Kontzeptua

San Martin Txiki

Ohi bezala, gehienbat Joxe Miel Barandiaranek bildutako materialetan oinarritzen gara. Haren Ataungo sorterriko bertsiorik ospetsuenak kontatzen duenez,

"Denbora batean Muskiko koban Basajaunak bizi izaten omen ziren. Han inguruko mendi gainetako lurrek erabilita, sekulako gariak biltzen omen zituzten. Beheretan kristauek bizi omen ziren eta artean ez omen zuten garirik ereiten, gari hazirik ez zuten eta. Behin Sanmartintxiki, botin handi batzuk jantzita, igo omen da Muskiko kobara; eta hango gari pilak ikusita beraiei zeinek saltoka arinago eragin Basajaunekin apustu egiten du. Baita Basajaunek berealdiko errun eragin omen zien; Sanmartintxiki berriz gari pilaren erdira erori omen zen; baina baita botinek gari alez bete ere. Gero, handik alde eginda, Sanmartintxiki bere etxera zetorrela, Basajaun bati bururatu omen zitzaion hark botinetan gari hazia zeramala, eta hartu aizkora txikia eta bota omen zion; baina ez hura harrapatu. Aizkora txikia Olasagastiko gaztaina ipurdi batean sartu omen zen. Kristauek ez omen zekiten garia noiz egin; baina halako batean baten batek Basajaun bati aditu omen zion nola algaraz egiten zuen: ¡Ja jaaai! Balekite, hartuko lukete: Orri irtete arto ereite. Orri erortze gari ereite. Eta San Lorentzotan arbi ereite. Ordutik zabaldu omen zen garia herri denetara" (Barandiaran, 1972-73).

Ataundar jakintsuaren hitzekin jarraituz, hona San Martin Txikiren gainerako lorpenak.

"Legenda honen aldagaiak Kortezubin, Mutrikun, Zegaman, Oiartzunen, e.a. aurki daitezke. Basajaunak zerrak egiten zituen, Oiartzungo legenda baten arabera; ez ordea San Martin Txikik, horretarako eredurik ez baitzuen. Sekretua erauzi nahian, morroia bidali zuen herrira, San Martin Txikik zerra egiten asmatu zuela aldarrikatzeko bertan. Hau entzunda zera galdetu omen zuen Basajaunak: "Ikusi al du, bada, zure nagusiak gaztaina hostoa?" -"Ez du ikusi; baina ikusiko du" erantzun zuen morroiak. Gaztainaren hostoari begira egin zuen San Martin Txikik bere aurreneko zerra. Basajauna gauez San Martin Txikiren aroztegian sartu zen, zerrarik egin ote zuen ikustearren. Zerra ikusita, hortzak ezker-eskuin okertu zizkion hura hondatu nahian, baina horrela hobetu egin zuen, entrama sortu baitzuen, zerraren mugimendua arinago bihurtuz. Geroztik zabaldu zen munduan zerrak egiteko teknika. Antzeko maltzurkeri batez lortu zuen San Martin Txikik jakitea, basajaunak burdinaren soldadura nola egiten zuen bere aroztegian, Kortezubiko legenda batek dioskunez. Burdina soldatzeko prozedura asmatu zuela aldarrika arazteko agindu zuen. Basajaunak zera galdetu zion aldarrikariari: -"Buztin-uraz busti al ditu, bada, Martin Txikik burdin zatiak?" -"Ez du egin baina egingo du", erantzun zion aldarrikariak. Eta basajaunari edo deabruari erauzitako beste sekretu honen jabetzari esker, burdina soldatzeko teknika munduan zehar zabaldu zen. Sarako legenda batek diosku San Martinen errotako ardatza haritzezkoa zela eta erre egiten zela sarritan, lanerako balio ez zuela geratuz. Deabruaren errotan berriz ardatzak luzaroan irauten zuen. San Martinek aldarrika arazi zuen bere errota etenik gabe ziharduela jada. -"Altzazko ardatza jarri diola esan nahi du horrek" - esan omen zuen deabruak. -"Jarriko dio"- ihardetsi aldarrikariak. Eta honela, San MartinTxikiren maltzurkeriari eskerrak, gizakiek mundu osoan gozatu ahal izan zuten erroten onurez" (Barandiaran, 1972-73) (Itzulpen moldatua gazteleratik).