Architecture

Lazarraga Jauregia. Zalduondo

Euskal Herriko lurralde guztietan aurkitzen ditugu berpizkundeko arkitektura zibileko adibide garrantzitsuak. Arabako probintziak eraikuntza iharduera handia bizi izan zuen garai honetan, bereziki, Gasteizen, Arabako Errioxan eta Arabako Lautadan, geografikoki toki onetan egoteagatik eta ekonomikoaren aldetik, gorakada handia bizi izateagatik.

Zalduondo hiribildua Arabako Lautadan kokatzen da, San Adriango pasabide estrategikotik oso gertu eta, horren ondorioz, Erdi Aroaren eta Aro Berriaren artean oparotasun garaia bizi izan zuen. Izan ere, pasabide honetatik, Santiagoko bidea pasa zen, Arabako Lautada eta Gipuzkoa lurraldeak, eta Frantzia eta Gaztela harremanetan jarriz. Horretaz gain, merkataritzaren ikuspuntutik, itsasorako bidean, Europako iparralderantz zegoen, hots, bidegurutze garrantzitsu batean kokapena zeukan hiribildu honek. XVII. mendean, ordea, aipatutako pasabidearen lehentasuna bukatu zen eta honekin batera hiribildu honen garai argitsua.

Dena den, XV. eta XVI. mendetan, hau da, momentu distiratsuan, ondare arkitektoniko baliotsua altxatu zen Zalduondon eta Lazarraga Jauregia da eraikuntza hauetako deigarriena.

Datuen arabera, jauregi hau XVI. mendeko bigarren erdialdean eraiki zuten eta Zalduondoko erdialdean, San Saturnino elizaren ondoan, kokatuta dago. Iturrien arabera, Juan López de Lazarragak eta Juliana Díaz de Santa Cruzek sustatu zuten obra eta, estiloari dagokionez, berpizkundeko estiloan agintzen zuten joeren arabera egina dago.

Eraikina libre dago alde guztietatik, hau da, isolatuta aurkezten da hiribilduan, eta oinplano laukizuzen baten gainean altxatzen da. Lau fatxadetatik ekialdeari begira dagoena da nagusia; atzealdeko fatxadak mendebaldera jotzen du; eta gainerakoak, iparralderantz eta hegoalderantz.

Jauregia eraikitzeko zenbait material eta harri mota erabili ziren; aparailu orokorra kareharri harri harlangaitzez egina da, fatxada nagusia, baoen markoak, eta barruko eskaileraren osagai batzuk egiteko, berriz, hare harrizko harlanduak gordeaz. Horretaz gain, azpimarratzekoak dira teilatuko erlaitza, adreiluz egina dena, forjazko lanak eta barruko egurrezko elementu eginikoak.

Multzo hau trinkoa da, bi solairu eta ganbara ditu, eta lau isurialdeko teilatua dauka. Elementu nabarmenenak aurpegi nagusian eta hegoaldeari begira dagoen fatxadan biltzen dira.

Fatxada nagusian, ataurreak eta honi dagokion goieneko armarriak azpimarratzen dute erdiko ardatza. Ataurrea, plateresko estiloan bururatu egina dagoena, dintelduna da. Atearen alde bakoitzean bi zutabe joniar ordenekoak eta ildaskatutako fustedunak agertzen dira. Gorputz honen gainean kokatzen dira Lazagarratarren eta Amezagatarren armarriak, beste bi zutabe eta gerrari erraldoiak alboetan. Frontoi triangeluar batek koroatzen du multzo hau, teilaturaino helduz. Fatxada honetan zabaltzen diren gainerako baoak dira leiho txikiak, beheko pisuan, eta balkoiak, bigarrengo pisuan. Leihoak ez dira jatorrizkoak eta fatxadaren garbitasuna hondatzen dute. Balkoiak, berriz, armarriaren maila berean ageri direnak, deigarrienak dira; harrizko tamaina handiko hiru mentsulen gainean kokatzen dira, eta, balkoi balaustratuak izanik, aipagarria da burdinaz egina dagoena, batez ere, balaustreak, baranda eta erremateko bolak.

Hegoaldeko fatxadak, beheko solairuan hainbat bao dinteldunak ditu. Solairu nagusian, ordea, italiar erako galeria bat, balkoi bat eta leiho balaustre daukana zabaltzen dira. Galeria teiategal batez burutzen da, bost zutabe joniar eta ildaskatuta fusteak dauzka, eta egitura hau guztia eusten zaio harlanduzko karel baten bidez. Kalitate handiko lanaz eginikoa da gorputz hau. Galeria honen alboetan bi hutsune irekitzen dira; ezkerreko aldean agerian den baoa, leiho dintelduna da eta burdinezko balaustrada dauka; eskubiko aldean kokatzen dena, balkoia da, balaustrada ere badauka eta metalezko egitura baten gainean eusten zaio.

Gainerako fatxadek, hau da, mendebaldekoa eta iparraldekoa, ez daukate elementu garrantzitsurik eta xume eta hotzak gertatzen dira.

Kanpoko elementuekin bukatzeko aipatu behar da teilatuaren adreiluzko erlaitzak eraikuntza osoa inguratzen duela; osagai honek bi lerro teilaz dauzka eta jarraitzen duten antolamendua bitxia da, teilak buelta emanda eta bata bestearen gainean aurkezten baitira. Adituen arabera, erlaitz mota honek mudejar estiloaren eragina dauka eta Segovian aurki daitezke.

Lazarraga Jauregiaren barnean hiru elementu nagusi bereizi daitezke: ataria, eskailera eta galeriaren barruko atala. Beheko solairuaren mailan kokatzen da ataria, oinplano karratua daukana, dintelduna eta estalita dagoena. Atal honetan nabarmentzen dira lau zutabeen tamaina eta estiloa; altuera bi pisukoa da, eta, estiloari dagokionez, errenazimenduko garaikoak dira. Osagai honen inguruan antolatzen ziren jauregiko gelak eta aretoak. Eskailera harrizkoa da, bi atal ditu eta eskailburuan hiru zutabe joniar ordenekoak agertzen dira, berriz ere, berpizkundeko estiloari jarraituz.

Loggiaren barruko atala ikusgarria izateagatik adierazpen berezia merezi du. Lehen aipatu dugun bezala, hegoaldeko aurpegian kokatzen da, espazio naturalaren aldeaz eta eguzkiaz gozatzeko. Atal hau esanguratsua da zeren, honi esker, barruko espazio osoa argiztatzen eta aireatzen baitzen, eta gogora dezagun ezaugarri hauek XVI. mendean oso berriak zirela.

Nolanahi ere, aurkezten den hormetako dekorazioa erakargarriena da, bai galeriako atzealdean, bai eskailerako hormetan kokatuta zeudena. Margoen teknika, grisalla izenekoa, bitxia da eta manierismo estiloari jarraitzen du. Badirudi irudikatzen diren gaiak mitologiko eta erlijiosoak direla; pertsonen erretratuak, galerian, eta Lazarraga eta Santa Cruz jaunen armarriak, eskaileran, dira hauetako batzuk. Uste da helburua zela lortzea efektu-tapiz baina modu merkeena erabiliz.

Lazarraga Jauregiaren jatorria etxalekua da baina gaur egun, atondu eta zaharberritze lanak egin ondoren, Zalduondoko museoa da. Eduki anitz dauka eta era guztietako piezak aurkitu daitezke, besteak beste, euskal zeramika piezak, bertako artisautza, etnografia objetuak eta interes berezikoa da arte erlijiosoaren bilduma, bai eta XVI. mendeko pintura muralen saila ere.

  • DE BEGOÑA, A.: Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Diputación Foral de Alava. Vitoria: 1986.
  • DE BEGOÑA, A.: El palacio de los Lazarraga en Zalduondo. Kultura. Vitoria: 1981.
  • GONZALEZ CEMBELLIN, J. M.; SANTANA EZQUERRA, A.: "Clasificación tipológica de los primeros palacios del País Vasco". Revisión del Arte del Renacimiento. Eusko Ikaskuntza. ONDARE 17. Donostia: 1998.
  • PORTILLA, Micaela J.: Torres y casa fuertes en Álava. 2 Volúmenes. Ed. Caja de Ahorros Municipal de Vitoria. Vitoria: 1978.
  • V.V.: Monumentos Nacionales de Euskadi. Araba. Volumen 3. Departamento de Cultura del Gobierno Vasco. Ed. Elespuru. Bilbao: 1985.
  • ZORROZUA SANTIESTEBAN, Julen: Errenazimenduko Artea Araban.= El arte del Renacimiento en Araba. Vitoria 1999.