Arkitektura

Lazarraga Jauregia. Zalduondo

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkitzen ditugu berpizkundeko arkitektura zibileko adibide garrantzitsuak. Arabako probintziak eraikuntza iharduera handia bizi izan zuen garai honetan, bereziki, Gasteizen, Arabako Errioxan eta Arabako Lautadan, geografikoki toki onetan egoteagatik eta ekonomikoaren aldetik, gorakada handia bizi izateagatik.

Zalduondo hiribildua Arabako Lautadan kokatzen da, San Adriango pasabide estrategikotik oso gertu eta, horren ondorioz, Erdi Aroaren eta Aro Berriaren artean oparotasun garaia bizi izan zuen. Izan ere, pasabide honetatik, Santiagoko bidea pasa zen, Arabako Lautada eta Gipuzkoa lurraldeak, eta Frantzia eta Gaztela harremanetan jarriz. Horretaz gain, merkataritzaren ikuspuntutik, itsasorako bidean, Europako iparralderantz zegoen, hots, bidegurutze garrantzitsu batean kokapena zeukan hiribildu honek. XVII. mendean, ordea, aipatutako pasabidearen lehentasuna bukatu zen eta honekin batera hiribildu honen garai argitsua.

Dena den, XV. eta XVI. mendetan, hau da, momentu distiratsuan, ondare arkitektoniko baliotsua altxatu zen Zalduondon eta Lazarraga Jauregia da eraikuntza hauetako deigarriena.

Datuen arabera, jauregi hau XVI. mendeko bigarren erdialdean eraiki zuten eta Zalduondoko erdialdean, San Saturnino elizaren ondoan, kokatuta dago. Iturrien arabera, Juan López de Lazarragak eta Juliana Díaz de Santa Cruzek sustatu zuten obra eta, estiloari dagokionez, berpizkundeko estiloan agintzen zuten joeren arabera egina dago.