Kontzeptua

Karmengo Amaren Eguna

Prozesioak, lurrekoak zein itsasokoak, komunitate bakoitzaren oinarri erlijiosoa osatzen dute, kanpokoentzat ere erakargarriak izanik. Dena den, badira tokian tokiko bitxikeriak ekimenak bideratzerakoan, gizarte ekimena eta ospakizun erlijiosoa nahastuz. Horrela, XX. mendeko berrogeita hamarreko hamarkadaz geroztik giza zein lan protokoloa betetzen duen ekimena aipa dezakegu. Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Elkarteak Donostian ekitaldi berezia ospatzen du egun horretan, adineko marinelak omenduz, meza ospatuz, Aurreskua ere eskainiz eta bazkaria ere burutuz elkarte batean. Lehen, bukatzeko sokamuturra ere egiten zuten.

Baina, Ama Birjiñaren omenezko ekitaldiak ez dira kostaldeko herrietan bakarrik burutzen. Karmeldarren komentua bertan izateagatik edota inguruan Karmel edo Karmeneko Ama Birjiñaren eliza inguruan dagoelako, beste hainbat herritan jai egun horietan ekimen eta ekitaldi bereziak ospatzen dituzte, esaterako, Markina-Xemein, Amorebieta Etxano (Larrea), Bilbo (Santutxu), Sopela (Larrabasterra), Barakaldo, Iturmendi, Oiartzun edo Uztarrotze. Ospakizunak hauek izaten dira:

  1. Pregoia eta txupinazoa
  2. Erakustaldiak eta kirol lehiaketak: norgehiagoka atletikoak, txirrindularitza, herri kirolak edo pilota partidak
  3. Umeentzako jokoak eta tramankulu puzgarriak txikientzako. Hainbat lehiaketa helduentzako: mus, boloak, eta abar
  4. Erromeriak eta dantza saioak
  5. Gastronomia lehiaketak: patata tortilla, marmitakoa, makailua, eta abar
  6. Tokian tokiko zein kanpoko dantza emanaldiak
  7. Bertsolariak
  8. Su artifizialak

Ekimen eta ekitaldiak era askotakoak eta kalitate anitzekoak badira ere, udalak leku bakoitzean duen aurrekontuaren arabera alegia, ia toki guztietan txoznak eta musika emanaldiak eskaintzen dira jende ugari etortzen delarik. Musika taldeak ospe handikoak izaten dira eta horien zaleak, jende gaztea ia beti, jaiaz gozatzen dute, azken mendeetan zehar gertatu izan den bezalaxe.