Kontzeptua

Ideologia politikoak: amaiera ala berpizkundea?

Bukatzeko lau hitz Euskal geografian ematen diren fenomeno ideologikoei buruz. Politizazioak eta sozializazio politikoak berebiziko ezaugarriak agertu dituzte Euskal Herrian azken mendean, batez ere Karlistaden ondotik, euskal nazionalismoa, hasieran bizkaitarrismoa zena, euskal gizartean errotzen denean Jaungoiko eta Lege zaharren izenean. Jeltzaleak eta bere diskurtso ideologikoa asko aldatu bada ere ez da gutxiagoko aldaketa sozialista eta komunistena, baina ezker eta eskuinaren arteko lehia ideologikoaren gainetik gurean, euskal nazionalismoa eta diskurtso zentralisten, jakobino zein hispanoa, arteko liskarrak izan dira nagusi. Ez Euskal Herrian soilik noski, Frantzia zein Espainiaren baitan borroka ideologikoaren ardatzak beste hainbat kasutan ere nortasun nazional desberdinen arteko konfrontazioan eman da baian Euskal arazoa deitzen dena oso tirabira ideologikoa sakona suertatu da, batez ere bere arrasto eta manifestapen biolentoengatik. Eskerra eta eskuinaren ardatza presente dago euskal gizartean baina ez dut nazionalismo bien edo hiruren arteko talka ideologikoaren dimentsiorik hartzen. Hego Euskal Herrian adibidez, XX mendean oso jende gutxik ezagutuko du bere burua eskuindarrena bezala. Frankismoak utzitako herentzia ideologikoa da, eta oraindik ere eskuinekoa izateak askoren begietara frankismoaren errepresio faxistarekin loturik egoteka esan nahi omen du. Horregatik azken hamarkadetako ikerketa soziometrikoek diotenez euskal gizarteak ezkerrean kokatzen du bere ideologia, baian kokapen hori bigarren mailakoa omen da Euskal gizartean lehengo cleavage edo talka ideologikoa arazo nazionalaren auzian manifestatzen baita.

Eta lehia nazional horren karietara, ideologien arteko konfrontazioa eremu linguistikora heltzen da. Jon Sudupe dionez:

"XX. Mendean euskaldunaren eta nazionalismoaren identifikazio politikoa egin nahi izan zuten, aurreko mendean euskalduna eta baserritarra berdintzat jo zituzten bezala. Lehen euskaldun ona izateko fededuna izan behar zen modu berean, orain abertzalea izan beharra dago. Nazionalismoa euskaraz baliatu da bere ideologia zabaltzeko eta alderdikeria ideologiko horrek jende asko uxatu du euskalzaletasunetik. Esan beharrik ez dago hasierako sozialistak euskal autonomiaren eta euskararen aurka jardun zirela. Ideologia baten izenean haiek ere, langile ideologia aitzakiatzat hartuta, alegia. Izen handiko intelektualen teorizazioak ( Unamuno, Meabe, Madinabeitita) ez zuen joera hori ezertan aldatu. Zoritxarrez, intelektual horiek ez zituzten hizkuntza eta kultur aniztasunaren balioak aintzat hartu." (Ideologiarik gabeko euskara- Berria, 2009/9/13).

Dena den gaurko erpin ideologiko nagusiak, munduan ematen direnak eta hurrengo laukian azaltzen direnak euskal gizartean ere manifestatzen dira, egia esan, eztabaida ideologiko nazionalaren ondoan, eta beti bigarren plano batean.

Euskal Herrian ere globalizazioaren garaian diskurtso neoliberalak, sozialdemokratak eta Anthony Giddens-en hirugarren bideari loturikoak zein ezker alterglobalitarioarenak manifestatzen dira eta eskematikoki hiru erpin hauetan koka ditzakegu gaur egungo gizartean dauden ikusmira edo erreferentzi ideologiko nabarmenenak.