Pintoreak

Jimeno de Lahidalga, Miguel

1895eko maiatzaren 8an jaio zen, Gasteizko Errege Atea kalean, eta Arabako hiriburuan zuen etxebizitzan hil zen, 1977ko otsailaren 5ean, laurogeita bi urte betetzeko hiru hilabete bakarrik falta zitzaizkiola. Margolari garaikidea, altzari diseinatzailea eta proiektugilea izan zen, eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan irakasle lanean jardun zuen.

Zazpi anai-arreben artean nagusiena zen. Oso gaztedanik familiako negozioa mantentzen lagundu zuen. Aita merkataria zuen, eta berarekin lautadako herrietan barrena ibili zen, tokikoei mota guztietako salgaiz, elikagaiz eta produktuz hornitzen. Hainbat gorabehera direla eta, negozioak porrot egin zuen eta, handik denbora gutxira, familiaren egonkortasuna are gehiago zaildu zen, aitaren heriotzaren ondorioz.

Julian Herviasek Aiztogile kalean zuen denda xumean, eman zituen Miguelek bere lehenengo urratsak eskulturaren alorrean. Gero, Pinturas Arbulo tailerrean, industria-pinturari zegokion guztia ikasi zuen. Bi ogibideak -zizelkariarena eta industria-margolariarena- oso probetxugarriak izan ziren, beraren lehenengo enkargu profesionalak aurrera eramateko.

Era berean, marrazketa eta asto-pintura ere gustuko zituen, eta baita musika ere, beraren zaletasun handienetako bat, alegia. Arte eta Lanbide Eskolan, Ignacio Díaz Olano eta Mauro Ortiz de Urbina maisuen irakaspenak jaso zituen. Azken horri estimu handia zion, bihotzez arnasa eman baitzion artean hasi zenean. Prestakuntza pertsonala Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan osatu zuen.

Gasteizko Ibargoitia altzari-etxe famatuan ari zela, 1915. urtean Ricardo Augustiren jauregiko dekorazioan eta altzarigintzan jardun zuen. Geroago, eraikina Probintziako Museo bilakatuko zen. 1920an, halaber, auzoko Ajuria Enea jauregiaren apainketa lanetan aritu zen. Laster lortu zuen ospea, altzari marrazkilari eta proiektugile gisa, eta Zarautzera lekualdatu zen 1926. urtean. Arruti Altzari enpresan lan baldintza onak eskaini zizkioten, eta ez zien muzin egin. Gipuzkoako herri horretan, urte zoriontsuak pasa zituen. Mauricio Flores Kaperotxipi zarauztarraren, Nicolás Múgica bergararraren eta Francisco Escudero konpositorearen oso lagun egin zen.

Miguel Jimeno de Lahidalga 1919an ezkondu zen, Pascuala Mateorekin, eta bost seme-alaba izan zituzten. Gerra zibila pizterakoan, familiaren egonkortasuna hautsi zen, eta Frantziara erbesteratu behar izan zuten. Hainbat pasadizoren ostean, Jimenotarrek Parisen eman zuten denboraldi bat rue Adelaide kalean, aspaldidanik galiar hiriburuan bizi ziren Miguelen bi arreben bizitoki zen eraikinean. Hilabete batzuk beranduago, Frantziako Capbreton herrian bizitzera joan zen bere emaztearekin eta seme-alabekin, eta, bertan, beste euskal errefuxiatu batzuen bizikide izan zen. Henry Etxean kokatu ziren, lehenik, eta, Ville L'Arrecout-en, geroago.

Bigarren Mundu Gerra lehertu ondoren, Alemaniako ejertzitoa Frantziako hegoaldera zabaldu zen. Hori dela eta, Jimeno eta bere familia Euskal Herrira itzuli ziren, Gasteizera, hain zuzen ere. Zarautzetik pasa zen aurrena, eta etxe zaharrean gordeta zituen tresna batzuk berreskuratu ahal izan zituen, lapurrek hutsik utzi bazuten ere.