Arkitektura

Marques de Riscal Upeltegia. Eltziego

Arabako lurralde historikoan dago Eltziego, Arabako Errioxaren hegoaldean. Iparraldean, Kantabriako Mendilerroa ikusten da, eta hegoaldetik Ebro ibaia igarotzen da. Ekialdean, Lapuebla de Labarcarekin egiten du muga eta, mendebaldean, berriz, Mañueta herriarekin.

Inguru horretako herri guztietan gertatzen den moduan, ardoa eta produktu horri lotutako jarduerak dira nagusi Eltziegon. Ardogintzaren erreferentziazko gunea da, eta maila handiko upelategi ugari daude mahastiz inguraturiko herrian.

Ardogintzaz gain, San Andres parrokia eta XVII. mendeko Plazako Andre Mariaren ermita, nabarmendu daitezke Eltziegon. Historia handiko herria da, eta horren erakusgarri dira ongi egituratutako kaleetan ageri diren armarridun eraikin eta jauregi dotoreak.

Marques de Riscalen Oinordekoen ardoen egungo upeltegia 1860ko upeltegiaren inguruan eratuta dago (Errioxako upelategi zaharrenetarikoa da). Egun barriketako ardoa ontzeko erabiltzen diren instalazioen barrualdean Katedrala dago, Marques de Riscalek 1862tik ekoiztutako urte guztietako ardo botilen bilduma gordetzen duen botilategia.

Ardoaren ekoizpenak gora egitearen ondorioz, upeltegiaren instalazioak ere handitu egin behar izan ziren 1883an, 1968an eta 2000. urtean. Egun, jatorrizko upeltegiak eta Foso, Vacada eta San Vicente upeltegiak osatzen dituzte instalazioak.

Marques de Riscal upeltegi zaharrak eta Frank O. Gehry arkitekto kanadarrak diseinatutako eraikin berri batek osatzen dute Eltziegoko Ardoaren Hiria. Hotel bat, ardoterapiarako spa bat, jatetxe bat eta biltzar gela bat daude, besteak beste, eraikin berri horretan.

Marques de Riscal upelategia eraldatzailea eta berritzailea izan da sorreratik. Ardogintzan teknika frantziar berritzaileenak ezarri zituen hastapenetan, gainerako upelategiek baina pauso bat haratago, baina inoiz tradizioari uko egin gabe. Etorkizuna eta tradizioa konbinatzeko desio honen fruitua da gaur egungo emaitza.

Altzairua, hormigoi armatua eta hormigoi post-teinkatua uztartzen dituen hibrido bat da Gehryren eraikina. 25 metroko altuera du eta 4 solairutan antolatzen da.

Hormigoizko egitura: Eskilara eta igogailuak kokatzen diren hiru zutabe erraldoiak dira eraikin osoan ageri diren zutabe bakarrak. Karga bertikalak eutsi eta zimenduetara bideratzeaz gain, zehar-oreka mantendu eta karga horizontalak bideratzeko balio dute. Solairu ezberdinetako forjatu aldakorrak neurri eta dimentsio ezberdinak hartzen dituzte. Sakonera aldakorrak eta uzkurtze balioak murrizteak hormigoia dosifikatzea, faseka kokatzera eta post-teinkatua erabiltzea eskatzen du.

Egitura metalikoa: Estalkiak berezko karga handirik ez duen arren, bere forma dela eta, haizearen bultzada jasateko egitura metalikoa erabiltzen da. Habe metaliko kurbo horiek eraikineko hormetara ala zuzenean lurrean finkatzen dira. Geometriaren triangulazio teknikaz baliatzen da estalkiaren funtzionamendu egokia bermatzeko. Maila ezberdinetako altzairuzko elementuak erabiliko dira eta adar baten moduan hedatzen joango: HEB/HEB perfiletatik hasi eta T formako perfiletan hedatuz.

Estalkiaren estaldura xaflak: Altzairu herdoilgaitz, ispilu eta koloredun titaniozko 3400 metro karratu xafla erabiltzen dira (1000m2 urre kolorezko titanio, 700m2 arrosa kolorezko titanio eta gainerakoa isladadun altzairu herdoilgaitzez).

Kanpo Itxiturak: Eraikinaren itxitura zuzenak harrizkoak dira, eta kurboak berriz, altzairu edo titaniozkoak (horien tartean beirate zabalak agertzen direlarik). Hamar mila metro karratu beirazko lehiate, guztiak ezberdinak beraien artean: ortogonalak, trapezoidalak, triangularrak... kanpora begira zabaltzen direlarik. Harrizko itxitura aireztatua da eta pieza bakoitza 4 euskarrirekin finkatzen da.

Solairu bakoitza ezberdina da eta erabat irregularra, gorantz igo hala murrizten joaten direlarik. Eraikina 3 zutabe nagusitan finkatuz antolatzen da (zutabe erraldoi hauek hotelaren sarrera kota baino 9 metro beheragotik jaiotzen dira eta boteilategia gurutzatzen dute).

Lehen solairuan kokatuko dira hoteleko logelak, ondorengo solairuan jantoki aretoa planteatzen da, jarraian berriz, zerbitzuak, eta azken solairuan, bezeroentzako saloi edo egongela.