Kontzeptua

Ideologia politikoak: amaiera ala berpizkundea?

Bestelako fenomeno komunikatiboetan bezalaxe ideologien garapenean zirkuito edo ingurubide ideologiko bat ematen da, Lasswell-en eskema jarraituz horrela deskribatu dezakeguna: NORK? esaten duen ZER? NORI? zuzendurik- NOLA? eta ZERTARAKO?.

Edo bestela esanda, emailea, mezua, hartzailea, bitartekoak eta ondorio edo emaitzak. Emaileen artean ideologia menderatzaile edo alternatiboaren ekoizleak ditugu. Zein da garrantzitsuena? Gaur egun dudarik gabe, Estatua da ideologiaren ekoizle nagusia, zentsore, kontrolatzaile eta legegilea.

Baina adibidez Eliza eta komunikabideak baita ere. Gizarte pluraletan zirkuito bat baino gehiago dugu. Estatuak bere administrazio publiko osoarekin ez du gizartean ekoizten diren ideologien gaineko aginte edo autonomia osoa eta gatazka ideologikoak ezagutzen ditugu, mezu kontrajarriekin eta kontzentzurik gabeak. Normalean botere politiko eta soziala mantentzen den bitartean aginpide politikoaren maneiatzaileen legitimazio eta nagusitasuna naturaltzat hartzen dira, baina mugimendu alternatiboetatik ere mezu ideologiko berriak (feminismoa, antimilitarismoa, ekologismoa, nazionalistak, ...) sortu dira. Beraz mezu ideologiko kontrajarriak topatzen ditugu, elkarren arteko lehian eta horregatik agenda politiko mediatikoan egotea eta mezu ideologikoak zabaltzeko ahalmena izatea guztiz funtsezkoa dugu.

Produktore ideologikoen alorrean partidu, mugimendu, gobernu, botere instituzional, oposizioko liderrak, estatu gizon-emakumeak (Che Gebara, Fidel Castro, Mao Zedong, V.I. Lenin, A. Hitler) nahiz eta azken hauek urriak izan eta intelektualak ere topa ditzakegu. Beraz ideologiak sortze eta zabaltzerakoan egile oso desberdinak aurki ditzakegu eta euren artean gaur egunean kazetari eta esatariak, idazleak, apaizak eta sindikalistak ere. Intelektualek historikoki ideologien sortzaile eta hedatzaile bereziak izan dira nahiz eta gaurko egoera edo aro politikoan intelektualen desafekzio ideologikoa deigarria eta kritikatua izan, oso.

Beste asuntua da ideologoek zernolako metodoak erabiltzen dituzten euren proposamen ideologikoak egiteko eta euren jarraitzaileak konbenzitzeko. Normalean modu asertiboak erabiltzen dira. Duda gutxi eta baieztapen asko, ona eta gaizkia, justua eta bidegabea, egia eta faltsua separatzeko, azken batean jendearen mobilizazioa eta adostasun gradu altua bilatzen baitda. Horretarako, masa eta jende arrunten jarraipenerako erretolika erraza, metafora ulergarri eta hitzen erabilpen egokia egiten dute ideologoek, barneko lojika eta koherentzia mantenduz, nahiz eta kontraesan historikoak agertu.

Gainera diskurtso ideologikoaren baitan. Signoak eta simboloak, signifikatuak eta signifikanteak modu orekatuan jartzen dira, jarraitzailen berehalako identifikazioa lortze aldera. Koloreak eta irudiak, simboloak eta enblemak guztiz funtsezkoak dira ideologien garapenean eta hedatze dinamiketan.

Hartzaileen txokoan, ideologia bakoitzeko oinarri sozial diferenteak leudeke, eta audientzia hauek irabazteko emaileek borrokatu egiten dute elkarren artean. Horrela historikoki eta batez krisi sozial edo ekonomiko sakonak ematen direnean, ideología batean kokatzen diren norbanakoak eta talde sozio-politikoak, beste ideologien mezu salbatzaileak besarkatu ohi dute. Adibide moduan, faxismo alemaniar edo italiarraren sasoian langile sozialista eta komunisten kasu aipa daiteke edo historikoki gertuago, Europan ideologia populista eta arrazistei eman den hurbilpena eta lerrokatzea.

Bitarteko ideologikoak oso desberdinak izan daitezke. Difusio, intentsitate eta bitarteko teknikoen aldetik segun ideologia menderatzaile edo disidenteen aldetik abiatzen garen, gauzak kolore eta distira oso diferenteetan ikusiko ditugu. Desberdintasun kualitatiboak aurkitzen ditugu mass mediaren erabilpen aldetik, batez ere sasoi edo kanpaina elektoraleetan. Honekin batera zirkuito ideologikoak bere osotasunean arakatu eta hedabideetan edota iritzi publikoan lortu duten arraskasta aztergai interesgarria suerta daiteke.

Gertuagoko denbora historikoan hedabide masiboak ideologien mezuen zabalkunderako ezinbesteko tresnak bihurtu dira, hauen eragina biderkatuz. Interneten adibidez ideologia txiki edo alternatiboen mezuak eta proposamenak barreiatzeko tresna egokia suertatu da azken hamarkadan. Eta horrexegatik bertan diskurtso ideologikoak azentu eta lehentasun nabaria jaso ditu, bere osagai, forma eta eraikitze prozesuak indartuz. Autore eta filosofo klasikoen erabilpena zein historiarena nola egiten duten eta diskurtsoaren barneko rol ugarien (ideologoak, militanteak, zaleak, hartzaileak, emaileak, ....) arteko lehiak ere azeleratu dira tresna komunikatibo berriekin, nahiz eta ikusiko dugunez ideologien ospe ezkorra eta desideologizazio zein indibidualismoaren olatuak goraka egin.