Kontzeptua

Inprentaren historia Euskal Herrian

Teknika zenbait mende arinago txinatarrek asmatu bazuten ere, inprenta modernoaren sorrera Johannes Gutenberg-i loturik dago; izan ere, alemaniarrak inprimatze-tresnan nahiz tekniketan egindako hobekuntzak eta garapenak kultur paradigmaren aldaketa ekarri zuen XV. mendearen erdialdean; nolabaiteko iraultza izan zen: aurretik urteak behar zituzten (elizgizonek, batik bat) liburuak banan-banan kopiatzeko; hots, ale bakar bat galtzeak urteetako lana galtzea zekarren, eta, noski, obren zabalkundea ere oso mugatua zen. Inprenta modernoak, baina, lan hori egiteko beharrezko denbora nabarmen murriztu zuen, baita garaiko obrak arinago eta errazago zabaltzea eta ezagutaraztea ekarri ere. Inprenta asmatu eta hamarkada gutxira Europako herrialde gehienetan zegoen baten bat: Italian, Hungarian, Ingalaterran, Frantzian, Espainian, etab. Ameriketara ere arin zabaldu zen: 1539an Fray Juan de Zumarragak ezarri zuen lehenengo inprenta Mexikon.

Euskal Herrira Frantzian barrena heldu zen inprenta (gogora dezagun, bide batez, Santiago bidearen eragina ere tartean zegoela). Arnaldo Guillen de Brocar frantsesa izan zen lehenengo inprimatzailea. XV. mendearen amaieran, zenbaiten ustez Albreteko Joan eta Foixko Katalina Nafarroako erregeek deituta, lehenbiziko moldiztegia jarri zuen Iruñean; hortaz, Nafarroako hiriburua izan zen Euskal Herriko hiriburuetan inprenta izan zuen lehenengoa. Manuale secundum consuetudinem Ecclesie Pamplilonensis (1489) izan zen bertan kaleratutako lehenbiziko lana. Hamaika urtean gai ezberdinei buruzko obrak (erlijioa, medikuntza, etab.) argitaratu zituen, baita bestelako liburuxka eta buldak ere. 1501ean, baina, Iruñea utzi eta Logroñora abiatu zen Guillen de Brocar inprimatzaile-lanak jarraitzera.

Brocart Logroñora joatean Iruñea inprentarik gabe geratu zen, eta testu labur eta bulda zenbait izan ezik (ez dakigu nork inprimatu zituen), Nafarroan ez zen ezer argitaratu XVI. mendearen erdialdera arte. Orduan jarri zuen Miguel Eguiak (1495-1544), Brocarten alaba batekin ezkondutako gizonak, inprenta berria Lizarran; alabaina, handik gutxira hil zen. Oso inprimatzaile garrantzitsua izan zen Eguia: bera izan zen Erasmoren obren inprimatzaile nagusia, eta bere moldiztegian inprimatu zen Rotterdamgoaren Enchiridion militiis christiani ([1503] 1529-1530) lana, esate baterako.

Inprimatzaile-lanak egiteko Adrián de Anvers izeneko laguntzailea kontratatu zuen Eguiak hil aurretik, eta, hain zuzen ere, azken horrek eutsi zion Eguiaren inprentari hurrengo hamarkadetan: 1546tik 1568ra berrogei bat liburu kaleratu zituen, tartean Euskal Herrian euskaraz argitaratutako lehenengoa: Eloso Santxoren Doctrina Christiana (1561). Tamalez, ez da lan horren ale bakar bat ere gorde. 1568an Lizarrako inprenta Iruñera eraman zuen De Anversek, eta agintariei Gaztelan hizkuntza erromantzez idatzitako lanak inprimatzeko baimena eskatu behar izan zien; izan ere, Nafarroako biztanle eta irakurle gehienak euskaldunak ziren orduan.

Tomas Porralis Saboiakoa dugu Nafarroako laugarren inprimatzaile garrantzitsua: Iruñean jarri zuen moldiztegia 1569an, hots, Adrián de Anvers oraindik ere nafar hiriburuan zegoen sasoian. Handik hiru urtera beste inprenta bat zabaldu zuen Porralisek Tuteran. Saboiakoaren seme Pedro Porralisek aitaren ofizioa ikasi bide zuen, hura hil zenean Iruñeko inprentari eutsi ziolako. Porralis semeak inprimatu zuen, esaterako, XVI. mendeko euskarazko errefrau-bilduma luzeena: Refranes y sentencias comunes del bascuence (Iruñea, 1596). Tuterako inprenta, ordea, bertan behera geratu zen, eta bertan inork ez zuen bestelako moldiztegirik jarri XIX. mende hasierara arte.

Nafarroako lehenengo hiruren ostean, Bilbon ezarri zen Euskal Herriko laugarren inprenta. Hiri bizia zen ordurako Bilbo: 8.000 bat bizilagun zituen, ibaian gora zetorren merkantziaren inguruko merkataritza indartsua zen, portu handia eta materialak (tartean liburuak) zuzenean itsasoratzeko aukera zeukan, etab. Alabaina, XVI. mendera arte ez zen moldiztegirik egon Bizkaiko hiriburuan.

Zenbaitek Juan Lorza izeneko gizon batek 1552an Bilbon inprenta bat ireki zuela defendatu izan du, baina datuak ez dira batere fidagarriak ez baitago haren arrastorik. Handik ehun eta hogei bat urtera Juan Elorza izeneko baten erreferentzia badugu, aldiz; litekeena da tartean izen-nahasteren bat gertatu izana.

Nahasteak nahaste, Matias Marés jotzen da Bilboko lehenengo inprimatzailetzat. Frantziarra zen jatorriz, eta herririk herri ibili zen, hainbat urtez, Trentoko Kontzilioak (1545-1563) aholkatutako lanak inprimatzen eta saltzen. Espainian barrena zenbait urte egin ondoren, 1575ean jarri zuen moldiztegia Bilbon, eta badirudi lan-karga izugarri handia izan zuela, Nantes (Frantzia) hiritik hogeita hamar bat laguntzaile ekarri nahi izan baitzituen. Bilbon egindako hamabi urteetan zehar baten baino gehiagotan aldatu zuen inprenta lekuz, besteak beste Atxuri auzora eta bertatik San Frantzisko komentura. 1588an Euskal Herria utzi zuen Logroño, Zaragoza eta Santo Domingo de la Calzadan inprimatzaile aritzeko, baina 1596ean Iruñera eta 1607an Iratxeko monasteriora joan zen moldiztegi-lanak egitera. Marések lan garrantzitsuak kaleratu zituen, hala nola, Andrés de Poza historialariaren Hidrografia (1585) eta De la antigua lengua de las Españas (1587) obrak.

Pedro Cole de Ibarrak Bilboko bigarren moldiztegia sortu zuen 1593an. Euskal lan garrantzitsu batzuk argitaratu zituen: Betolaza arabarraren Doctrina christiana (1596) eta Viva Jesús (datarik gabe) katixima, kasurako. 1730eko hamarkadan hil zen.

Badirudi XVI. mendearen azken urteetan sortu zela, halaber, Donostiako lehenbiziko inprenta, baina horri buruz ditugun datuak zeharkakoak dira. Antza, Pedro de Borgoña delakoak sortu eta Iruñean beste moldiztegi bat jartzeko baimena eskatu zuen. Bada, lehia egingo ziolakoan edo, garaiko Iruñeko inprimatzaile Porralisek epaitegietara jo zuen.

XVI. mendeko datuak irakurrita, garaiko euskal lan nagusiak Euskal Herritik kanpo argitaratu zirela dakusagu, arrazoi ezberdinak tarteko: Etxepareren Linguae vasconum primitiae (Morpain inprimatzailea, Bordele, 1545) lana argitaratu zenean, kasurako, ez zegoen inprentarik Euskal Herrian. Bestalde, Espainiako erregeek Iruñekoak kanporatu zituzten, eta azken horiek Paben ezarri ziren; hots, errazagoa zen liburuak Frantzian kaleratzea ( Leizarragarenak, adibidez, Arroxelan kaleratu zituen Hautin -ek 1571an, hots, protestanteak indar gehien zuten guneetako batean) Euskal Herrian baino. Garibay historialariaren lanak ere kanpoan inprimatu ziren: Christoforus Platinus-ek kaleratu zituen 1571n Anberesen.

Aipatzekoak dira Euskal Herrikoak izanda beste herrialde batzuetan inprenta-lanean aritutako Fray Juan de Zumarraga (Mexikoko lehenbiziko inprenta abiarazi zuen 1539an) eta Lope Sanz Nafarra (Salamancan ibili zen Leonard Hutz-ekin batera).