Kontzeptua

San Martin Txiki

San Martin Txikiren legendak, ezaugarri bitxi eta ez ohiko mordoa biltzen du bere baitan. Lehengoz eta behin, protagonistaren santutasuna. Izan ere, inguruko kulturetan ez bezala, hagitz gutxi dira Euskal Herrian, santu bat protagonistatzat duten historiak, eta hau gertatzen den apurretan ere, beste ezaugarri batzuk aurki daitezke. Santuen parte hartzea erakusten dituzten istorio gehienak santu horien ermiten ingurukoak izan ohi dira. Herria zatituta dago ermita eraiki beharreko lekuari buruz, batzuk han nahi, beste batzuk hemen, eta santua, gauez eta inork ikusi gabe, gizonek pilatutako materialak bere gustuko lekura eramaten ditu, halako batean jendeak ulertzen duen arte santuaren gogoko lekua zein den. Ugarienak diren hauez gain, San Migelen agerkundea dugu Goñiko Teodosioren legendan, baina zalantzarik gabe bertako heroi eta protagonista Teodosio bera da, eta San Migelen rola azken uneko agerpen zerutiar erabakigarria burutzea da. San Martin Txiki santu-heroi motako eredu bakarra dugu euskal mitologian. Santu-heroi eredua, sinkretismo kristau-indoeuroparraren emaitza ezaguna dugu. Indoeuropar legendetako hainbat eta hainbat, errege, jauntxo eta gerlari ospetsu, santu bihurtzen dira sinkretismo horren ondorioz. Izan ere, santuek euren izaera bera sinkretismo horri zor diotela esan daiteke. Beraz, San Martin Txikiren atzean mitologia indoeuroparreko pertsonaiaren bat ezkuta daitekeela pentsa daiteke. Bestalde, San Martin Txikik erauzten dituen sekretuen jabe nor diren erreparatu behar zaio. Basajaunak, talde moduan, Basajauna bakarka eta Deabrua, bertsioen arabera. Hona bigarren bitxikeria, deskribatzen zaizkigun izakiak jentilak baitirudite basajaunak baino. Basajauna, basoko izaki bat da, mendian dabiltzan abereei loturikoa, hauek eta abeltzainak zaintzen dituena, piztien etorrera iragarriz edo saihesten lagunduz. Basoari eta naturari lotzen zaio bere izaera, bai eta bere itxura iletsua ere, ez gariari, nekazaritzari edo industriari. Barandiaran berak, jentilen legenden aldamenean kokatzen du pasadizoa, eta azpimarratzen du basajaun izen horren azpian bi izaki zeharo diferenteak nola bildu diren. Hirugarren bitxikeria morroiarena da. Badirudi heroia San Martin Txiki izan arren, zenbaitetan morroiak egiten duela lan gehiena, maltzurkeriazko aldarriak zabaltzen dituenean eta Basajaunari edo Deabruari sekretuak erauzten dizkionean.

Oraindik ez dugu aurkitu San Martin Txikiren legendaren ahaidetzat aurki daitekeen kontakizunik Europan. (Prometeoren legenda dugu greziar mitologian, baina han, lapurtutako sekretuaren jabeak jainkoak berak dira, eta ekintzak zigor ikusgarria dakarkio protagonistari. Ezin da esan zuzenean loturik daudenik, ezta lotura zuzen hori oso urrutiko bezala irudikatuta ere). Agian izango da nonbaiten baina ez dugu ezagutzen oraino. Halere, aipatu hiru bitxikeriek argi eta garbi erakusten digute, bertsio ahaide baten ezean ere, legendaren jatorria: Eskandinavia.

Santutasunak erakusten digu heroi indoeuropar bat dagoela atzean. Jentilen ezkutuko presentziak erakusten digu ipar Europako kultura baten baitan bilatu behar dela heroi indoeuropar hori, eta teknologia maila altuak eta morroiaren bitxikeriak murrizten dizkigute esparru hori, Eskandinaviako aukera baino uzten ez dutelarik.

Komentatu dugu Erdi Aroko Europa errege eta gerlari izandako santuz beterik dagoela. Bakar batzuk baino ez aipatzearren, Gorka Deuna, Migel Deuna, edo gure pertsonaiaren atzean dagoen Tourseko San Martin bera ere. Santu hauek indoeuropar kulturak kristautzerakoan sortutako sinkretismoaren emaitza dira. Kristautasunak ez du mota horretako sinkretismorik sortu euskal paganismo zaharrarekin nahasterakoan, eta beraz, horrek erakusten digu San Martin Txikiren atzean heroi indoeuropar bat ezkutatzen dela, eta heroi hori Euskal Herrian zegoela kristautasuna heldu zenean. Muskiako basajaunen atzean jentilak ezkutatzen direla erreparatu ezkero berriz, heroi indoeuropar bat eta jentilak aurkakotzen dituen kontakizun baten aurrean gaudela ohartzen gara. Bertan jentilak dira galtzaile eta beraz, indoeuropar ikuspuntutik kontatzen da legenda. Mota honetako kontakizunak oso arruntak dira ipar Europako kultura indoeuropar bietan, hots, zeltan eta germanikoan (eskandinaviarrean). Biotako baten eraginez legoke legenda euskal mitologian txertatuta. Azkenik, auzian agertzen diren bi ezaugarrik zelten aukera baztertzera garamatzate eta eskandinaviarra hobestera. Lehena, jentilei aitortzen zaien teknologia mailan datza. Britainiar irletan gorde den mitologia zeltikoan, erraldoiak oso modu ezkorrean ageri dira beti: inozoak dira, baina gainera zabarrak, zikinak, kirasdunak, eta orohar, hagitz primitiboak. Erraldoiak oso indartsuak dira baina ez dute bestelako dohainik ez eta zer erakutsirik. Eskandinaviar mitologian berriz, argi eta garbi azpimarratzen da hainbat legenda eta pasadizotan, erraldoiak inozoak izan daitezkeela eta engainatzeko errazak, baina aldi berean jakituria handien jabe direla, munduan hain aspaldi denik egonda, ezagutza zabala metatu ahal izan dutelako. Nekazaritza eta hainbat industriaren sekreturen jabe diren basajaun (jentil) horiek ezin dira zelten mitologiatik ekarriak izan, bai ordea eskandinaviarrenetik. Eta azkenik, aipatu dugun morroiaren motibo bitxiak adierazten digu San Martin Txikiren atzean dagoen pertsonai indoeuroparra zein izan daitekeen: Thor, eskandinaviar mitologiako jainkoa.

Thor-en ezaugarri nagusia erraldoiekin etengabe auzitan eta liskarrean aritzea da. Eskuarki auziak bortizkeriaz eta bere Mjölnir izeneko mailu harrigarriaren indarrez konpontzen dituen arren, amarruak erabiltzen ere badaki, Alvis ipotxa eguna argitu arte berriketan luza dadin eragiten duen pasadizoan erakusten duenez. Baina gainera sarritan laguna izan ohi du Thor-ek aldamenean, bere erraldoien aurkako ibilaldietan. Lagun hori batzuetan Loki jainkoa da, hizketa bidezko amarruen maisua, beste jainkoei sekretuak erauzten espezialista, besteak beste. Izan ere, San Martin Txikiren atzean Loki bera ote dagoen ere pentsa liteke, hizketa bidezko amarruei eta sekretuak amarru horien bidez erauzteko gaitasunari begiratu ezkero. Gainera, Loki-ren goitizenetako bat "Arotz gezurtia" da, eta morroirik ez badu ere, bera gai da bere itxura aldatu eta beste izaki edo animalien eitea hartzeko. Dena den Thor-ek badu gainera lagun egiten dion beste pertsonaia, eta azken hau gainera, bere morroia dela esaten da esplizituki. Areago, Thialfi deitzen den morroi hau, legenda ezagun batean, nagusiaren aurretik abiatzen da Thor-en aurka borrokatu behar den erraldoi batengana, eta gezurrezko hainbat argibide ematen dizkio Thor-i buruz, horren bidez erabat babesgabe uzten duelarik borroka garaian, bere nagusiaren garaipenean eta erraldoiaren heriotzan berebiziko garrantziko esku hartzea erakutsiz.

Beraz, konklusio gisa zera esan dezakegu: San Martin Txikiren legenden zuzeneko arbasorik ez dugu; eskandinaviar mitologiako ereduok Norvegiako testuetatik ekarriak dira, Euskal Herriko eragin eskandinaviarraren atzean bide dauden daniar eta suediar kulturetatik urrutien dauden testuetatik alegia. Eskandinaviar mitologiaren esparrutik atera gabe, erdi aroko norvegiar testuak eta suediar folklorearen artean sarritan agertzen dira horrenbesteko alde eta lerratze semantikoak esparru ideologiko bereko motiboen inguruan, eta arbaso zuzena ez aurkituak beraz, ez du eskandinaviar adierazpidearen indarra ahultzen. Azaldutako ezaugarri berezi guztiek, San Martin Txikiren pasadizoak eskandinaviar mitologian sortutako sinkretismoaren fruitutzat hartzera garamatzate, zalantza izpi bakarra, santu txikiaren arbasoa zein den esateko garaian, Thor ala Loki-ren artean erabakitzea litzatekeelarik.