Pintoreak

Diaz Olano, Ignacio

Margolari eta margolarien irakasle Ignacio Salvador Diaz Ruiz de Olano Gasteizen jaio zen 1860ko otsailaren 1ean; Gasteizen bertan hil zen 1937ko martxoaren 7an.

Gasteizko Arte Ederren Akademiako ikasle izan zen, gaur egungo Arte eta Ofizioen Eskolan hain zuzen ere, 1874ko urritik 1877ko apirilera arte; akademian zein handik kanpo, eskola partikularretan, Emilio Soubrier Martinezen ikaslea izan zen. Bartzelonako Lotja Eskolan arte ikasketetan sakondu zuen, 1877ko urritik 1880ko ekainera bitartean. Besteak beste, Antonio Caba, Luis Rigalt eta Claudio Lorenzale irakasle izan zituen, baita, beharbada, Ramon Marti Alsina bera ere, baina ez ordea Gibraltargo Gustavo Bacaritas (1873-1971), horrelakorik esan bada ere.

Bartzelonako egonaldia bukatuta, Diaz Olanok Gasteizko Udalari pentsioa eskatu zion, Europako hiri batean formazioarekin jarraitzeko, baina eskaria ez zen onartu. Gaur egun ez dugu pintorearen XIX. mendearen laurogeiko hamarkada hasierako nondik norakoen berri, ez baitago horri buruzko dokumentu egiaztaturik. Parisen egon al zen, esan ohi den bezala? Hala balitz, ordea, pintura inpresionistaren eragina ez luke horrenbeste sumatuko. Ezagutzen ditugun kutsu inpresionistako margolanak, oro har, bizitzaren azken zatian osatu zituen. 1884ko urtarriletik Gasteizen izan zela frogatuta dago.

1884ko abuztuan Gasteizko Arte eta Industria Erakusketan hartu zuen parte, eta zazpi lan bidali zituen: San Frantziskori buruzko bi erlijio margolan (horietako bat 1880an Bartzelonan margotutako Viladomaten kopia), agure baten erretratua, gazte italiarren bi eszena kostunbrista, bodegoi bat (pitxer urdin handi bat) eta 1914ko abuztuan erre zen Gasteizko Antzokiko sabaiaren zirriborro bat.

Urte hartako urrian Florida kaleko 9. zenbakian estudioa ireki zuen. 1894ko martxora bitartean arte ikasketetarako ateak irekita zituen, baina orduan alde egin zuen, lehenengo Bartzelonara eta ondoren Erromara. Italiako hiriburuan izan zen 1894ko maiatzetik 1896ko martxora arte. Apirilaren 28an itzuli zen jatorrizko hirira, eta hilabete egon zen Bartzelonan. Badirudi 1898an egonaldi laburra egin zuela Italian, baina zeharkako lekukotasunak baino ez daude hori berresteko.

Diaz Olanok ibilbide profesionala sendotu zuen irakasle-lanak eta enkarguak pintura modu librean jorratzearekin uztartuz. Horrez gain, 80ko hamarkada bukaeran marrazkigile eta ilustratzaile gisa lan egin zuen El Danzarin aldizkari satirikoan eta La Ilustración de Álava argitalpenean. Gasteizko bi argitalpenen zuzendari eta sustatzaile nagusia Fermin Herran geldiezina zen. Felipe Arrieta mezenasari esker izan zuen babes ekonomikoa ere aipatu behar dugu; izan ere, Italiako penintsulan ezagutzan aurrera egiteko arduraduna izan zen Arrieta.

Halaber, sinadura artistikoaren prestigioa finkatu zuen Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartzen. 1890ko edizioan La vuelta del trabajo, Los segadores eta Pelando la pava margolanak bidali zituen. 1892an lau euskal pilotariren margolana bidali zuen, A Cuarenta y nueve izenburua zuena, eta Orillas del Zadorra paisaia. 1895ko lehiaketan Las planchadoras mihisea aurkeztu zuen, eta hirugarren mailako domina eskuratu zuen. Hurrengo deialdian, 1897. urtean, Contraste eta El restaurante aurkeztu zituen, baita Un mercado de Venecia izenarekin bataiatutako formatu handiko konposizio bat ere. 1899an Cabeza de estudio, Familia artesana eta Agosto bidali zituen; azken horrek bigarren domina lortu zuen. 1901eko Erakusketa Nazionalerako Mediodía mihisea osatu zuen, La yunta edo El rezo del Ángelus izenez ezagutzen dena; La trilla de Álava ere bidali zuen, eta horrekin, berriz ere, bigarren domina eskuratu zuen.

Madrileko erakusketetan zenbait aldiz desengainuak izan arren, XX. mendeko lehen urteetako Erakusketa Nazionaletara zenbait lan bidaltzen jarraitu zuen. Hala, 1904an La vuelta de la romería bidali zuen, Mutrikun udako egonaldietan margotutako lana, eta horrekin azken ohorezko aipamena irabazi zuen: Alfontso XII.aren Ordena Zibileko Komendadore domina. 1906an Las dos envidias, Estirando la ropa eta La madre del pintor lanekin hartu zuen parte. 1908ko deialdian ez zuen parte hartu, eta 1910ekoan, ordea, lau margolan izan zituen ikusgai: Murmuración y Castigo, Gitana en la prevención, Sonata eta Desnudo. 1912an Amor en el bosque eta En la sobra mihiseekin aurkeztu zen. 1915ean La siesta friso zirraragarria aurkeztu zuen, eta azkenik, 1917an, Hilanderas y Tejadoras aurkeztu zuen.

Halaber, beste ordena batean, Bartzelonako Arte Ederren Erakusketa Nagusiko II eta III bidalketak ere aipatu behar dira. 1894an Extraviada eta La hoja extraordinaria bidali zituen, eta 1896ean Arrivederci, ¡Hasta la vista!, Povera figlia eta ¡Pobre hija!. 1908an, esan dugun moduan, ez zen egon Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, baina parte hartu zuen, ordea, El Retiro parkean Arte Ederren Zirkuluak antolatzen duen Udazkeneko Erakusketan. Bi lan aurkeztu zituen: El bautizo eta Haciendo "chis".

Pintoreak zenbait lan egin zituen Gasteizko saltokietako erakusleihoetan jartzeko, baina horretaz aparte, soilik bakarkako bi erakusketa daude jasota: Bilboko Delclaux Aretoan 1910eko urtarrilean antolatu zena, eta bizitza osoko erakusketa monografiko garrantzitsuena izango zena: Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskolako paraninfoan izan zena, 1925eko uztaila bukaeran.

XX. mende hasieratik hil zen arte Ignacio Diaz Olano arte irakaskuntzan buru belarri aritu zen, inguruko artista-promozio gazteenak prestatzen eta trebatzen. Arca kaleko estudioan, Arte eta Ofizioen Eskolako irakasle klaustroan (1901-1936), baita Institutu Nagusi eta Teknikoan edo Bigarren Hezkuntzako marrazketa irakasle lanpostuetatik ere. Azken kargu hori 1912-1913 ikasturtetik 1932ko udaberrira arte bete zuen, arauz erretiroa hartzeko adinera heldu zen arte. Egia da Huescako Institutuko oposizioak egin zituela, 1906ko udan (ez hori baino lehen, esan den bezala), baina inoiz ez zuen plaza hori lortu.

Bizitzaren bukaeran, 1934ko abuztuan, makina bat lagun, kide eta ikasle ohik Gasteizko maisuaren omenezko erakusketa antolatu zuten, Exposición Díaz Olano y sus discípulos hain zuzen. Erakusketa Arte eta Ofizioen Eskolan izan zen eta dizipulu nagusien obra batzuk eta artistaren lan batzuk bildu zituzten, besteak beste hauenak: Adrian Aldecoa, Felix, eta Tomas Alfaro Fournier, Fernando de Amarica, Teodoro Dublang, Jose Luis Gonzalo Bilbao, Juan Bautista de Ibarrondo, Mauro Ortiz de Urbina eta Aurelio Vera Fajardo. Probintziako prestigio izenak dira; horiek, omenaldian egon ez arren Arte eta Ofizioen Eskolan irakasle zaharraren aholkuak jaso zituzten ikasle gazteagoen abizenekin osatzen dira: Miguel Jimeno Martinez de Lahidalga, Obdulio Lopez de Uralde, Jesus Apellaniz, Ezequiel Carrera, Angel Olarte, Angel Saenz de Ugarte...

Ignacio Garcia Olano, pixkanaka, bere habitat naturalean bildu zen, lagun eta auzokoekin inguratuta; han erraz identifikatzen zen eta zuten, eta han, hain justu ere, jaso zuen bere arteak zegokion berrespena. Margolan gehienak gai herrikoien olio-pinturak ziren, kostunbristak, erretratuak, paisaiak eta lore gaiak eta bodegoiak; genero piktorikoari dagokionez, ez zen ia aldatu. Asko jota, erlijio gaietako edo kutsu alegorikoa zuen enkarguren bat egin zuen. Oro har, bere ingurutik jasotako gaiak, motiboak eta eszenak dira, eta horien bidez behatzaile gaitasun ikaragarria islatzen du.

Marrazketa-sendotasun finkoa duen errepertorio formala eta plastikoa; izan ere, marrazkia izan zen heziketaren lehen oinarria. Inguruko marra gutxitan galdu zuen, eta pixkanaka argia margolanen errealitate izaten hasi zen, eta horrekin batera baita kolorea ere. Italiako hezkuntza egonaldiaren ondoren (1894-1896 eta 1898?), batez ere, kutsu piktoriko handiagoa zuten lanak egin zituen. Italiako egonaldia, hain justu ere, mugarria izan zen artista-pintore ibilbidean.

Jatorrian, marrazketaren zehaztasuna errespetatzea zen Diaz Olanoren estiloaren ezaugarri nagusia; ondoren etorri zen bizitzari zuzenean erreparatzea, inguruan zuen errealitate horri alegia; han aurkitu zituen inspiraziorako iturriak. Estiloa pixkanaka irudiaren berehalakotasunarekin abiatu zen, eta orduan orban argitsuak eta distira kromatikoak hasi ziren agertzen. Bide teknikoa eta aldartetsua zen hura, "errealitatea aldatzera, baina desitxuratu gabe" eramaten zuena; horrela, inpresionismo naturalistara hurbiltzen edo atxikitzen ziren obrak osatu zituen.

Mekanika aglutinatzaile horren ondorioz (edo hobe esateko, sinkretikoa), Diaz Olanok anbibalentzia estilistikorantz jo zuen. Anbibalentzia edo eklektizismo horrek modu zehaztugabean eta aldi berean klasizismoko obretarantz, edo aldiz, pertzepziozko eta intuiziozko inpresioetarantz bideratu zuen; azken horiek, modernitate lotsatiaren ildoekin bat egin zuten. Horrela, modernitatearen terminoa eta inpresionista kontzeptua, oro har, parekoak ziren.

  • ALFARO FOURNIER, Tomás. "Un recuerdo a D. Ignacio Díaz Olano". Fin de año, 8 zbk., Gasteiz, 1957, s.p.
  • ARAMBURU, José Ignacio. "Los impresionistas vascos". Boletín de Información Municipal, 54 zbk., 1985ko Uztaila-Iraila, Gasteiz, 42 eta 43 orr.
  • ARCEDIANO SALAZAR, Santiago. Ignacio Díaz Olano. Estudio biográfico y análisis artístico. Gasteiz: Vital Kutxa, 1991, 319 orr.
  • ARINA Y ALBIZU, Santiago. "El gran pintor y profesor de dibujo, D. Ignacio Díaz Olano". Celedón, 46 zbk., Gasteiz, 1963, s. p.
  • BEGOÑA, Ana de; BERIAIN, María Jesús. Ignacio Díaz Olano (1860-1937). Gasteiz: Eusko, 1987, 76 orr.
  • BERIAIN, María Jesús. "De nuevo, Díaz Olano". Revista de Cultura e investigación Vasca Sancho el Sabio. 1 urtea, 2. garaia, 1 zbk., Gasteiz, 1991, 221-234 orr.
  • CAMARERO, Gloria. "Nuevas aportaciones en torno a la obra del pintor Ignacio Díaz Olano (1860-1937)". Kultura, 1 urtea, 2. garaia. Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1990ko urria, 37-45 orr.
  • OTÁLORA, José. Discurso pronunciado el 23 de Noviembre de 1934 con motivo del homenaje tributado por sus discípulos a Don Ignacio Díaz Olano. Gasteiz: GAsteizko Arte eta Ofizioen Eskola, 1937, 13-24 orr.
  • PANTORBA, Bernardino de. "Ignacio Díaz Olano". Artistas Vascos. Madrid, 1929, 13-22 orr.
  • VV.AA. "Ignacio Díaz Olano". Pintores y Escultores Vascos de ayer, hoy y mañana. X lbk., 92 fasz. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1975.