Kontzeptua

Karmengo Amaren Eguna

Udalbatza honetan ospatzen den jai egunaren jatorria ekimen hauetan dauka jatorria. Alde batetik, Birjinaren irudia Sestaoko Karmeldarren Komentutik Santurtzira eramaten zen herriko itsasontzi batean, ondasunak saldu aurretik garai aztoratu batean. Bestalde, aurrerago multzoa osatzen zuten instantziak eta eraikinak desagertu egin ziren.

Dena den, 1907ra arte ez zen ofizialki patroia bilakatu, Pio X.a Aita Santuaren eskutik. Orduz geroztik, urtero, salbuespen gutxi batzutan izan ezik, itsas prozesioa, lurrean egiten den bezala, elizatik atera eta Abraren erdiraino, Ibaizabal ibaiaren bokalean, iritsi da, bidean Nerbioi ibaia ere elkartu delarik.

Ekitaldi nagusia uztailaren 16an burutzen da, arratsalde partean. San Jorge elizaren eta Udaletxearen aurrealdean, kanpaiak jotzen dituzten bitartean, lepakariek irudia ateratzen dute soinean daramatela, agintari zibilen eta erlijiosoen aurrean. Ordurako jada prest daude prozesioan esku hartzen duten bestelako lagunak: Zugaitza dantza taldea, txistularien udal banda eta Musika banda.

Jarraigoa porturantz doa, parkea zeharkatuz. Bertan, ontzietara igo eta, buruan irudia daraman txalupa doalarik, itsasoan barrena ibilbidea egiten dute. Mota ezberdinetako ontzi askok osatzen dute segizioa. Sortzen den giroa dela eta, kantuak, musika eta oihuak nonahi sumatzen dira. Abraren erdialdera ailegatzen direnean Salbea errezatzen da eta loreak eta koroak botatzen dira itsasoarekin lotura zeukaten hildakoen omenez. Une horretan suziriak botatzen dituzte eta itsasontzietako adarrak jotzen dute, poza eta algara nonahi agerian geratzen delarik.

Bizkaiko kostaldean badaude beste herri batzuk, bata bestetik gertu, jai egun horretan Ama Birjiñaren irudia prozesioan ateratzen dutenak: Plentzian, goizen edo arratsaldez, ibilbideari parrokian bertan ematen diote hasiera, segizioan txistulariak, apaizak eta udalbatza osoak esku hartzen duelarik; Armintzan, Lemoizko auzunea, prozesioa arratsaldez burutzen da, Ama Birjiñaren aldeko mezaren ostean.

Gipuzkoari dagokionean, XIX. mendeko agirietan azaltzen dutenez, Trintxerpen (Pasaia) arrantzaleak Bonanzako Kristoaren Basilikara meza nagusia entzutera gerturatzen ziren. XX. mendean zehar, itsas prozesioak gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan da eta arrantzontziak eta bestelako itsasontziak atoiontziaren atzetik doaz, horrek Ama Birjiñaren irudia baitarama badiaren erdialderaino. Lurretik doan prozesioan, "danbor joleak" musika banda, apaizak eta udalbatzak esku hartzen dute.

Hondarribian, festak egun zehatz batean ospatzen ez bada ere, Marinako elizan burututako elizkizunaren ostean, prozesioa antolatzen da portu aldera. Handik, segizioak aurrera egiten du Txingudiko badian barrena eta bertanko txoko batean lore eskaintza gauzatzen dute, hildakoen omenez otoi egiten dien bitartean.