Arkitektura

Lazarraga Jauregia. Zalduondo

Eraikina libre dago alde guztietatik, hau da, isolatuta aurkezten da hiribilduan, eta oinplano laukizuzen baten gainean altxatzen da. Lau fatxadetatik ekialdeari begira dagoena da nagusia; atzealdeko fatxadak mendebaldera jotzen du; eta gainerakoak, iparralderantz eta hegoalderantz.

Jauregia eraikitzeko zenbait material eta harri mota erabili ziren; aparailu orokorra kareharri harri harlangaitzez egina da, fatxada nagusia, baoen markoak, eta barruko eskaileraren osagai batzuk egiteko, berriz, hare harrizko harlanduak gordeaz. Horretaz gain, azpimarratzekoak dira teilatuko erlaitza, adreiluz egina dena, forjazko lanak eta barruko egurrezko elementu eginikoak.

Multzo hau trinkoa da, bi solairu eta ganbara ditu, eta lau isurialdeko teilatua dauka. Elementu nabarmenenak aurpegi nagusian eta hegoaldeari begira dagoen fatxadan biltzen dira.

Fatxada nagusian, ataurreak eta honi dagokion goieneko armarriak azpimarratzen dute erdiko ardatza. Ataurrea, plateresko estiloan bururatu egina dagoena, dintelduna da. Atearen alde bakoitzean bi zutabe joniar ordenekoak eta ildaskatutako fustedunak agertzen dira. Gorputz honen gainean kokatzen dira Lazagarratarren eta Amezagatarren armarriak, beste bi zutabe eta gerrari erraldoiak alboetan. Frontoi triangeluar batek koroatzen du multzo hau, teilaturaino helduz. Fatxada honetan zabaltzen diren gainerako baoak dira leiho txikiak, beheko pisuan, eta balkoiak, bigarrengo pisuan. Leihoak ez dira jatorrizkoak eta fatxadaren garbitasuna hondatzen dute. Balkoiak, berriz, armarriaren maila berean ageri direnak, deigarrienak dira; harrizko tamaina handiko hiru mentsulen gainean kokatzen dira, eta, balkoi balaustratuak izanik, aipagarria da burdinaz egina dagoena, batez ere, balaustreak, baranda eta erremateko bolak.

Hegoaldeko fatxadak, beheko solairuan hainbat bao dinteldunak ditu. Solairu nagusian, ordea, italiar erako galeria bat, balkoi bat eta leiho balaustre daukana zabaltzen dira. Galeria teiategal batez burutzen da, bost zutabe joniar eta ildaskatuta fusteak dauzka, eta egitura hau guztia eusten zaio harlanduzko karel baten bidez. Kalitate handiko lanaz eginikoa da gorputz hau. Galeria honen alboetan bi hutsune irekitzen dira; ezkerreko aldean agerian den baoa, leiho dintelduna da eta burdinezko balaustrada dauka; eskubiko aldean kokatzen dena, balkoia da, balaustrada ere badauka eta metalezko egitura baten gainean eusten zaio.

Gainerako fatxadek, hau da, mendebaldekoa eta iparraldekoa, ez daukate elementu garrantzitsurik eta xume eta hotzak gertatzen dira.

Kanpoko elementuekin bukatzeko aipatu behar da teilatuaren adreiluzko erlaitzak eraikuntza osoa inguratzen duela; osagai honek bi lerro teilaz dauzka eta jarraitzen duten antolamendua bitxia da, teilak buelta emanda eta bata bestearen gainean aurkezten baitira. Adituen arabera, erlaitz mota honek mudejar estiloaren eragina dauka eta Segovian aurki daitezke.

Lazarraga Jauregiaren barnean hiru elementu nagusi bereizi daitezke: ataria, eskailera eta galeriaren barruko atala. Beheko solairuaren mailan kokatzen da ataria, oinplano karratua daukana, dintelduna eta estalita dagoena. Atal honetan nabarmentzen dira lau zutabeen tamaina eta estiloa; altuera bi pisukoa da, eta, estiloari dagokionez, errenazimenduko garaikoak dira. Osagai honen inguruan antolatzen ziren jauregiko gelak eta aretoak. Eskailera harrizkoa da, bi atal ditu eta eskailburuan hiru zutabe joniar ordenekoak agertzen dira, berriz ere, berpizkundeko estiloari jarraituz.

Loggiaren barruko atala ikusgarria izateagatik adierazpen berezia merezi du. Lehen aipatu dugun bezala, hegoaldeko aurpegian kokatzen da, espazio naturalaren aldeaz eta eguzkiaz gozatzeko. Atal hau esanguratsua da zeren, honi esker, barruko espazio osoa argiztatzen eta aireatzen baitzen, eta gogora dezagun ezaugarri hauek XVI. mendean oso berriak zirela.

Nolanahi ere, aurkezten den hormetako dekorazioa erakargarriena da, bai galeriako atzealdean, bai eskailerako hormetan kokatuta zeudena. Margoen teknika, grisalla izenekoa, bitxia da eta manierismo estiloari jarraitzen du. Badirudi irudikatzen diren gaiak mitologiko eta erlijiosoak direla; pertsonen erretratuak, galerian, eta Lazarraga eta Santa Cruz jaunen armarriak, eskaileran, dira hauetako batzuk. Uste da helburua zela lortzea efektu-tapiz baina modu merkeena erabiliz.