Kontzeptua

Inprentaren historia Euskal Herrian

XVIII. mendetik aurrera nabarmen ugaritu ziren inprentak Europa osoan. Liburuen beharrizana eta eskaria nabarmen handitu zen, eta erraztu egin zen moldiztegiak jartzeko prozedura. Inpresio-moduak ere bizkortu egin ziren, eta hiriburu eta herri handietatik kanpo zenbait inprenta zabaltzen hasi ziren. Bestalde, papera ere errazago eta merkeago lortzen hasi zen Euskal Herrian bertan ezarritako paper-fabrikei esker. Bada, horren guztiaren ondorioz gero eta gutxiago jo zuten euskal egileek Euskal Herritik kanpo euren obrak inprima zitzaten.

Alfonso Burguetek Iruñean eduki zuen moldiztegia mende hasieran, eta Francisco Elizalderen Apendezako dotrina christiana uscaras (1735) erlijio-liburua kaleratu zuen. Hamarkada hartan bertan kaleratu zuen Nafarroako hiriburuan Joseph Joaquín Martínez inprimatzaileak Juan Irazustaren Dotrina christiana (1739). Inprimatzaile txiki-ertainak ziren, eta ez zuten ez tirada handirik, ez edizio askorik egiten.

1750ko hamarkadaren amaieran, ordea, inprimatzaile handi batek jarri zuen moldiztegia Iruñean: Juan Antonio de Castilla-k. Ofizioa ongi ikasita, XVIII. mendeko bigarren erdialdeko bi egile giputz nagusien lan batzuk kaleratu zituen; esan nahi baita, Sebastian Mendiburu oiartzuarraren Jesusen amore-nequeei dagozten cembait ototzgai (hamaika liburukitan argitaratu zen 1759 eta 1760 artean, eta hirutan azken urte horretan bertan) eta Agustin Kardaberaz hernaniarraren dozena erdi obra 1760 eta 1764 artean.

XVIII. mendeko Euskal Herriko inprentez ari garelarik, gizaldi horren hasieran sortu zen Gasteizko lehenbiziko moldiztegia, Bartolomé Riesgo y Montero de Espinosa inprimatzailearena. Aski garrantzitsua izan zen, lehenengoa izateaz gain, obra garrantzitsuak kaleratu zituelako. Besteak beste, Quaderno de Leyes y Ordenanzas de Alava (1722) eta Martín Arzadun-en euskarazko Doctrina Christianeen explicacinoa (1731) kaleratu zituen. Handik urte batzuetara, baina, Arabako hiriburua utzi eta Donostian inprenta berria jarri zuen Riesgok; hain zuzen ere, bertan argitaratu zuen berak garaian euskarari buruz inork idatzitako lan handiena: Larramendiren Diccionario trilingue (1745) hiztegia. Handik urte batzuetara Kardaberazen Christau dotrina (1760) ere kaleratu zuen.

Bartolomé Riesgok Donostiarako bidea hartu zuenean, Gasteizen zenbait urte arinago zabaldutako inprenta ez zuen itxi, haren alabaren senar Tomas Robles-ek hartu baitzuen haren ardura, eta Gasteizko bigarren inprimatzaile bihurtu zen. Roblesen ardurapean inprimatu zen, kasurako, Laukarizko (Bizkaia) Bartolomé Olaetxea abadearen dotrina famatua 1763an.

Bilbon euskarazko liburu gutxi argitaratu ziren orduan, eta Bizkaian oro har argitaratutako lanak erlijioari, legeei eta historiari lotuta egon ziren. Antonio Zafra y Obregón eta haren Antonio Zafra y Rueda semea izan ziren Bilbo aldeko inprimatzaile nagusiak mende hasieran. Hil zirenean, Antonioren alargunak moldiztegiko lanei eutsi zien. Mendearen erdialdean, berriz, Manuel Egusquiza izan zen inprimatzaile nagusia, eta hura hil zenean ere haren alargun Ana de Zornoza-k jarraitu zituen senarra zenaren lanak. Mende amaieran, berriz, Simón de Larumbe eta Francisco de San Martín inprimatzaileak aipa daitezke.

Ipar Euskal Herriaz denaz bezainbatean, inprenta nagusiak Baionan egon ziren, eta mende hartako hasierako hamarkadetan Paul Roquemaurel-ek moldiztegia jarri zuen bertan. Haren aita Mathieu Roquemaurelek, Tarbe-ko inprimatzailea izanik, erakutsi bide zion ofizioa. Mende hasiera-hasieran, Fauvet familiakoak inprimatzaile nagusiak zirelarik, eskatu zuen Roquemaurel semeak bere moldiztegia Baionan ezartzeko baimena, eta eman ez zioten arren, jarri egin zuen. Gerora hainbat biderrez argitaratutako Exercicio espirituala euskarazko erlijio-liburua inprimatu zuen, eta 1717an bere anaia Mathieu-ri utzi zion inprenta. Hain zuzen, azken horrek kaleratu zuen Sarako Joannes Etxeberriren Lau-urdiri gomendiozco carta edo guthuna (1718). Alabaina, handik gutxira, baimenik gabe zebiltzala eta, agintariek moldiztegia ixteko agindua eman zuten.