Kontzeptua

Iruñako San Lorentzo dantzak

Dantza berri eta arrakastatsu dugu hau. Euskal tradiziozko dantzaren elementuetan oinarrituta, bai publiko garaikidearentzat bai dantzari mota batentzat pentsatuta dago, eta hortan ziur aski datza bere arrakasta. Joxemiel Bibadorrek (1999) kontatu duen bezala, dantza berri bat egiteko ideia Iruña Taldea dantzari taldean sortu zen, bere 25. urteurrena ospatzeko hain zuzen. Talde honetako lokala Iruñako San Lorentzo kalean dago, eta hor dago abuztuaren 10rean kale honetan ospatzen den festa horrekiko lotura. Denbora pasa ahala, beste talde batzuetako dantzariak eta batez ere dantzari ohiak ere sartu ziren taldean, kofradia independiente bat sortuz, bere webgunea duena. Talde honek egun honetatik kanpo ere ekintza franko egin ditu leku eta egoera oso ezberdinetan.

Dantza hauek sortzeko erreferenteak XVI. eta XVIII. mendeen arteko dokumentazioan -batez ere Sanfermiñetakoari buruzkoan- agertzen ziren dantzari taldeak ziren, askotan zortzi danzantek eta beste pertsonaia bitxi batek, xake-itxurako arropa eta zurrun bat eramanda bobo, gracioso, edota beste izen batzuk jasotzen zituena, osatuta. Musikak gaitaren errepertorioan oinarritu ziren, gaur egun askotan beste instrumentu batzuekin ere (bonbardinoa, klarinetea, tronpeta, tronboia...) lagunduta, eta sortu zen garaian azpimarratzen zen kutsu militar ukaezina du.

Janzkera tradizioan gehien erabiltzen diren koloretan oinarritzen da, txuri eta gorria, ezpata-dantzen ohiko gona, zintzarriak hanketan eta txano bitxi batekin, Espainiako armadak Kuban erabili zuenarekin antza handia duena. Honi gehitzen badiogu dantzariek imitaziozko bitxien erabilera ugaria, ulertuko dugu ematen duten santsazio berezia, oso ezohikoa euskal dantzarien artean, eta antza handiagoa duena XVII. mendeko piratekin.