Kontzeptua

Ideologia politikoak: amaiera ala berpizkundea?

Egungo koiuntura politikoan ideologia eta zientzia, askoren ustez, antonimoak dira. Eta horrek eramaten gaitu ideologia eta zientziaren arteko nahasmen eta muga ilunak argitzera. Aipatu behar baditugu pentsaera zientifikoan zeintzuk diren seinale nagusiak, horiek izan daitezke egiaztatze enpirikoa, azalpen deskriptiboa, eraginkortasuna, operatibitatea eta aplikabilitatea. Horiek duda barik ez dira ideologiei ondo funtzionatzeko eskatzen zaizkien ezaugarriak.

Dena den has gaitezen ideologia politikoen natura eta edukiak, beste diziplina hurbiletatik separatuz, hots, pentsamendu, filosofia zein teoria politikotik desberdinduz. Hau ez da lan erraza, eta markatutako mugak baliogarriak suerta daitezke diziplina bakoitzeko ezaugarriak ezagutzeko orduna, baina muga horiek labankorrak dira eta difuminatuak.

Pentsamendu politikoak, gizarte aldaketa eta Estatu eta instituzioekiko legitimazio harremanak azaltzea du helburu nagusietariko bat. Teoria politikoan, aldiz erdiko helburua dugu intelegibilitatea eta transmisibilitatea, barneko kritikari eta kanpokoari eustea. Teorikoen ustetan garrantzia duena da arazo politikoen azalpena eta soluziobideen gaineko erakustaldiak.

Filosofia politikoan, espekulazioa da nagusi. Ideologien printzipioak eta jatorriak dira filosofoen kezka, eta hastapen politiko horien zergatietan ematen dute denbora eta arima. Ikusten dugunez muga orokorrak dira eta zaila egingo zaigu gero esatea Aristotele zer izan zen gehiago, pentsagile, filosofo ala teoriko politiko bat. Seguru asko hiru ofizioak batera.

Ideologiaz ari garenean, gure buruari galdetu behar diogu, funtzionatzen du? Nor erakartzen du? Zergatik? Ideologoek eta bere ideologiek jarraitzaileak behar dituzte. Mobilizazioak eta gizartearen parte baten sostengua, horretan datza bere arrakasta, nahiz eta batzutan hori oso arrazionala ez izan, edo bidegabea eta hortzik datozkie ideologiei ospe txarrak.

Ilustrazioaren garaian ideologia erabilia izan zen, ideien zientziaren zentzu "strictu" baina ideologia eta zientziaren arteko erlazioaren kritiko gorena K. Marx kontsidera dezakegu. Testu desberdinetan Marx-ek ideologiaren inguruko doktrina koherente bat jorratu baitzuen.

Jokoan dagoena "ezagutzaren maila" edo metodoa da eta horrela epistemologia edo ezagutza eta jakintzaren zientziaren arabera aro historiko eta eskola desberdinetan ezagutza mota diferenteak erabiliak izan dira.

Aintzinean Platon-en ustez kontenplazioa zen jakinduriarako biderik onena, filosofo kristau eskolastikoentzat izkribu sakratuetan zegoen ezagutzaren giltza eta Ilustrazioaren garaian aldiz arrazoiaren alorrean. Metodo zein bide diferenteetan ere oinarritu dira liberalak (logika formal), marxistak (arrazoi dialektikoa) eta kontserbadoreak (analogia, mitoak eta probidentzia) errealitate soziopolitikoa, bere konplexutasunean azaltzeko.

Behin onartuz gero gure arrazoia dela ezagutzaren sortzailea, Marx-ek subjektu ezagutzaile edo jakilea errealitatearen eskuratzailea dela eta zentzu materialista osoz, aspektu metafisikorik gabe, misterio eta mitoak baztertuz, dena esplika eta erakuts daitekela zientifikoki, baieztatu zuen. Horregatik askok, Marx barne, esan zuten marxismoa zientzia bat zela, sozialismo zientifikoa eta ez ideologia interesatu bat.

Karl Marx bere idazlan Ideologia Alemaniarrean zioen kontzientzia produktu sozial bat dela eta halaber izaera sozialak kontzientzia mugatzen duela. Marx-ek kapitalismoaren aztertze sakon bat egin zuen, arrazionala, zientifikoa, bere kontraesanak ateratzen. Langile industrial eta burgeseriaren bizimodu eta esperientzia hain desberdinak ikusiz, armonia eta itxurazko interes komunen tesiak eta idearioak kritikatu egin zituen.

Bere ustez burgeseria, klase menderatzailea alegia, kontraesan hauen soluziobideak pentsamenduaren baitan bilatzen ditu, eta horrexegatik bere ideologia (liberalismo burgesa) "statu quo" mantentzeko tresna oso garrantzitsu bat izango dugu.

Marx-en aburuz, filosofia, legeak, erlijioa, moral, teori soziala edota komunikabideak burgeseriaren ikuspuntutik eginda eta erabiliak dira. Eta bere ustez, langileek normalzat barneratzen dituzte, kontzientzi faltsu bat sortuz. Fenomeno hori aburgesamendua deituko da. G. Lukacs marxista hungariarrak geroago esango digun legez, gauza bat da "klasea berez" objektiboa, bere lan indarra saltzera kondenaturik dauden proletarioak eta "berarekiko klasea" azterketa kritiko egin eta gero, egoera subjektiboki barneratua daukatenak. Langile konsziente eta iraultzaileak, kapitalismoaren aurkako borrokan konprometituak.

Dena den Marx-ek onartu zuenez, burgeseriak ez du beti errealitatearen distortsio eta itxurapen bat egiten. Dena ez da engainu, kapitalismoak bere lege zientifikoak ditu baita ere baina kezkatzen zitzaiona zera zen, ideologi burgesak langileriarengan sortzen zituen, naturalak baitliran, indibidualismoa, kontsumismoa eta kapitalismoaren onespena.

Sozialismo zientifikoak, materialismo historikoaren arabera, eta idealismo hegeliarraren aurka, gizartearen egitura ekonomikoak aspektu sozial, politiko, eta kulturalak, legea, morala zein jakintza baldintzatzen dituela defendatzen du.

Zientziaz jantzita ikusten zituen bere proposamenak, idealismo edo itxurapen ideologizatuetatik urrun. Hau da sozialismo zein komunismorako saioak ezinbestekoak ziren, langileek hartu beharrekoak. Langileek ez zuten beste "idealik", objetiboki iraultzaileak bihurtuko baitziren kapitalismo monopolista eta zapaltzailearen eraginez.

Ideologiaren ikasketetan K. Marxen ekarpena oso funtsezkoa dugu baina gero beste soziologo aleman batek Mannheim izenekoa, intelektualen egoera berezia, hots neutraltasuna produkzio ideologikorako egokia zela oso baieztatu zuen.

K. Mannheim Ideología y utopía: Introducción a la teoría del conocimiento (Bonn, 1929) obra famatuan, termino bien arteko kontraesanak aztertu zituen. Ideologia ikusmira partzial, desbideratu eta sektarioari, utopia arrazionalaren zentzu orokorra, sozial eta mundu-ulerkuntza globala kontrajartzen zion eta bion gainetik intelektualek jorratu daitezkeen lerro konsziente, ez klasista (objektibo) eta utopikoetatik, gizartearen diagnostiko zuzenak planteatzeko aukera eta konpromisoaren beharra plazaratu zituen ere.