Dantza

Lesakako dantzak

Lesakar ezpata-dantzariak uztailaren 7an dantzatzen dira urtero San Ferminen ohoretan. Dantza-taldea kapitain batek eta gazteen kopuru bikoitiak osatzen dute, hura aurrean doala, hauek bi ilaratan banatuta, atzetik. Ohikoena hamabost izaten dira, baina hamahiru zein hemeretzi ere izan daitezke. Zenbait dantzatarako makilak erabiltzen dira elkarren lotzeko. Zuriz jantzita joaten dira, bularraldean gurutzatutako eskapularioak eta kolorezko xingolak eramanez, bai eta oinetan alpargatak eta aztaletan kaskabiloak ere.

Jai egunean, txistulariak eta ezpata-dantzariak mezara joan ei dira goizean goiz San Martinen parrokiara eta gero Casinon hartzen dute hamaiketakoa, udalak gonbidatuta. Udal korporazioa laguntzen dute meza nagusira joateko egin ohi duten bidean. Mezara iritsita, Santua buru duen segizioaren buru izaten dira. Joan-etorri hauetan barrena, dantzariak makil gurutzea dantzatuz joaten dira, makilekin elkarri hartuta. Makil gurutzean zehar, dantzariek, kapitaina buru dutela eta makila elkarri emanik, bilbe edo egitura moduko bat osatzen dute beren buruen gainetik, dantzariak guztiak bere azpitik pasatzen direlarik. Mugimendua kapitainak hasten du taldearenganako bira eginez, makilak, askatu gabe, bere buruen gainetik jasota. Irudia noranzko bietan osatu ahal da eta behin eta berriro kateatu. Makil gurutzeak ez du berezko doinurik gorde eta, XX. mendeko berrogeigarren urtetik hona, Santiago Irigoien txistulariak konposatutako Hiria biribilketa herrikoiarekin eta musika-bandak jotzen duen Napoleones pieza ezagunarekin dantzatzen da.



Beheko Plazan eta Plaza Zaharrean segizioa geratu egiten da, kapitainak lehenengo bi dantzarien bi makilen puntei heldu eta, honela, Lesakako erritoko bigarren dantzari ekiten dio: zeharkakoa. Dantza hau bizia eta urduria da oso, alboetaranzko mugimenduez eta ostiko bizkorrak darabiltzana, zintzarri edo kaskabiloen soinuez azpimarratuta. Doinuak badu Berako beste melodia herrikoi baten antza eta deia gipuzkoar dantza horretan erabili ohi den bera dugu. Nahiz eta egitura erritmikoari jarraiki 5/8tan idatzi ohi den, txistulariek 6/8 gisara jo ohi dute ia-ia, beste euskal dantza batzuetan ere gertatzen den bezala. Zeharkakoa edo 'ziarka' hiru alditan dantzatzen da goizeko protokoloan zehar. Dantzarien taldea, kapitaina aurrean dela, uve itxuran jartzen da eta makilen bidez lotuta mantentzen da. Dantzariek eta, hortaz, taldearen alboetaranzko mugimendu markatu honek (zeharkakoak) izan ahal du dantzaren deituraren oinarri.

Eskol Txiki etxe arkupedunera iristerakoan, segizioa gelditu egiten da Onin ibaiaren ondoan eta bertan dantzatzen dute dantzariek ziklo erritualeko dantzetan hirugarrena: Zubi gainekoa, berezitasun gisa, ibaiaren alde horretan ubidea osatzen duten karel bien gainean dantzatu ohi dena. Hiru ibai txikik zeharkatzen dute Lesaka, hiruotan garrantzitsuenak, Onin ibaiak bi auzotan banatzen du hiribildua, Pikuzelaia eta Legarrea. Esan ohi da bertako auzoak elkarren aurka bizi zirela XV. mendera arte, sute ezin bortitzagoaren aurka egin beharrak batu zituen arte eta lotura hau oroimenezko dantza batez ospatu zen ibai banatzailearen kareletara igonik. Hortxetik hartzen du izena. Zubigainekoa dantzatzeko zeharkako dantzan erabiltzen den melodia bera erabiltzen da, bai eta oinarrizko urratsa ere, aldaketatxoren bat eginda; izan ere, karelaren gainean dantza egin beharrak aurre-atzera mugitzera behartzen baitu. Dantzariek ibaiaren aldeko eskuaz heltzen diote makilari eta dantzari ekiten diote kapitainak hiru jauziak bota eta guztiok gur egin ostean. Hormaren zabalak behartuta, beren buruaren gainean bira eta bira aritzen dira, bizkor, arin eta begi-bistako arriskuaz. Behin baino ez da dantzatzen prozesioan zehar eta ezagunen eta esanguratsuena da dantza-multzo honetan. Karel gaineko dantzarien irudia hiribilduaren beraren tasun eta ezaugarri bilakatu da.

Zubigainekoaren ondoren, banderaren astintzea egiten da, bandera arboltu, zubitik bertatik eta ibaiaren ubidearen gainetik. Astintzea bestelako besta eta jaietan ere errepikatzen da eta Bandera arbola izeneko melodiaren erritmora egokituta egiten da, nahiz eta Lesakako Tantirumairu melodiaz ere, San Juanetan ohikoa, horretarako erabiltzen den. Bandera beranduago ere astinduko da, udaletxeko balkoi nagusian goititu baino lehen, ezpata dantzariek egindako azken ariketa egin ostean, makilekin ohorezko arkua egingo diotelarik.

Arratsaldean, Plaza Zaharrean, bigarren dantza-sorta bat egiten da, nahiz eta goizean zehar burututako zikloaren solemnitaterik ez duen. Hala ere, dantza hauetan parte hartzen duten ezpata-dantzariak behar bezala jantzita daude. Arratsaldeko ziklo hau gizarteari irekiagoa izaten da, parte hartze libreagokoa, herrikoia, ez grazia eta gatzik gabea eta emakumeek ere dantzatua. Mutil dantza (mutilek dantzatua), neska-dantza (neskekin), aurreskua (Euskal Herri osoan izen horrekin edo agurraren izenaz ezagutzen den dantza bera, nahiz eta estiloz ezberdin), Jota eta Porrusalda dantzak egiten dira. Arratsaldeko erritua hau, seguruena, festarako esparru baten aldaeratik eratorria da, dantza herrikoia ardatz eta muin delarik. Laburki esateko, auzotarrek utzi eta, hauek utzi ahala, ezpata-dantzariek bere egin zuten dantza baten erritualizazioa da. Dantzariek jantzi errituala janzten dute baina makilarik gabe. Honako hauek dira dantzatzen diren piezak, osorik hartuta soka-dantza edo esku-dantza bat osa lezaketenak:

Mutil-dantza gizonezkoek dantzatzen dute, bakarrik, ilara bakarrean eta Plaza Zaharraren inguru osoan, kapitaina buruan dutela. Hasiera edo zirkulua osatu ahal izateko atal motelaren ostean, bira arin eta jauzi kementsuez beteriko dantza da. Lesakarrek letra ere jarri diote atal honi, dantzari izena ematen diona:

Zalza Monona Zalzate (también Santxo Monona)
Biligarrua alkate
zizare buzta natetik
preso eramate.

Doinu bera Arantzan ere dantzatzen da. Dantza amaitu ostean eta, soka-dantzaren zeremonian bezalaxe, bigarren eta azkenaurreko dantzariak irteten dira nesken bila. Andrazkoak behar den ordenaz sokara sartu eta gero, neska-dantza egiten da. Soka-dantza honetan oso parte hartze txikia dute emakumezkoek. Neska-dantzaren ondoren, aurreskua dantzatzen da, kapitainak, txapela eskuan duela, dantzatzen duena, andrazko kapitainari eskainitako agur gisa. Aurreskua -izen hori soka-dantza zabalagoko lehenengo dantzariak edo aurreskulariak dantzatzen duelako du- gipuzkoarraren antzekoa da eta, Lesakako tradizioari jarraiki, kapitainaz kapitain transmititu nahi da.

Arratsaldeko zikloa jota eta porrusaldarekin amaitzen da, neskek eta mutilek osaturiko zirkuluerdi bitan osaturiko zirkulu handi batean dantzatzen direnak. Amaitzeko, berriro eta azkenik, neska-dantza dantzatzen dute.

Dantza-saioaren protagonistei ezpata-dantzari esaten zaie, nahiz eta arma hori erabili beharrean, makila apaindua darabilten. Onartu egiten da dantza-multzo hau ezpata-dantzen barruan oso delako pentsatzekoa makila erabiltzen dela baliatutako tresna aldatu egin zela. Eskemak berak ere ezpata-dantzaren fisonomia bertsua agertzen du, gipuzkoar dantzenarekin parekatuz gero: taldea osatzen da kapitaina aurrean duela eta makilekin loturik, makilak ezpata edo pordoi bailiren erabiltzen dira, armaduraren pikoa, egitura erritmikoa, deia, kapitainaren bakarlaritasuna eta abar.

Lesakako dantza deskribatu berriok erlazioa ere erakusten dute urari buruzko Donibaneko solztizio-erritoekin -hala ager liteke Lagarrea eta Piku-zelaia auzoko gazteek hurrenez hurren egiten zuten mairu eta kristauen ikuskizunean- eta beren distira eta bertakoekiko lotura estua Gorpuzti-egunari zor zaizkio, Lesakako zaindaria ez baita Fermin artzapezpiku gurtua, San Martin parrokiako titularra baizik. San Ferminen festa urrian ospatu zen 1591. urte arte; orduantxe iragan baitzen uztaileko lehendabiziko igandera, hilak 7, Iruñean bertako jai famatuekin batera jarrita. Nafarroako zaindari kidearen festari loturiko erritoen jatorria San Joanen jaian nola Gorpuzti-egunaren festa distiratsuan bilatu behar da, zenbaitetan, eguzki eta ilargiko egutegiek bat egiten dute eta, batera suertatu ohi direnak. Lesakako dantzen berezko esangura sinbolikoa -ezpatak, alderdi borrokalariak, ubide ondoko konbatea, arma-ganga eta abar- interpretatzerakoan, udaberriko solstizioaren argitara egin behar da nahitaez,

Janzkerari dagokionez: ezpata-dantzariak alkandora eta praka zuriak, alpargata zuriak apaingarri gorriekin, kotoi gorrizko gerrikoa eta txapel gorria janzten ditu, bai eta eskapulario ikusgarria ere, honen gainean kolore anitzeko zetazko zinta-pare bi direlarik. Praketan, aztalen aldean, kaskabiloz beteriko ehun zati bi ere badaroaz. Alpargatek espartzuzko zola dute eta ehunaren goiko atalean azpildura gorria daramate, aurreko atalean, oin-bularrean begizta osatuz.

Eskapularioa errektangeluarra da bere bi ataletan (27 x 14 cm). Bi atalok zinta gorriekin lotuta geratzen dira (3 x 50 cm batez beste), sorbaldetatik (scapula latinez) eskegita, bularraldetik bizkarraldera doazelarik. Trinkotasunik lortzeko, neurri bereko kartoi edo artehun bat erabili ohi da, brodatua daraman kolore zuriko satin edo zetazko ehunez estalitakoa. Errektangelu bakoitzean hiru atal ezberdin agertzen dira, beste horrenbeste motibo edo apaingarrirekin. Muturretakoak berdin-berdinak izan ohi dira eta erdikoak diseinu nagusia darama, nahiz albokoen berdina ere izan daitekeen. Erabilitako gaiak era askotarikoak dira: loreak, apaingarri tipikoak eta, oro har, Karmengo Ama Birjinaren irudiak. Eskapularioaren gainean kolorezko zetazko xingolak jartzen dira bular eta bizkarraldean gurutzatuta, 10 edo 11 cm zabal. Hortaz, dantzari bakoitzak lau xingola daramatza, lau kolore ezberdinetakoak. Gainjarritako xingola-pare bakoitza elkarri lotzen zaio saihetsetan, aldaken altueran, 30 bat zentimetrotako atalak libre geratzen direlarik.

Kapitainaren eskapularioa ikusgarriagoa da. Aurreko aldean ikus eukaristiko bat eramaten du, Gorpuzti-egunarekiko harremana agertzen duena. Erdiko ikur nagusi honen alboetan San Ferminen irudiaren brodatua jartzen da, Iruñeko San Lorenzo parrokian den irudiaren antzekoa, eta beste irudi bat, aurrekoaren antzekoa, Lesakako zaindaria den Tourseko San Martinen irudia dena.

Zintzarriei eusteko piezak oihal edo feltro gorrizkoak dira aurreko aldetik eta atzetik hari zuria. 23 cm luze eta 18 cm zabal dira. Belaunpeen parean jartzen dira. Lau irekiune bertikal dituzte, beren artean 4,5 cm direla. Bai irekiuneek nola piezaren kanpoko hegalek txirikorda zurizko azpilduraren akabera dute, zentimetroaren zabaleraz. Pieza hauetariko bakoitzak hamabost begizta distantziakide daramatza, zentimetro beteko zabal eta hiru luze duen xingolaz eginak. Bi kolore erabiltzen dira piezako xingoletan (beste bernan erabilitakoekin bat etorrita). Oihalari xingola tolestua josten zaio eta honen gainean, beste bat, kolore ezberdinetakoa, bi hauen artean gurutze bat osatuz, kaskabiloa honen gainean jartzeko. Hamabost kaskabiloekin, zein bere begiztaz, hiru ilara horizontal osatzen dira, bosna kaskabilo ilara bakoitzean. Kaskabiloak letoizkoak dira, tamaina ertainekoak. Pieza hauek bi zintaren bidez lotzen zaizkio prakari, bata urdin, bestea gorri, hegal biak bernaren inguruan lotzen dituztenak. Behin praketan jarri ondoren, kaskabiloak zangoen kanpoko alboetan geratzen dira. Bada beste modelo bat modernoagoa, lau irekiune izan beharrean hiru dauzkana, guztira hamasei kaskabilo dituena.

Dantzariek txapel gorria daramate buruaren estalgarri, adatsari eusteko zerabilten zapiaren ordezko dena, XIX. mendearen erdi aldetik aurrera agian.

Emakumeek parte hartzen dute arratsaldeko dantzaldian, festarako jantzia jarrita. XX. mendearen bigarren erdian, jantzi zurien erabilera nagusitu zen, inguru hartako modeloa nabarmenduz, gona eta blusa zuriek eta aurreko aldean kordoien bidez estututako gerruntze gorriak osatuta. Belauna estaltzen duen toles handiko gonak bi xingola gorri ikusgarri agertzen ditu barrenean. Xingola gorriko alpargata zuriak zeramatzaten. Emakume "kapitainak" zapi ikusgarria erakutsi ohi dute sorbalden gainean. Egungo jantzia Francisco Arrarás Soto iruindar folkloristaren ideia da eta janzten dira kolore ezberdinetako oihalezko gona luzeaz, blusa zuriaz, gonarenaz beste koloreko gerruntzeaz, zapi zuriaz bururako eta zapata beltzez, nahiz orain berriz alpargatak nagusitu diren. Gerritik zintzilik, bi zapi zuri tolestu eramaten dituzte, aurreko modeloetan bezala, neska dantzarako erabiltzen direnak. Dantzariek berek esanda, jantzia zinez astuna eta berogarria da. Areago, oihalezko jakatxoa ere bazeukan, apenas erabili dena.