Kontzeptua

Inprentaren historia Euskal Herrian

Denborak aurrera egin ahala, inprentaren arrakasta handitu egin zen: zenbat eta gehiago inprimatu, hainbat eta handiagoa zen liburuen eskari-kopurua ere. XVII. mendean, bada, Euskal Herriko inprimatzaile-kopurua handitu egin zen, eta aurretik egon gabeko lekuetan jarri ziren zenbait moldiztegi.

XVII. mendearen hasieran bi inprimatzaile zeuden: Matias Matés Iruñean eta Cole Ibarra Bilbon. Arestian esan bezala, lehenengoa Iratxeko monasteriora joan zen 1607an, eta hura hil orduan Nikolas Asiainek hartu zuen Iratxeko moldiztegiaren ardura. Inprenta, ordea, 1617an desagertu zen monasteriotik, eta handik hiru urtera zendu zen Asiain. Mende hasiera hartan hasi zen lanak inprimatzen, era berean, Nafarroako garai hartako inprimatzaile nagusi Carlos Labayen, bai eta Juan Oteiza eta Martin Labayen ere.

Hainbat libururen artean, Beriain nafarraren euskal lanak kaleratu zituen Carlos Labayenek: Tratado de cómo se ha de oir misa en romance y bascuence (1621) edo Doctrina Christiana en castellano y bascuence (1626). Bada, azken inprimatzaile hori hil zenean, haren ondorengoek (eta ondorengoren baten senideak, hala nola, Martin Labayen semearen koinatu Diego Zabalak) eutsi zioten moldiztegiari. Aipatutako euskal lanak ez ezik, bestelako obra garrantzitsuak ere inprimatu zituzten, Quaderno de las leyes y ordenanzas eta Leyes de Navarra delakoak, kasurako.

Inprenta hedatzearekin batera inprimatzeko lizentziak ere ugaritu egin ziren, eta aipatutako inprimatzaileez gain, beste batzuk ere agertu ziren Nafarroan bertan: Juan Antonio Berdun, Juan Micon, Francisco Antonio de Neyra, Domingo de Berdala, etab.

Bilboz denaz bezainbatean, arestian esan bezala, Pedro Cole de Ibarra izan zen XVII. mende hasierako inprimatzaile bakarra, harik eta 1615ean, gutxi gorabehera, Juan de Azpiroz -ek ere moldiztegia jarri zuen arte. Azken horrek euskarazko lan garrantzitsua argitaratu zuen: Martin Otxoa Kapanagaren Exposición breve de la doctrina christiana en castellano y vascuence (1656), Geronimo de Ripalda-ren lanaren bizkaierazko itzulpena. 1640ko hamarkadan Burgostik Bilbora joan eta inprenta zabaldu zuen Pedro de Huidobrok, eta gauza bera egin zuen handik hogei bat urtera Roque de Miranda madrildarrak. Aipatzekoak dira, azkenik, Martín Morovelli eta Juan de Elorza, nahiz eta eurek inprimaturiko obra bakarra ezagutzen den.

Hegoaldeko (zehazki Nafarroa eta Bizkaiko) nagusitasuna apurtuz, Ipar Euskal Herriko lehenbiziko inprenta Baionan jarri zuen Jean Merlet-ek. XIX. mendean Francisque Michel-ek esan zuen Fauvert izeneko batek XVII. mendean dotrina bat eta Ziburuko Joannes Etxeberriren Noelac kaleratu zuela, baina ez dago lan horien bestelako erreferentziarik, eta Julien Vinson -ek Michel-en datuak okerrak zirela erakutsi zuen. XVII. mendeko Ipar Euskal Herriko euskal idazleen ( Estebe Materre, Ziburuko Etxeberri) liburuak, baina, Euskal Herritik kanpo inprimatu ziren lehenengoz: Bordele (Materre, Ziburuko Etxeberri, Axular), Paue (Gazteluzar, Belapeyre), Paris ( Oihenart, Pouvreau) eta Orthezen ( Tartas). Mendearen amaieran (1699) kaleratu zen aipatu Etxeberriren Noelac eta berce canta espiritual berriac Baionan (lanaren hirugarren argitalpena zen).

Merletek ez zuen euskal libururik argitaratu, eta François Bourdot inprimatzailea izan zen Baionan hori egin zuen lehenengoa: Voltoire-ren 1620ko lan baten itzulpena izan zen, Tresora hirur lenguaietaqua, francesa, espagnola eta hasquara (1642) izenburuaz emana. Handik hogeita hiru urtera inprimatu zuen Bernard Bosc-ek Baionan Pierre Arginarats-en bigarren lana, hots, Devoten breviarioa (1665). Urtebete igarota inprimatu zuen Baionan Pierre de la Court-ek Joannes d?Olce-ren Statua Synodalia (1666); alabaina, Baionako moldiztegietan gehien iraun zuena Antoine Fauvet-ena izan zen.

Fauvetek lehenengo inprenta Baionan 1660ko hamarkadan jarri eta ia bi mendez eutsi zioten negozioari haren ondorengoek, 1845era arte. Hiriko inprimatzaile ofiziala (imprimeur de la ville) izan zen harik eta 1700. urtean zendu zen arte. Aita hil zenean, Paul Fauvet semeak hartu zuen moldiztegiaren ardura, eta garai hartako Baionako inprimatzaile bakar bihurtu zen. Fauvetarrenean inprimatutako lanen artean Kempis monje kristauak idatzi De imitatione Christi obraren euskal itzulpena dago: Aranbilagak egin zuen eta 1684an inprimatu zuten Jesu Christoren imitationea izenburupean.

Hego Euskal Herrira etorrita, ezin esan genezake Donostia aldean inprentak aurrerapen handirik izan zuenik, inprimatzaile-kopurua ez baitzen gehiegi handitu mendearen azken hamarkadetara arte. Bada 1667ko agiri bat non Martin Huartek moldiztegia zabaltzeko baimena eskatu baitzien agintariei. Hizki eta kutxa berriak Amsterdamdik ekarri berri dituela azaltzen du, gainera. Bada, orduko agintariek baimena eman zioten, eta hamar urtez jardun zuen inprenta-lanetan lehenengo liburua, Quaderno de Leyes de Alava, urte hartan bertan kaleratu zuenetik. 1677an hil zen. Alabaina, Huarte hiltzeak ez zuen martxan jarritako inprenta geldiarazi: Frantzian ikasle zebiltzan Pedro eta Bernardo semeak etorri artean alargunak hartu zuen inprenta-lanen ardura. Behin oinordekoak etxeraturik, beste inprenta bat zabaldu eta Gipuzkoan euskaraz kaleratu zen lehenbiziko liburua inprimatu zuten: Nikolas Zubia durangarraren Doctrina Cristiana en Bascuence (1691). XVII. mendearen amaieran beste inprenta bat zabaldu zuen Bernardo Huartek Tolosan (bertako lehenengoa), eta jada XVIII. mendean, Pedro Huartek José Ochoa de Arin-en Doctrina Cristiana en Bascuence (1691) gipuzkerazko dotrina zahar ezaguna inprimatu zuten 1713an (Ugarte da edizio horretan ageri den inprimatzailearen izena).

XVI. mendean bezala, bestalde, Euskal Herritik kanpo ere zenbait euskal herritarren aipatzeko moduko lanak argitaratu ziren, hala nola, Baltasar Etxaberen Discursos de la antigüedad de la lengua cántabra bascongada (Henrico Martínez inprimatzailearenean, Mexiko, 1607), Gabriel Henao-ren Averiguaciones de las antigüedades de Cantabria (Eugenio Antonio García-renean, Salamanca, 1689) edo José Lezamiz-en Vida del Apóstol Santiago el Mayor (María Benavides-en moldiztegian, Mexiko, 1699).