Dantza

San Roke Ezpata dantza Deban

Prozesioa eta dantzaren inguruko idatzizko aipamen zaharrena Aita Floresena da, 1845ekoa. Bertan zortzi mutil aipatzen ditu eta horietako batek Karlos III.aren xingola zeraman. Binaka egiten dute dantza irudiaren aurrean eta ezpata bat daramate eskuetan horregatik hartzen du izen hori.

Historian barrena hainbat aldaketa izan dute janzkera dela eta, une honetan honelakoa delarik: alkandora eta galtza zuriak, espartin zuriak gurutzatutako zinta gorriz hornituak, gerriko eta banda gorria eta txapela gorria. Eskuin aldekoak banda gorria badaukate ere, beste aldekoak banda urdina daramate, bi besoetan begiztak dituztelarik. Kapitainak bi banda dauzka bata urdina eta beste gorria. Makilen bitartez elkar lotzen dira. Horiek ere zinta zuri eta gorriz dotoretzen dituzte. Kapitainak erabiltzen dituen makilek, berau berezia izanik, kirten propioa daukate.

San Roke Ezpata dantzak bi doinu desberdin dauzka. Batetik, talde osoak burutzen duena. Bi ilaratan jarrita, makilen bitartez elkarri helduta, dantza egiten dute Kapitainaren zuzendaritzapean. Paseo modura edo, 5/8ko doinuari so eginez, makilez eginiko arku edo zubiak zeharkatzen dituzte, atzera eta aurrera eginez. Bestalde, Kapitainak berak eginiko dantza daukagu (5/8 eta 2/4 doinuak). Berak bakarrik aurrea eginez makilak astintzen ditu, banaka edo biak batera. Bukatzeko belaunikatu egiten da santua agurtu nahian. Inolako zalantzarik gabe, San Roke Ezpata dantzak edo San Roke esku dantzak baditu hainbat ezaugarri antzeko edo pareko inguruko dantzekin erkatuz gero, besteak beste, makilak edo ezpatak: Lesakako Makil gurutze (dantza); Xemeingo Ezpata dantza; Antiguako Ezpata dantza Zumarragan edota Legazpiko Herriko dantza.