Kontzeptua

Hizkuntza Ofiziala

Nafarroako Foru Erregimena Birrezarri eta Hobetzeko Lege Organikoak (NFBHLO) 9 art.an zera xedatzen du: "gaztelera, Nafarroako hizkuntza ofiziala da" eta "euskara ofiziala izango da ere Nafarroako euskal hiztunen eremuetan". Halaber, honakoa gehitzen du: "foru-lege batek eremu horiek zehaztuko ditu, euskararen erabilera ofiziala erregulatuko du eta, Estatuko legedi orokorrarren esparruan, euskararen irakaskuntza arautuko du".

Ondorioz, NFBHLOrekin bat, badirudi euskararen ofizialtasuna Nafarroan, soilik, "euskal hiztunen eremuetara" mugatzen dela. Aitzitik, aipatu Legeak ez du zehazten zeintzuk diren eremu horiek, eurak finkatzea etorkizuneko Foru-Lege baten esku uzten bada ere. Foru-Lege honi, hain zuzen, esleitzen zaio euskararen erabilera ofiziala erregulatzeko eginkizuna. Honetara, uka ezina da 18/1986 Foru Legetaz ari garela, bertan, hitzez hitz, "euskal hiztunen eremuei" aipamen egiten ez zaien arren.

Euskarari buruzko Foru Legea aztertu aurretik, lehenik eta behin mahai-gainera daitekeen arazoetako bat honakoa da: Konstituzioko 3.2 art.ak -xedatzen duenean "gainerako hizkuntza espainiarrak ere ofizialak izango dira dagokien Autonomia Erkidegoan, bertako Estatutuen arabera"- ahalbidetzen ote duen Foru Erkidegoko zati batera soilik mugatzea hizkuntza autonomikoaren ofizialtasuna. Gure aburuz, ikuspuntu juridikotik, hori egiteko aukera ematen du Konstituzioko 3.2 art.ak; balizko etorkizun bati begira ordea, gerta liteke Foru Parlamentuak "euskal hiztunen eremuak" Foru Erkidego osora hedatzen direla adieraztea. Bada, kasu honetan, NFBHLO berberarekin, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabal liteke. Horretarako Foru Parlamentuan 26 boto lortzea aski izango litzatekeela esan beharra dago ere -jakina, adostasun handiagorik lortu ezean-; alegia, NFBHLOak galdatzen duen bezalaxe, erabateko gehiengoz Lege bat onartzea beharrezkoa izango litzateke.

Honetara, ezin dugu ahaztu Nafarroako Parlamentuak, 1980ko azaroaren 3an dagoeneko deklaratu zuela euskararen ofizialtasuna Foru Erkidego osora hedatzen zela, ondokoa xedatuz: "1. Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza ofizialak dira. 2. Printzipio hori Nafarroako Foru Erregimena Birrezarri eta Hobetzeko Oinarriei erantsiko zaie eta Foru Erkidegoak eskuduntza osoa izango du Lege bidez erregulatzeko".

Nafarroako errealitate soziolinguistikoa aintzat hartzen badugu, zalantza izpirik gabe, Foru Erkidego osoan euskara ofiziala dela deklaratzea sinbolikoki esanguratsua izango litzateke. Alabaina, ikuspuntu juridikotik, deklarazio horrek makina bat modulazio beharko luke (ziurrenik, Valentziako Autonomia Erkidegoan, irakaskuntzaren eremuan dauden modulazioen antzekoak, eta Administrazioak euskaraz emaniko zerbitzuak, zuzenean, errealitate soziolinguistikoaren menpe egongo lirateke). Bada, honek gutxi aldatuko lituzke egungo arau-markoaren materialtasuna zein aukerak. Hortaz, alde batera utzirik euskararen ofizialtasunaren inguruko eztabaida interesgarri hori -baina antzua ere izan litekeena-, une honetantxe, ikuspuntu praktiko batetik garrantzitsuena zera litzateke: Nafarroan, euskaldunen hizkuntza-eskubideen berme maila zein den zehaztea. Edozein kasutan ere, argi izan behar duguna da, NFBHLO behar adina malgua dela, etorkizunean, Foru Erkidegoa osatzen duten hizkuntza-lurralde ezberdinak "euskal hiztunen eremutzat" deklaratu ahal izateko.

Gaur egun, euskarari buruzkoa Foru Legeak (abenduaren 15eko 18/1986 zki.dunak alegia) Nafarroa hiru hizkuntza-eremutan zatitzen du: "euskalduna" -"euskal hiztuna" esan nahi ez duena eta eremu bakarra besarkatzen duena, NFBHLOk "eremuak" direla xedatzen duen arren-; bigarrena ostera, eremu "mistoa" da, alegia, Nafarroako euskal hiztun gehien biltzen duena; eta, hirugarrena eta azkena, "ez-euskalduna" deituriko eremua, non "euskal hiztunak" ere badauden, baina gutxiengo bat diren gizartean.

Alabaina, sarritan ahazten dugu, Nafarroako euskararen Legea alderdi Sozialistak proposatuta onartu zela, eta lege-egitasmoaren osotasunerako hiru zuzenketa aurkeztu zirela. Lehenak, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna deklaratzea zuen helburu (Euskal Jeltzaleen parlamentu-taldeak aurkeztu zuena). Gainerako bi zuzenketen arabera ordea, batak zioen egitasmoa ez zetorrela bat NFBHLOrekin (talde Popularraren zuzenketak, alegia). Besteak berriz (UPNko parlamentu-taldearenak), zera esaten zuen: NFBHLOk xedatzen zuenari ez ziola men egiten. Izan ere, deitura desegokia zerabilen; hizkuntzaren izendapenari ez zitzaion egokitzen; zehaztasunik ez zuen euskararen ofizialtasuna nora mugatzen zen finkatzeari zegokionean, edo euskararen erabilera ofiziala iradokitzen zuen euskal hiztunen eremuetatik harago; 13/1982 Legeak aurreikusitakoarekin bat ez zetozen "eremu euskalduna" eta "mistoa" finkatzen zituen; hizkuntza hautatzeko borondate printzipioa ez zuen behar adina bermatzen; eta horrenbestez, errealitate soziolinguistikotik harantzago, ikasketa-planetan euskara sartzea xedatzen zuen.

Dakigun bezala, lege-egitasmoaren osotasunerako hiru zuzenketa horiek ez ziren aurrera atera eta Legea erabateko gehiengoz onartu zen. Aitzitik, ez UPNk ez eta euskal jeltzaleek ere, ez zuten aldeko botorik eman (eta HBko parlamentu-taldeak ez zuen lege-egitasmoaren eztabaidan parte hartu ez eta onarpen-prozesuan ere). Euskal jeltzaleek Nafarroa osoan euskara ofiziala zela esplizituki deklaratzea galdatzen zuten, baina ez zuten lortu; UPNko bozeramaileak ostera, lege-egitasmoaren azken Irizpenean, emaniko botoaren zergaitia azaltzerakoan, honakoa aditzera ematen zuen hitzez hitz:

"no es nuestra Ley, porque no asume todos los postulados de nuestra enmienda a la totalidad y del texto alternativo" (...).. Al analizar el contenido del Dictamen final, vemos diferencias del contenido al proyecto, evidentemente. Pero, como puse ayer de manifiesto en relación con el artículo 16, algunas son puramente formales y prácticamente semánticas, sin que afecten al fondo de la motivación que motivó y que fundamentó la postura de nuestro Grupo en la enmienda a la totalidad. Si tomamos como referencia los puntos en que se basaba nuestra enmienda a la totalidad, tendríamos que decir que los puntos 1 y 2 referidos a la denominación inadecuada de la Ley está realmente aceptados en el Dictamen. No se habla de Ley del euskera; se habla de Ley del Vascuence. Y no voy a entrar en el nominalismo que eso representaba, porque ambas acepciones son perfectamente válidas e incluso desde el texto en que está elaborada la Ley, que es el castellano. Se dice, y enseguida acabo, señor Presidente, en el punto 3 que había una cierta ambigüedad en torno al contenido oficial. Esta ambigüedad ha sido salvada en los rótulos de la Ley hablando en una parte del uso oficial y en otra, simplemente, del uso, pero manteniendo en gran parte el contenido anterior, que en opinión de algunos Grupos acercaba a la oficialidad y en opinión de otros Grupos no implicaba oficialidad. Se mantiene el criterio de las zonas, al que nuestro Grupo se oponía por entender que no estaba basado en el artículo 9 de la LORAFNA. Sin embargo, en el aspecto positivo, el principio de voluntariedad en que se apoyaba nuestro Grupo se ha respetado, incluso se ha hecho énfasis de una forma destacada en la voluntariedad y en la progresividad. No voy a citar todos los artículos, pero son ni más ni menos que 9 los artículos en los que se hace referencia a esta voluntariedad, y es una aportación claramente positiva del contenido del Dictamen".

Horrenbestez, zein da euskarari buruzko Foru Legearen edukia? Bere "Xedapen Orokorretan" ezartzen da, Legearen helburua dela "euskararen erabilera normala eta ofiziala arautzea gizarte-elkarbizitzaren alorrean nahiz irakaskuntzan". Halaber, Legearen oinarrizko xedeen artean, ondokoak azpimarra daitezke: "a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestu eta eraginkor bihurtzeko tresnak zehaztea; b) Nafarroan euskararen berreskurapena eta garapena zaintzea, bere erabilpena sustatzeko neurriak adieraziz; eta c) euskararen erabilpena eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta begirune irizpideei jarraiki, hau guztia Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera". Berebat, arestian esan bezala, "botere publikoek behar adina neurri hartuko dute, hizkuntza-arraozoiak direla medio, hiritarrak diskriminatzea eragoztearren".

Zehazki, euskarari buruzko Foru Legeak eremu euskalduna deiturikoan, hiritar guztiei aitortzen die, botere publikoekiko harremanetan eurak hautatako hizkuntza erabiltzeko eskubidea (euskara zein gaztelania, alegia), baita modu berean harrera izatekoa ere. Honetara, Administrazio publikoek eta izaera publikoa daukaten enpresek mailaz mailako trebakuntza sustatuko dute, eremu euskaldunean lan egiten duten langileek euskara erabil dezaten. Orobat, Administrazio bakoitzak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, gainerakoentzat, kontuan hartzeko merezimendutzat joaz. Bestalde, unibertsitate-mailakoa ez den hezkuntzan derrigorrezkoa izango da euskararen eta gaztelaniaren irakaskuntza, ikasle orok, oinarrizko eskolatzearen bukaeran bi hizkuntzetan gaitasun maila nahikoa frogatu ahal izan dezan.

Bigarrenez, eremu mistoa deiturikoari dagokionez -arestian aipatu parlamentu-izapidean, talde Popularrak eta UPNk onartzen ez duten eremua NFBHLOri jarraiki- euskarari buruzko Foru Legeak hiritar guztiei aitortzen die "euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea, Nafarroako Administrazio publikoei zuzentzen zaizkienean". Halaber, eskubide horren egikaritza bermatzeko, aipatu Administrazioek honakoa egin ahal izango dute: a) "urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea zehaztu; b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu". Irakaskuntza arloari dagokionez, "euskara bertan sartzea piskanaka, mailaz maila eta nahikotasunez eginen da, ikastetxeetan, eskatzen dutenentzako, euskaraz emaniko irakaskuntza-ereduak sortuz". Orobat, "unibertsitate-mailakoa ez den hezkuntzan, euskara irakatsiko zaie nahi duten ikasleei, oinarrizko eskolatzearen bukaeran euskararen ezagupen nahikoa izan dezaten".

Hirugarrenez eta azkenik, eremu ez-euskalduna deiturikoan "hiritarrei aitortzen zaie Nafarroako Administrazio publikoetara euskaraz zuzentzeko eskubidea". Aitzitik, aipatu Administrazioek "interesatuei gaztelaniarako itzulpena eska diezaiekete", edo, bere kasuan, itzulpen zerbitzu ofizialak erabil ditzakete (euskaratik gaztelaniara itzultzeko, alegia); hain zuzen, itzulpen zerbitzuok Nafarroako Gobernuak sortu behar ditu administrazio-unitate bezala. Bestalde, irakaskuntza arloari dagokionez, euskarari buruzko Foru Legeak xedatzen du, eremu ez-euskaldun honetan euskararen irakaskuntza bultzatuko dela, eta hala behar izanez gero, botere publikoek osoki edo partzialki finantziatuko dutela, sustapen nahiz promozio irizpideei jarraiki baita eskarien arabera ere.

Jakina, era zilegian eztabaida daiteke, euskarari buruzko Foru Legeak proposatzen duen zatiketa hizkuntza-eremuei dagokienez -baita eremu bakoitzean aitortzen dituen hizkuntza-eskubideei dagokienean ere- NFBHLOko estatutu-aurreikuspenei eta Konstituzioari egokitzen ote zaizkion. Edozein kasutan, kontuan izan behar dena da, etorkizunean, euskarari buruzko Foru Legearen edukia alda daitekeela Parlamentuko gehiengoen arabera. Aitzitik, juridikoki egin ezin zitekeena -372/2000 Foru Dekretua eta bere hiru garapen-planak onartu zirenean-, eta gaur egun, egin ezin daitekeena -otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretua indarrean egon arren-, zera da: euskarari buruzko Foru Legea garatzen duen Dekretu bat per saltum NFBHLOri lotu. Halaber, ezin da elaboratu euskarari buruzko Foru Legearen edukietara egokitzen ez den erregelamendurik. Izan ere, gogora ekarri behar dugu, arestian aipatu 372/2000 Foru Dekretua eta bere hiru garapen-planak onartzearekin batera, UPNk, euskarari buruzko Foru Legea onartzeko burututako parlamentu-eztabidetan defendatu zituen tesiak ezarri nahi izan zituela; eta ostera, bai Foru Dekretua baita hiru garapen-planak ere, osotasunean deusezak zirela deklaratu zuela Auzitegi Gorenak (2006ko ekainaren 5eko AGE Azdi 3094, 2006ko ekainaren 7ko AGE Azdi 3444, 2007ko maiatzaren 28ko AGE Azdi 5395, eta 2007ko urriaren 31ko AGE Azdi 8714).

Horrenbestez, gaur egun oraindik, ikuspuntu material batetik, bi eztabaida juridikok bizirik diraute: lehena, hizkuntza-eskubideen hedaduraren inguruan dagoena, batik bat, eremu mistoan (bertan bizi delarik euskal hiztun gehien); eta aurrekoari lotuta, bigarrena, eremu mistoan euskara ofiziala ote denari buruzkoa (izan ere, badirudi, eremu euskaldunean euskararen ofizialtasunaren inguruan zalantzarik ez dagoela). Bada, euskarari buruzko Foru Legearen hitzei erreparatzen badiegu -baita aipatu Legearen elaborazio-prozesuan parlamentarioek eginiko parte-hartzeei ere- antzeman daiteke, eremu mistoan dagoen hizkuntza-ereduak, eremu euskaldunean eta ez-euskaldunean dauden ereduen arteko tertium genus bat nahi duela izan. Berebat, eremu mistoan, formalki, hizkuntzen ofizialtasun bikoitza dagoela errefusa liteke; aitzitik, ezin uka daiteke, materialki bederen, euskararen erabilera ofizialak daudenik, bai irakaskuntzan baita euskarari buruzko Foru Legeak aurreikusten duen aukeran ere, hain zuzen, eremu mistoan hiritarrek Administrazioetara euskaraz zuzen daitezen edo Administrazioekiko harremanetan euskara erabil dezaten -balio eta eraginkortasun osoarekin-. Orobat, aipatu eskubidearen erabilera bermatzeko, Administrazioek zehaztu beharko lukete zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta zeinetan kontuan hartzeko merezimendutzat joko den. Ondorioz, ikuspuntu honetatik, zuzenbide osoz deuseza izango litzateke, euskarari buruzko Foru Legea guztiz ezeztatuz, eremu mistoan, arestian aipatu tertium genus hori ezabatuko lukeen edo euskararen erabilera ofizial horiek eragotziko lituzkeen edozein Foru Dekretu -edo bera garatzen duen edozein plan-.

Egun, Nafarroako Administrazio Publikoetan euskaaren erabilera arautzen duen eta indarrean den otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuari dagokionez, gogora ekarri behar dugu, 2005eko abenduaren 9an, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak emaniko epai batean (JUR 2005800) deusez deklaratu zituela aipatu Foru Dekretuko 15.1 art., 18.3 art., 21.1 art.ko lehen lerroaldea eta 23.1 art; izan ere, funtsean, eremu mistoko euskal hiztunen hizkuntza-eskubideak urratzen direla ulertzen zuen. Aipatu beharra dago ordea, epai hori oraindik ez dela irmoa, Foru Dekretuaren aurka jarritako kasazio-helegiteak ez baitira oraindik ebatzi. Nolanahi ere, honetara, Auzitegi Gorenaren 2006ko martxoaren 23ko Autoak (JUR 20068068), lehen auzialdian, helegilearen kasazio-helegitearen prestaketa mugatzen du, ez delako ageri "89.2 art.ak galdatutako gailentasun judiziorik; izan ere, urratutzat jotzen diren Estatuko arau zehatzak edo europar Zuzenbidekoak aipatzen diren arren, ez da inolaz ere justifikatzen eurak urratzea erabakigarria izan denik eta ondorioz, helegindako epaitzan eragina izan duenik".

Hain zuzen ere, ustez urratutzat jotzen diren Zuzenbideko arauon artean Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Karta legoke. Dakigun bezala, Espainiak 2001 urtean berretsi zuen Karta eta hortaz, Nafarroan ere guztiz aplikagarria litzateke orduz geroztik. Alabaina, eztabaidatzen den arazoa honakoa da: berretsitako xedapen guztiak - batik bat III. atala, I. eta II. atalen inguruko eztabaidarik ez baitago- eremu mistoan indarrean dauden eta aplika daitezkeen. Izan ere, kontuan hartu behar dugu, Nafarroako Foru Gobernua, hain zuzen, aurkako tesiaren aldekoa dela, nahiz eta Europako Kontseiluko Ministroen Batzordean (Karta aplikatzen ote den egiaztatzeko eginiko segimendua dela-eta) 2005eko irailaren 21ean Espainiari zuzendutako Gomendio bat onartu zuen. Honetara, Gomendioak bosgarren puntuan zera adierazten du esplizituki: "Nafarroako legediari men eginez, Kartako III. Atalak eremu mistoan euskarari eskaintzen dion babesa era egokian ezartzeko aukera aurreikusi behar dela". Bestalde, laugarren puntuan zera adierazten du: "neurriak hartu behar direla euskararen erabilera sustatzearren, Euskal herriko hedabide elektroniko pribatuetan, baita orokorrean Nafarroako irrati zein telebista saioetan ere".

Azkenik, egungo Foru Gobernuak, Nafarroako eremu mistoan euskararen ofizialtasunik inolaz ere aitortzen ez duela aditzera ematen duen makina bat adibideren artean, honakoa gogora ekarri behar dugu: 2007ko apirilaren 10ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak (JUR 20070333), otsailaren 8ko 19/2006 Foru Aginduaren aurka jarritako administrazioarekiko auzi-helegitea baietsi zuen. Izan ere, Nafarroako Gobernuko komunikazioen, garraioen eta lan publikoen kontseilariak emaniko aipatu Aginduak atzera bota zuen lehendik, abuztuaren 16ko 735/2005 Ebazpenaren aurka jarritako gora egiteko helegitea. Eta lan publikoen zuzendari orokorrak emaniko Ebazpen honek halaber, atzera bota zuen lehenago, euskal toponimia ere agertzearren, Zizur Nagusitik igarotzen den 111-N ren zatiko bide-seinalea alda zedin eginiko eskaera. Bada, Nafarroako Justizi Auzitegi Nagusiaren epaiak aipatu administrazioarekiko auzi-helegitea baiesten du, azaroaren 9ko 368/1992 Foru Dekretuaren artikulu bakarrean oinarrituz. Ezen, xedapen honi jarraiki, "Cizur Mayorren ohiko deituraren izendapen ofizialak Zizur Mayor eta Zizur Nagusia dira. Eta deitura horiek, ondorio guztietarako, legezkoak izanen dira".