Arkitektura

Marques de Riscal Upeltegia. Eltziego

Gehry-ren arkitektura eskultorikoak artea eta arkitektura ulertzeko eta bizitzeko modu propio bat ezartzen du, erabat pertsonala, eskultura funtzionalak sortzen direlarik. Forma kurbo - sentsualak eta masa zurrunak konbinatzen ditu, hizkuntza arkitektoniko propio, berritzaile eta abangoardista sortuz. Kolore eta forma ezberdinen eztandak ingurunean txertatzeko balio duen mugimendua sortarazten dute.

Lurzorutik gorantz airerartzen diren prisma laukizuzenen konposizioaz osatzen da eraikina. Eraikina ardo-koloredun xafla irregularrez estaltzen da eta forma mugikorrak sortzen dira. Titanio eta altzairu xafla koloredunak urre, zilar eta arrosa kolorekoak dira, eta eguzkiaren isladarekin kolore sorta zabal eta aldakorra sortzen dute ardoaren koloreak eta paisaiaren tonoak integratuz.

Fatxada nagusiak harrizkoak dira, eta lehiateak berriz, zurezkoak (inguruko XIX. mendeko etxe tradizionalekin erlazioa sortuz eta keinu bat eginez). Erabili den are-harria inguruko etxe eta paisaien tonalitate berekoa da.