Pintoreak

Lopez de Uralde y Villodas, Obdulio

Pintorea, marrazkilaria, ilustratzailea, kartelgilea, marrazki arkitektonikoen eta ebanisteriakoen proiektugilea eta arte aplikatuetako profesionala; Gasteizen jaio zen 1896ko irailaren 5ean. Gasteizen hil zen 1957ko uztailaren 9ko goizaldean.

Lopez de Uralderen karrera profesional heterogeneoa bereizten duen zerbait baldin bada, hori marrazkiarekiko berezko sentsibilitatea da; sentsibilitate hori, gainera, lanerako neurrigabeko gaitasunarekin apaindu zuen, eskatutako lana behar bezala amaitzeko. Ildo horretatik, artistak behin baino gehiagotan uko egin zion jarri zioten bohemio ospeari, zenbait herritarrek ezer jakin gabe arintasunez esleitzen ziotenari.

Marrazketa, irudiaren kopia, irudia eta eredu biziaren ikasketak egin zituen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan, Kanpillo gainean. Marrazkilaritzako heziketa Ignacio Diaz Olanoren akademia pribatuan osatu zuen. Ezagutzak zabaltzeko Parisera egitea pentsatzen zuen bidaia behin betiko geroratu behar izan zuen 1914ean Gerra Handia hasi zenean. Orduan, Erromako gunea ere albo batera utzita, Espainiako hiriburura hurbildu zen prestakuntza eskolastikoa aberasteaz gain, etorkizuna lantzeko asmoarekin.

Madrilgo abentura hartan bat egin zuen Gasteizko beste hiru gazterekin: Angel Olarte, Ezequiel Carreras eta Saturnino Ortiz de Urbinarekin. Laurek pintore profesional gisa bizimodua irabazteko aukerarik gabe, Lopez de Uraldek nolabaiteko erosotasuna topatu zuen delineatzaile gisa, besteak beste, Joaquin Otamendi eta Secundino Zuazo arkitektoen estudioetan eta Santamaria eta Alexandre altzari-etxeetan. Baquero altzari-etxean ere marrazkilari-proiektugile gisa aritu zen. Zeregin haiek Arte Ederren Zirkulura eta Pradoko pinakotekara egindako aldian behingo bisitekin tartekatu zituen.

Madrilen bere benetako pintore nahia bideratzen jakin ez zuenez edo ezin izan zuenez, Gasteizera itzuli zen. Hona hemen Lopez de Uralderen biografia artistikoko datu goiztiar eta esanguratsu bat: 1923an hiriko jaietako pertsonaiarik ezagunenaren irudia diseinatu zuen, "Zeledon". Hortaz, irudi horren ikonografia definitu zuen, euskal baserritarraren fisonomia tradizionala, brusa, txapela, zahagia eta aterkiarekin.

Ildo horretatik, euskal baserritarren herri-janzkera aztertzeko, erreproduzitzeko eta zabaltzeko interesa hartu zuen; batik bat, pixkanaka galtzen ari ziren landako ohitura jakinekin batera desagertzen ari ziren molde folklorikoko jantzi eta traje haiei zegokienez.

Jose Luis Saenz de Ugarte tokiko jakitunari zor diogu gizon hark egindako ekintza nagusi edo nabarmenenen bilketa. Hortaz, 1926an Euskal Ikasketen IV. Kongresuko kartela egin zuen, "Orientación y enseñanzas profesionales" izenburuarekin (Gasteizen egin zen uztaileko azken astean), 1928ko azaroan Musika Sakroaren IV. Kongresu Nazionaleko kartelak egin zituen eta, ondoren, bi musika-partituren azala egin zuen: Jose Uruñuela maisuaren El clavecín de Bendaña eta Eseverriren Zortziko a la Virgen de Estíbaliz lanena.

La Libertad -hogeiko eta hogeita hamarreko hamarkadaren lehen erdian- eta Pensamiento Alavés -berrogeiko hamarkadaz geroztik- egunkari gasteiztarrek askotan jaso dituzte Uralderen marrazkiak, batik bat, hiriko zaindari Andre Maria Zuriaren jaia dela eta. Gasteizko Udalak argitaratutako jaietako programa ofizialeko azala sei alditan ilustratzeko ohorea izan zuen (1934, 1941, 1942, 1943, 1948 eta 1949) eta bertakoek asko estimatu zituzten.

Zeledon pertsonaia gasteiztar mitikoaren ikonografiaz gain, berari zor zaizkio herriko jaietan kaleak eta plazak apaintzen dituzten hainbat erraldoiren diseinuak ere. Liburuen ilustratzaile gisa, literatura eta irudia batuz, Arabako hiriburuko hainbat inprimategi, argitaletxe eta erakundetako konpromisoak bete zituen. Gai horretan egindako lanen artean aipatu behar dugu 1926an egindako El libro de la Ciudad o Historia de Vitoria lanaren lehen liburukiaren azala, Eulogio Serdan katedratiko, historialari eta orduko hartan hiriko alkatea zenarena. 1949. urtean, Gregorio de Altube notario, kazetari eta hizlariaren Vitoria... o así. Ayeres y lejanías ilustratu zuen eta 1950. urtean Ignacio Sagarnak eta Antonio Mañuecok Udal Aurrezki Kutxaren ehungarren urteurrena ospatzeko idatzitako Vitoria en 1850 laneko irudi erromantikoak ilustratu zituen.

Lopez de Uralderen ospe handieneko beste jardueren artean daude barne-dekorazioarekin lotutako proiektuak. Esanguratsuenetako batzuk Fernando Vadillo kazetariari zerrendatu zizkion Vida Vasca aldizkarirako egindako elkarrizketan: Madrilgo Hotel Nacional hotela eta Arte Ederretako Zirkulua; Habanako Zentro asturiarra; Bartzelonako Zaldizko Zirkulua; Sevillako Hotel Alfonso XIII hotela eta abar. "Horiekin tartekatu ditut litografia eta horma-pintura; horretan lortu ditut arrakasta handienak, esate baterako, San Hubertoren exekuzioan, Iruñeko Tenis Klubean. Horrek hormak Gasteizko Antonia jatetxean bezala zeramikarekin apaintzeko eskatu dit" (itzulpen moldatua gazteleratik) berretsi zion Obduliok kazetariari.

Hain zuzen ere, 1941ean La Antonia jatetxeko -Armentiaganan, garai bateko N-1 errepidearen alboan- jangelarako diseinatutako zeramikazko horma-irudia (Aguraingo Cerámica Alavesa enpresak egindakoa) izan zen bere lan entzutetsuenetakoa. Tokiko funtzio gastronomikoari jarraiki, hainbat pertsonaia historiko, mitologiko eta literario irudikatu zituen (guztiak apetituagatik ospetsuak): Noe, Matusalenen semea; Bako, Zeusen semea; Heliogabalo, enperadore erromatarra, Caracallaren ordezkaria; Falstaff, Shakespeareren irudimen emankorretik irtendako pertsonaia etereo komikoa; Sancho Panza, betiereko ezkutaria; Gambrinus, "garagardoaren erregea"; Gargantua eta haren aita Pantagruel; Jose Bonaparte, espainiarren Independentzia Gerran "Pepe Botella" ezizenez deitzen zutena... eta Zeledon.

1978an La Antonia paradorea desagertu zenetik, zeramikazko horma-irudiak zatituta kontserbatzen dira hainbat tokitan sakabanatuta. Autore horren zeramikazko beste horma-irudi esanguratsua publikoaren eskura dagoen Fiesta en Galarreta da, Gasteizko Independentzia kaleko Caja Vital Kutxaren atari nagusian dagoena. Horrez gain, Caracaseko Simon Bolivar konkistatzailearen Etxe Museorako zeramikazko esmalteen erretaula pintatu zuen.

Obdulio Lopez de Uraldek seriotasun eta erantzukizunarekin bezeroen estimua irabazten jakin zuenez, lan-enkarguak pilatu egiten zitzaizkion laneko mahaiaren gainean: horrek azaltzen du dohain piktorikoak publikoan azaltzea hainbeste irrikatzen zuen arren, ia denborarik ez izatea. Ezagutu eta harekin tratua izan zutenek diote profesionaltasunaren zentzu sumingarri hark, pintore gisa zuen bilakaera naturala estali zuela.

Datu eztabaidaezina: olio-pinturen pintore gisa banakako erakusketa bakarra egin zuen. 1948ko abuztuaren lehen hamabostaldian izan zen, Olagibel kaleko Udal Aurrezki-kutxako aretoetan. Hogeita hamar lan inguru erakutsi zituen, gehienak Gasteizko eta probintziako paisaiak. Erakusgai jarritakotik gehiena saldu zuen.

Aplikatutako arteetan Obdulioren lanak pluralak, askotarikoak dira, baina pintore gisa izan duen ibilbidea, berriz, errazago sailkatzen da. Batasun nabarmenak eta estilo definituak markatutako produkzio piktoriko egonkorra du, urteetan aldatu gabe izandako jarrera beraren eta etengabekoaren zuzeneko ondorioa.

Obdulioren jatorri piktorikoa akademiaren oinarrietan dago; aurrekontu errealistetara egokitzen den paisaiaren eta loreen pinturan, inguru argi eta garbiak dituen marrazki zehatzarekin. Diziplina gogor eta ortodoxoko marrazkilariari dagokion moduan. Horrek ez du eragozten zenbait kasutan hiriko edo landako ukitu arineko eszenak irudikatzea; pintzelkada soltearekin.

Arabako hiribilduetako eta herrietako ikuspegiak islatu zituen, erreferentziazko elementu esanguratsuei jarraiki; asko zabaldu ziren Gasteizko hiri-inguruaren panoramika zabalak baratzekin, auzoko soroekin, lurrezko bideekin, makal-lerroekin eta abar. Lehen inpresioan, plein air hartutako panoramikoak, eta ondoren, tailerrean amaitutako beste batzuk.

Azken urteetan Industrias Mendoza enpresarekin lotu zen profesionalki.

Hil eta handik hiru hilabetera, hilondoko erakusketa antolatu zen Olagibel kaleko Kultur aretoetan, 1957ko urriaren 9tik 20ra. Ia ehun pieza jarri ziren ikusgai. Urte batzuk geroago, 1985eko azaroaren 19an, Gasteizko Udal Aurrezki-kutxak erakusketetarako gune txikia zabaldu zuen Aiztogile kalean, Kordoi Etxearen jarraian; Pajarita aretoan izan zen eta Obdulioren hainbat lan bildu zituen. Izaera indibidualeko oroitzapen are konplexuagoa gertatu zen Luis de Ajuria aretoan, 1998ko urtarrilaren 8tik 27ra. 39 lan zintzilikatu ziren: hogei bat olio-pintura, lau horma-irudi, litogafia pare bat, akuarelaz egindako hainbat marrazki, Fiesta en Galarreta zeramikazko pieza eta tamaina txikiko brontze bat: Dantzari. Aukera hura, bere ibilbidea jasotzen zuen katalogoa argitaratzeko aprobetxatu zen eta bertan bibliografia asko eskaini zen.

  • GARCÍA DÍEZ, José Antonio. La pintura en Álava. Gasteiz: Vital Kutxa, 1990.
  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "Obdulio López de Uralde (Recordando a un dibujante vitoriano a los 25 años de su desaparición)". Celedón, Jaietako aldizkari grafikoa, 64 zbk., Gasteiz, 1982.
  • SÁENZ DE UGARTE, José Luis. "Exposición-homenaje al dibujante Obdulio López de Uralde". El Periódico de Álava, 1998ko urtarrila.
  • VADILLO, Fernando. "Obdulio Uralde". Vida Vasca, XXIII. urtea, 1946, 67-71 or.
  • VAL, Venancio del; García Díez, José Antonio; Sáenz de Ugarte, José Luis. Obdulio López de Uralde. Exposición Homenaje, Caja Vital Kutxaren Luis de Ajuria aretoa, Gasteiz, 1998ko urtarrilaren 8-27.