fotogramen antzera, biraketa desplazamendu txikiekin errepikatu egiten da ardatz birtual baten inguruan, metro bateko distantziako sekuentziekin. Erabiltzaileak hautematen duen biraketa mugimenduaren sentsazioa, arrapala beraren labainketarekin indartuta ageri da. Kanpoaldean, portikoek figura tridimentsional konplexu eta dinamikoa osatzen dute. Lekuarekin elkarrizketan ari den arkitektura bat sortzen da eraikuntza erraz eta azkar bati uko egin gabe.

Eraikin publikoen diseinuari jarraiki esanguratsuak dira 2004 urtean Bilboko Musika Kontserbatorioa eta 2006 urtean Antso Jakitunaren Fundazioa. Azkeneko hau Gasteizen kokatzen den Euskal Kultura eta Historiaren Dokumentazio eta Inbestigazio Zentrorik nagusiena da. Hilerri zahar baten errekuperazioa abiapuntutzat hartuz eraikina garatu egiten da. Programak biltegi azalera handiak behar dituela eta, hauek sotoan ezartzea erabaki zen. Bilera gela, zuzendaritza eta zirkulazio espazioak hilerri zaharrean ezartzen dira. Proiektuaren ideia nagusia eraikin zaharra beirazko kutxa berri baten barnean gordetzea da, sotoa argiztatzeko bide batez. Honetarako hilerriaren perimetro osoan eraztun bat hustu egiten da. Proposamenak eraikin zahar eta berriaren elkar bizitza bermatzen du.

2007 urtean Krea Arte Zentroa diseinatu zuen Ercillak. Espazio berritzaile bat da, sorkuntza garaikidearen erreferentzia puntu internazional eta nazional izateko asmoa daukana. Gasteizko hedatze eremu batean kokatzen da konplexu hau, non komentu neogotiko zahar bat eta beira eta altzairuz eraikitako egitura berriak elkar bizi diren. Proposamenaren oinarria Komentu zaharra eta eraikuntza berriaren arteko elkarrizketan dihardu. Eraikin berriak korridore forma dauka, eraikin zaharraren inguruan sigi-saga egiten du eta bere gainetik altxatzen da klaustroan barneratzeko.

Ikono gisa ulertzen da, itxura formal eta irmoa dauka. Bi eraikinek aparteko irakurketa daukate, eta haien artean alderatzen dira lehia formalik ezarri gabe. Modu berean eraikin berriak lehendik zegoen eraikinaren balioa handitzen du. Fatxada berria, beira desberdinetako geruza anitzez osatuta, bi eraikinen arteko kontrastea indartzen du. Aldi berean, aukeratutako itxiturak egituraren eta formaren irakurketa garbia ahalbidetzen du. Espazio zabal eta garbiek, arkitektura tradizionalaren berezko espazioei kontrajartzen dira.

Ercillak hitzaldiak eta publikazioak ere egiten ditu. Bestalde, bere lanak erakusketa eta hitzaldien bitartez ere aurkeztu ditu, bere lanak eta arkitektura ikusteko modua zabaltzeko.