Arkitektura

San Bizente Martir Parrokia. Arriaga

San Vicente Martir Parrokia Arriaga herrian kokatutako tenplu txiki bat da. Bi atal dituen gurutze latindarreko oinplanodun eraikina da, burualdean abside poligonal bat duena. Bertako arkitektura-elementuei so, XV. mendearen amaieraren eta XVI. mendearen lehen erdiaren artean koka daiteke, Arabako Lautadako parrokia-tenplu asko bezalaxe. Nabe guztiak garai hartan ohikoak ziren tertzelete-gangekin estaltzen dira eta haietako giltzarrietan hainbat erliebe ikus daitezke, esate baterako, patroiarena, San Vicente martiriarena, eta baita San Pedrorena, San Joan Bataiatzailearena, San Bartolomerena edo San Andresena ere, irudi geometriko batzuekin batera, izarrak kasu.

Arriaga (Álava). Fot. Mariano Estornés Lasa

Burualdeari atxikita dago sakristia, XVIII. mendearen erdialdeko eraikuntza soila, Domingo Antonio de Olaguibelek eraikia. Halaber, dorrea ere tenplua baino berantiarragoa da kronologikoki, fintasun neoklasiko itzeleko obra ederra, Justo Antonio de Olaguibel arkitekto gasteiztarrak 1789an egindakoa. Dorreak, gainera, jatorrizko itxura mantentzen du. Prestakuntza Madrileko San Fernando Arte Ederretako Akademian burutu zuen arkitekto hark dotorezia handiko obra ugari egin zituen bere jaioterrian, eta dorrea onenetako bat da. Oinplano karratukoa da eta azpialdean, tenplura sartzeko arkuan, irekia da. Kanpai-multzo estilizatua du, erdi-puntuko lau arkuz irekia. Goialdeko gorputz horretako ertzak berrondoratuta daude, eta angeluetan arkitektoak ordena korintiarreko lau zutabe lau kokatu zituen, modu horretan eraikuntzaren arintasuna azpimarratuz. Obra kupula soil batekin dago burutua, linterna eta guzti. Dorreak proportzio eta harmonia ederra mantentzen du bere osotasunean, Olaguibel arkitekto handiaren neoklasizismo finduaren ezaugarriak.

Parrokia horretako burualdean erretaula nagusia aurki daiteke, 1575eko abuztuan Esteban de Velasco eskultore gasteiztarrak kontratatua. Altzari hori Arabako Erromanismoko obra goiztiarretako bat da, eta gerora berritu egin bazen ere bankuaren tapa eta santutegi barroko berriak jarrita (eta ondorioz jatorrizkoak kenduta), ez du bere izaera manierista galdu eta, esku-hartze hori egin bazaio ere elementu adierazgarria da. Bankuko tapa barrokoaren gainean, jatorrizko erretaulako predela altxatzen da bi erliebez hornituta, Azken Afaria eta Baratzeko Otoitza irudikatuz, konposizio erromanista ohikoei jarraituz.

Atal nagusian titularraren tailua dago, diakonoz atondutako San Vicente bat, dagokion martiriaren palma-adarrarekin. Alboetara, Pasioaren beste bi erliebe daude, bata Zigorraldia eta bestea Arantzazko Koroapena. Bi eszenetan Juan de Anchieta maisuak hedatutako konposizioei jarraitzen zaie, Gasteizko San Miguel erretaula amaitu gaberako egindakoa oinarritzat hartuta. Zehazki, Zigorraldiaren kasuan, lehen konposizio-ereduan Miguel Angel Buonarrottiren marrazki bat ageri da, eskultura erromanistan garrantzia handia izan zuena. Predela eta lehen atal hau lotzeko frisoan bi eszena ikus daitezke, Atxiloketa eta Kristo Apaizburuaren aurrean. Azkenik, atikoan Kristo herriaren aurrean aurkeztua eta Oinazealdirako Bidea ikus daitezke, erremate modura Kalbarioa agertzen delarik. Ohartarazten denez, erliebe narratibo guztiak Kristoren Pasioari buruzkoak dira, Jaungoikoaren Semearen heriotza loriatzeko.

Erliebe horietako irudi guztietan egundoko anatomiak ageri dira, baina kasu batzuetan proportziorik eza ikus daiteke. Erromanismo goiztiarraren adibide dira, hurrengo hamarkadetan eragin handia izan zuena Arabako artean. Kutsu manierista erretaularen goialdean etzanik eta biluzik ageri diren irudi maskulino batzuekin lortzen da, Migel Angel oroitarazten dutenak modu ekidinezinean. Mutiko horiek gainera Esteban de Velascoren estiloaren ezaugarri dira. Eskultore hura oso garrantzitsua izan zen Arabako Erromanismoan eta XVI. mendeko azken hereneko eskultura-tailerreko ekoizpenen burua.

Santutegia, aurrez aipatutako predela bezalaxe, Manuel de Morazak egindakoa da (1757), eta haren gainean Andre Maria Birjinaren Sortzez Garbiaren tailu bat ageri da, garai berekoa.

Erretaula horren alboetara bi altzari barroko txiki daude. Batean Andra Mari ikus daiteke eta XIV. mendearen amaierako data jarri ahal zaio, bestean San Sebastianen tailu Errenazentista polita ikus daiteke, desagertutako ermita batetik hartua.

Tenpluaren nabean, alboetan, beste bi erretaula daude, biak 1748an Lorenzo de Ugartek eraikiak, eta dekorazio rokokoa dute, esate baterako, arrokaiak eta "drapperie" edo horma-atal zintzilikatuak. Horietako bat Andre Maria Arrosariokoaren omenezkoa da, XVII. mendeko tailu bat duena, eta berantiarragoko beste bat, Santa Barbararena, errematean. Pareko erretaulan San Jose eta San Antonio Abaden tailuak ageri dira, eta XVII. mendeko eskultura barrokoak dira.

Sakristiaren barnean bi gorputzeko kaxoi-altzari bat mantentzen da, Benito de Odriozola arotzak eraikia XVIII. mendearen erdialdera. Bizkarraldean pintura bat ikus daiteke, Ama Birjina Haurtxoarekin eta San Lucas ebanjelista erakusten dituena. Era berean, azken kronologia horretakoa da ur-txarroa, Mañariko marmolez egina.