Kontzeptua

Hizkuntza Ofiziala

Espainiar Konstituzioaren 3.1. artikuluko lehenengo paragrafoan gaztelania Estatuko hizkuntza ofizialtzat jotzen da, horrekin, bistakoa denez, gainerako hizkuntza ofizialekiko egoera desberdinean kokatuz, bera baita Autonomia Erkidego guztietan eta, beraz, Estatuko lurralde guztian, ofiziala den bakarra. Bestalde, Konstituzioko 3.2. artikuluaren arabera, "gainerako hizkuntza espainiarrak ere ofizialak izango dira dagokien Autonomia Erkidegoan, bertako Estatutuen arabera". Beraz, gaztelaniarentzat ezarritako ofizialtasun bera aitortzen zaie gainerako hizkuntza espainiarrei, nahiz eta Autonomia Erkidegoaren lurralde eremura mugatuta egon.

Halaber, Konstituzioak gaztelania jakin beharra ezartzen du, inplizituki hizkuntza dela-eta ez diskriminatzeko printzipioa ere onartuz; eta aldi berean Estatutu batzuk, hala nola Euskadikoak, Kataluniakoak edo Valentziakoak, euskara eta katalana edo valentziera, hurrenez hurren, Erkidegoko berezko hizkuntzatzat onartzen dituzte.

Hizkuntza alorreko oinarrizko printzipioak ofizialtasunarena eta hizkuntza dela-eta ez diskriminatzearena dira inolako zalantzarik gabe, eta aldiz, gaztelania jakin beharrarena eta Erkidego batetako berezko hizkuntzarena osagarri gisa jo daitezke. Ikus dezagun bada hau guztia astiroago, printzipio bakoitzaren edukiak laburki aipatuz.

A) Hizkuntzen ofizialtasuna

Konstituzio Auzitegiak modu egokian adierazi duenez, "hizkuntza bat, bizi duen errealitatea eta fenomeno sozial gisa duen pisua alde batetara utziz, ofiziala da botere publikoek beraien arteko eta subjektu pribatuekiko komunikaziorako ohiko bitarteko gisa onartu dutenean, erabateko balio eta eragin juridikoak izango dituelarik" (KAE 82/1986). Beraz, hizkuntza bat lurralde batetan ofizial deklaratzen denean, oztoporik gabe eta erabateko eraginkortasun juridikoaz erabili ahal izango da edonolako harreman publiko eta pribatuetan; alegia, ofizialtasunaren lehenengo ondorio juridikoak hizkuntzarekiko eskubidean datza, bai ikuspegi aktibotik baita pasibotik ere (erabiltzeko eskubide subjektiboa edozein kasutan eta erantzuna aukeratutako hizkuntzan jasotzeko eskubidea solaskidea erakunde publikoa denean). Honek, bistan denez, administrazioko eta botere publikoetako egiturak hizkuntza ofizial anitzen beharretara moldatzea galdatzen du.

Bigarrenik, hizkuntza bat ofizial deklaratzetik eratorritako ondorioen artean, juridikoki, aho batez onartuta dago, botere publikoek euren hezkuntza sisteman hizkuntza ofiziala edo ofizialak txertatzeko betebeharra hartzen dutela; izan ere, horrela, derrigorrezko hezkuntza bukatu ondoren, hizkuntza hori ikasleek jakingo dutela ziurtatzen da [honetara, gaur egun, oinarrizko legedian, 2/2006 Lege Organikoaren 2.1.j) eta 23.h) art.ek xedatzen dute aipatu betebeharra (ordura arteko LOGSEko 19.a) art. ordezkatuz) edo, Euskadiko Autonomia Erkidegoan, Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legeko 3.2.g) art. ak]. Ildo beretik, Konstituzio Auzitegiak adierazia du "Estatuak bere osotasunean (Autonomia Erkidegoak barne direla) bai gaztelania baita hizkuntza ofizialaren izaera duen Erkidegoko berezko hizkuntza jakitea ziurtatzea ere betebehar konstituzionala dela...., honek, jakina, bi hizkuntzak xede hori lortzea bidezko egingo duen indarraz irakatsiko direla dakar. Eta betebehar hori Estatututik ezezik, Konstituzio beratik ere dator (3. art.)". Horretaz gainera, Konstituzioaren interpretari gorenak eransten duenez "erregulatutako gutxieneko ordutegiak ez balira nahikoak bi hizkuntza ofizialak eraginkortasunez irakasteko, betebehar konstituzional hori ez litzateke beteko" (KAE 88/1983). Beraz, ez da aski hizkuntza ofizialak irakastea, baizik eta beharrezkoa da irakaskuntza hori modu eraginkorrean antolatzea, horrela, derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan, ikastetxea edo hautatutako eredua edozein dela ere, ikasleek dagokien lurralde eremuko hizkuntza ofiziala edo ofizialak jakin ditzaten.

Azkenik, hizkuntza bat ofizial deklaratzearen azken ondorio gisa zentzuzkoa dirudi ondorioztatzea -Kataluniako Consell Consultiuk 35/1982 Txostenean egin zuen moduan- ezin dela Administrazioak darabilen hizkuntza ofiziala ez jakitea alegatu, hark, dagokion betebehar konstituzionala betez, ikastetxeetan hizkuntza ofizialaren edo ofizialen irakaskuntza eraginkortasunez bermatzen duenean. Gaztelaniari dagokionez, jakina, ondorio hori ziurtatuta dago, irakaskuntzak -Espainia osoan betebehar gisa orokortu zenetik- Estatu guztiko hizkuntza ofiziala ikastea bermatu baitu. Aldiz, Espainiako gainerako hizkuntza ofizialak irakaskuntzan sartzea duela gutxi gertatu da eta denek ez dute zorte bera izan. Horregatik normalizazio prozesu baten beharrean daude eta bere oinarriak belaunaldi berriei modu eraginkorrean erakustean datza.

B) Gaztelania jakin beharra

Hizkuntza alorrean Konstituzioan lehenengo nabarmentzen den alderdia da, gaztelaniaren eta Espainiako gainerako hizkuntzen ofizialtasunarekin batera esplizituki derrigorrez gaztelania jakin beharra agintzen dela. Konstituzioa egin zenean klausula hori ez zen ustegabean pasa, nahiz eta aurregitasmoa ez zen aldatu, eta esan daiteke gaia oso eztabaidatua izan zela, izan ere, batzuk kentzea eskatu zuten, beste batzuk ordea gainerako hizkuntzetara ere jakin beharra hedatzea eta azkenik, espainiar guztiek gaztelania jakiteko obligazioa hizkuntza horren erabilerara zabaldu nahi izan zuenik ere egon zen, koofizialtasunak bidezko egiten duen aukeraren aurkako jarrera agertuz. Dena den, proposamen horiek ez ziren onartu eta, ondorioz, Konstituzioak gaztelaniari dagokionean soilik agintzen du jakin beharra, nahiz eta edozein hizkuntza ofizial erabateko balio eta eragin juridikoz erabiltzeko eskubidea ere ezartzen duen. Horrek zera esan nahi du: Konstituzioak ez duela gaztelania erabiltzera behartzen ez eta bi hizkuntza ofizial dituzten Autonomia Erkidegoetan inposatzen ere, baizik eta hautatutako hizkuntza ofizialaren erabilera bermatzen duela.

Bestalde, Konstituziotik ondorioztatu nahi bada Autonomia Erkidego elebidunetako bi hizkuntza ofizialen artean ez dagoela berdintasun juridikorik jakin beharra gaztelaniari bakarrik dagokiolako, baieztapen honi zenbait ñabardura erantsi beharko zaio eta galdetu beharko litzateke botere publikoek nola edo zein modutan bermatzen duten gaztelania jakitea. Honen erantzuna derrigorrezko irakaskuntzaren eta aurrikuspen hori hezkuntza planetan sartzearen bidetik etorriko da. Baina ezin da ahaztu ofizial deklaratzetik ere aurrikuspen horixe datorrela, izan ere Estatuak, Konstituzio Auzitegiak dioenez, nahitaezko hezkuntzan hizkuntza ofizialak eraginkorki irakatsiko direla bermatzeko "betebehar konstituzionala" dauka. Beraz, betebehar honen ondorioz logikoa dirudi pentsatzea Autonomia Erkidego elebidunetan derrigorrezko irakaskuntza egiten duten ikasleek bi hizkuntza ofizial jakingo dituztela.

Laburbilduz, gaztelania jakin beharra ezartzen duen Konstituzioko klausulak hizkuntzen ofizialtasunaren eragin juridikoari ez dio ezer berezirik eransten, ez bada "behar"aren berezitasuntzat "gaztelania"ri dagokion zerbait dela ulertzen, hain zuzen ere, Estatu guztian zehar hedatzen eta irakasten den hizkuntza delako, pertsonen bizileku eta auzotasun zibila kontuan izan gabe, bai Konstituzioa onartu aurretik baita ondoren ere. Alegia, gutako inork ez daki gaztelania Konstituzioak jakiteko beharra ezartzen duelako, baizik eta derrigorrezko hezkuntzan ikasi dugulako.

Eta hori guztia, ahaztu ezin delarik hizkuntza bat jakiteko betebeharra, halaber, Autonomia Estatutu batean ezar daitekeela. Izan ere, horrela gertatzen da, esaterako, Kataluniako Estatutu berria onartzen duen 6/2006 Lege Organikoan, bertako 6.2 art.ak zera xedatzen duelako: "Kataluniako hizkuntza ofiziala katalana da. Orobat, ofiziala da gaztelera, espainiar Estatuko hizkuntza ofiziala baita. Pertsona orok bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea dauka eta Kataluniako biztanleek haiek jakiteko eskubidea eta betebeharra dauzkate. Kataluniako botere publikoek eskubide horien egikaritza eta betebehar honen betetzea errazteko behar adina neurri ezarri behar dute. Ezen, 32 art.ak xedatutakoarekin bat, ezin da diskriminatu hizkuntza bat zein bestea erabiltzeagatik".

Bada, konstituzionaltasun arazorik sor al liteke, Autonomia Estatutu bat onartzen duen Lege Organiko batean halako adierazpenak egiteagatik? Gure aburuz, xedapen horrek ez dakar inolako konstituzionaltasun arazorik, baldin eta katalana jakiteko betebeharra soilik Kataluniako biztanleriara mugatzen den eta gaztelera jakiteko betebeharraren ondorio berdinak dituen. Alegia, Kataluniako biztanle batek ezingo luke formalki alegatu katalana ez dakienik; jakina, beti ere gaztelera erabil lezake eta edozein Administraziori eska liezaioke harremanak -balio eta ondorio juridiko osoekin- gazteleraz gauzatzea.

Honetara, gogora ekarri behar dugu, Konstituzio Auzitegiak 84/1986 Epaian konstituzio kontrakotzat jo zuela galizieraren hizkuntza-normalizazioari buruzko 3/1983 Legearen 1.2 art.. Izan ere, aipatu Legeak galiziarrak galiziera jakitera behartzen zituen, zera xedatuz: "betebehar hori ez du Konstituzioak ezartzen eta ez dago galizieraren koofizialtasunari lotua. Konstituzioko 3.1 art.ak gaztelera jakiteko betebehar orokorra ezartzen du, gaztelania Estatuko hizkuntza ofiziala delako. Hain zuzen, betebehar hori bat dator honakoa aitortzen duten Konstitutuzioko beste xedapen batzuekin: espainiar orok hizkuntza komunik baduela eta, ondorioz, hizkuntza hori jakintzat jotzen dela egoitz edo auzotartasun faktoreak alde batera utziaz. Alabaina, ez da berdina gertatzen dagokion Autonomia Erkidegoaren esparruan koofizialak diren gainerako espainiar hizkuntzekin; izan ere, Konstituzioak ez du haiek jakiteko betebeharrik ezartzen. Noski, hori ez egiteak ez dakar diskriminaziorik, gaztelera jakitera behartzen duten arestian aipatu balizkorik ez baita gertatzen hizkuntza koofizialetan". Nolanahi ere, kontuan hartu behar dugu, galiziera jakiteko betebehar hori ez zela ezartzen Konstituzioa zuzenean garatzen zuen Estatuko legedi organikoan (egun Katalunian gertatzen den bezalaxe), lege autonomiko batean baizik (Galiziako Estatututik at). Hortaz, Konstituzio Auzitegiaren 84/1986 Epaia ezin da aurrekaritzat jo, hizkuntza bat jakiteko betebeharra, konstituzionaltasun blokea deiturikoa osatzen duen Estatutu-arau batean ezartzen denean.

C) Lurralde batetako berezko hizkuntza

Autonomia estatutu batzutan berezkotasun printzipioa azpimarratzen da Erakunde Publikoek Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntzaren erabileraren lehentasuna ahalbideratzeko. Honela, adibidez, Kataluniako Estatutu berriko 6.1 art.ak zera xedatzen du: "Kataluniako berezko hizkuntza katalana da. Bada, Kataluniako Administrazio publikoetan zein hedabide publikoetan lehentasunez erabili ohi den hizkuntza da; berebat, irakaskuntzan harremanetan jartzeko nahiz ikasteko erabili ohi den hizkuntza da".

Aurretik, Kataluniako Hizkuntz Politikari buruzko 1/1998 Legean, baieztatzen da, berezko hizkuntzaren kontzeptua katalanari aplikatzeak botere publikoak behartzen dituela hizkuntza hori babestera, modu orokorrean erabiltzera eta bere erabilpen publikoa maila guztietan bultzatzera. Hain zuzen, horretaz dihardu ere, aipatu Legeko 2. artikuluak, honakoa adierazten duenean: "Katalana, berezko hizkuntza denez, Kataluniako erakunde guztien hizkuntza da eta bereziki Generalitateko Administrazioarena, toki Administrazio, gorporazio publikoena, enpresa eta zerbitzu publikoena, hedabide instituzionalena, irakaskuntzakoa eta toponimiakoa".

Dena den, aldi berean bi hizkuntza dauden Erkidegoetan, berezkotasun printzipioak ezin du ofizialtasun bikoitzaren printzipioa ezabatu. Nolabaiteko modulazioak eragin ditzake, baina orokorrean ezingo da hizkuntza bakarraren printzipioa aplikatu, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan burututako edozein iharduerak erabateko balio eta eragin juridikoa izango baitu. Beraz, hizkuntzen erabilerari dagokionean, Administrazio Publikoek bermatu behar dutena da herritarrek hautatutako hizkuntza ofiziala erabiliko dela ad extra edo kanpo harremanetan, Erkidegoaren berezkoa izan ala ez; ezberdina da lan-harremanetan -edota Administrazioaren ad intra edo barne harremanetan-, iharduera hauetan Erkidegoan berezkoa dena soilik erabil daiteke eta hori guztiz onargarria litzateke, beti ere noski, lege babesa badago eta Administrazioaren zerbitzura dauden langileak hizkuntzaren ikuspuntutik trebatuta badaude.

Horrela, laburbilduz esan daiteke hizkuntz ofizialtasun bikoitzak herritarrek hizkuntza aukeratzeko duten eskubidea babesten duela, eta berezko hizkuntzaren printzipioak aldiz, Administrazioko barne harremanetan lehentasunez erabiltzea bidezko egiten duela, baita -hala egin nahi eta ahal bada- laneko hizkuntza gisa soilik hizkuntza hori erabiltzea ere. Horixe gertatzen da Estatuko Administrazio periferikoan gaztelaniarekin, Administrazio Publikoen Erregimen Juridikoari buruzko Legeko 36.1. artikuluan xedatutakoaren arabera (4/1999 Legea), eta gauza bera gerta daiteke, baina alderantziz, Autonomia Erkidegoko Administrazioetan berezko hizkuntzarekin.

D) Hizkuntza dela-eta ez diskriminatzea

Sistema guztia borobiltzeko garrantzi berezia hartzen du hizkuntza dela-eta ez diskriminatzeko printzipioak, funtsezko eskubideen oinarrizko gunea baita berau gauzatzerakoan hizkuntza ofizial baten hautaketa edo exijentzia tarteratzen denean. Konstituzioko 14. artikuluaren idazkeran hizkuntza hitza sartzea komeni zela begibistakoa zen, batik bat nazioarteko itunekiko koherentziagatik. Honi buruz, kontuan izan behar da Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak (2.2. art.) eta Giza Eskubideak Babesteko Europako Hitzarmenak (14. art.) hala jasotzen dutela eta dakigun bezala, Espainiak bi testuak berretsita dituela.

Halere, Konstituzioak hori jasotzen ez duenez, mahaigaineratu beharreko galdera ondokoa litzateke: printzipio hori inplizituki sartuta ote dagoen. Erantzunak baiezkoa dirudi, izan ere oso urruti joan gabe, tipifikatzeko borondate itxirik ez dagoela ikus baitaiteke Konstituzioko 14. artikuluan beste baldintza edo zirkunstantzia pertsonal edo sozialak aipatzen direnean, zeintzuk logikoki hizkuntzari lotuta egon daitezkeen Konstituzioko 10.2. artikuluaren eragin zuzena dela-eta. Aipatu artikuluak, jakina denez, funtsezko eskubideei buruzko arauak alor horretan eman diren etaEspainiak berretsi dituen nazioarteko akordioen arabera interpretatuko direla dio.

Printzipio honek izan ditzakeen ondorio praktikoak Estatu guztiko hizkuntza ofizialarekiko baita Autonomia Erkidegoetako berezko hizkuntzekiko ere eman daitezke, kasuan kasuko baldintzen arabera.

Zehazki, diskriminazioa funtsezko eskubide bat gauzatzerakoan eman daiteke, hala nola funtzio publikoan lanera sartzerakoan, non berezko hizkuntzaren balorazioa egiteko Konstituzioaren arabera inolako arazorik ez dagoen baldin eta burutu beharreko lanerako beharrezkoa duenarekiko zentzuzkoa eta proportzionala den; eta exijentziak ere ez luke arazorik sortu beharko, derrigortasuna bete behar den lanposturako gaitasunezko ukanbehar gisa azaltzen bada (KAE 46/1991).

Era berean, diskriminazioak aukeratutako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubide publiko subjektiboan izan dezake jatorria, eta horrek, baita gutxiengo hizkuntzen kasuan ere, hizkuntzaren ofizialtasunean ezezik, aurrez aipatu Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituneko 27. artikuluan ere du bere oinarria. Nire iritziz hizkuntza ofizial orori dagokion eta ezabatu ezin den funtsezko eskubidea da. Hori bai, gehienez, Administrazioa hizkuntza ofizialak jakiteko betebehar konstituzionalari egokitu artean modulatu egin daiteke. Orobat, aipatu eskubidea ez da hizkuntzaren erabilera hutsarekin agortzen, baizik eta aukeratutako hizkuntza ofizialean erantzuna izateko eskubide konstituzionalera arte zabaltzen da.

Bada, oreka eta irtenbidea aurkitu beharko zaion funtsezko arazoa hauxe da: Erkidego elebidun batean, non hizkuntza ofizialetako bat biztanleen zati batek soilik ezagutzen duen, nola uztartzen diren hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta hizkuntza dela-eta diskriminatua ez izateko printzipioa, azken honek dituen aukera guztiak kontuan izanik. Honetara, Hizkuntza Erregionalen edo Gutxituen Europako Kartak -Estrasburgon egin zenak 1992ko azaroaren 5ean eta Espainiak berretsi eta argitara eman zuenak 2001eko irailaren 15eko Estatuko Aldizkari Ofizialean- aipatu arazoa zerbait argi dezake, bere 7.2 art.ak zera xedatzen baitu: "hizkuntza erregional eta gutxituen aldeko neurri bereziak hartzen direnean, neurri horiek ez dira diskriminatzailetzat joko gehien hedatuta dauden hizkuntzak hitz egiten dituztenekiko, euren helburua honakoa denean: hizkuntza horiek hitz egiten dituztenen zein gainerako hiritarren arteko berdintasuna sustatzea, baita hizkuntza horien egoera berezia aintzat hartzea ere".

Euskal Autonomia Erkidegoan, Estatutua onartzen denetik aurrera (1979an, alegia), euskara normalizatzeko Legeak (1982) eta euskal funtzio publikoari buruzkoa Legeak (1989) ezartzen dituzte, funtzio publikoan sartzerakoan euskara jakitea galdatu eta baloratu ahal izateko oinarriak.

Halaber, gogora ekarri behar da, lehenik eta behin, laurogeiko hamarkadan zehar, euskal Administrazioa eraikitzen ari zenean, euskara jakitea ezin zela merezimendu gisa baloratu, eta are gutxiago, gaitasunezko ukanbehar bezala. Honen arrazoia ondokoa zen: urteetan zehar Auzitegi Gorenak esaten zuela, inolako ñabardurarik gabe, Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza merezimendu gisa baloratze hutsa funtzio publikorako aukeren berdintasun printzipioaren aurkakoa zela. Doktrina hori Konstituzio Auzitegiak zuzendu zuen zera xedatuz: "herritarrek hizkuntzak erabil ditzaten bermatzeko, ez lekarke arazorik botere publikoek funtzionario lanpostu jakin batzuetarako bi hizkuntzak jakitea beharrezkotzat jotzea edota hori merezimendutzat hartzea bestelako merezimenduekin batera". (KAE 82/1986). Ondoren KAE 46/1991 k Kataluniako Funtzio Publikoari dagokionez ondorengoa adierazi zuen: "Konstituzioaren arabera zilegia dela katalana maila jakin batetan ezagutzea galdatzea, hizkuntza horrek Katalunian duen izaera koofiziala eta katalanaren erabilerak Autonomia Erkidegoaren lurralde guztian duen hedapena kontuan hartuz, ezinbestekoa delako Administrazio autonomikoan funtzionarioak bere lana modu egokian burutu ahal izateko".

Beraz, Konstituzioaren arabera ez dago arazorik berezko hizkuntza orokorrean baloratzeko, ez eta galdatzeko ere -gaitasunezko ukanbehar gisa- lana modu egokian burutzeko eta herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko egiten bada. Horrela, Euskal Autonomi Erkidegoan, 1989an Funtzio Publikoaren Legea onartu zenean Administrazioko hizkuntz plangintzaren oinarriak ezarri ziren -adostasunean-, jeltzale eta sozialisten arteko gobernu koalizioaren gidaritzapean.

Legeko zioen azalpenean jasotzen denez, xedea "Administrazio elebiduna eraikitzeko betebehar utziezina" da. Hori lortzeko lanpostu bakoitzari hizkuntz eskakizun bat ezartzen zaio eta horren bidez lanpostu hori betetzeko eta dagokion lana burutzeko nolako hizkuntz gaitasuna behar den zehazten da -batetik laurako aldagaiekin-. Horretaz gainera, lanpostu bakoitzak derrigortasun-data izan dezake eta data hori betetzen denean soilik joko da hizkuntz eskakizuna nahitaezko galdapen gisa lanpostu hori bete ahal izateko. Horren ondorioz, derrigortasuna ezartzen ez den bitartean, ezarritako hizkuntz eskakizunak lanpostua hornitzeko edota kanpoko norbait aukeratzeko garaian euskara jakiteari merezimendu gisa egingo zaion balorazioa zehazteko bakarrik balioko du.

Erraz ikus daiteke arazoaren gakoa ez dela soilik lanpostuaren hizkuntz eskakizuna zein den jakitea (1 eskakizunak ahozko eta idatzizko ulermena funtsezko mailan menperatzea eskatzen du; 2 eskakizunak ahozko ulermena ongi menperatzea dakar; 3 eskakizunak ahozko eta idatzizko ulermen ona izatea galdatzen du; eta azkenik, 4 eskakizunak hizkuntz gaitasunaren maila espezializatua eskatzen du eta normalki unibertsitateko lizentziatuei dagokie); horretaz ganiera garrantzi berezia dauka derrigortasun-datak, horixe baita lanpostu bakoitzaren hizkuntz eskakizuna galdatzen has daitekeen unea. Gai honen erregulazio zehatza, apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoetan, euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duenak burutzen du.

Administrazio bakoitzari dagokio bere lanpostuen hizkuntz betebeharrak finkatzea -Eusko Legebiltzarrak onartutako irizpideak betez-, eta hori lanpostuen zerrenda onartzean egin ohi da; zerrenda hori Euskal Autonomi Erkidegoan prestatzerakoan, lanpostuaren izenarekin batera, zein talde, kidego edo eskalakoa den, izango duen dedikazio erregimena, hizkuntz eskakizuna eta, baldin badauka, derrigortasun-data adierazten dira.

Logikoki, antzeko lanpostuetan hizkuntz eskakizuna berdina izango da Administrazio Publikoetan, baina derrigorrezko data errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuz galdatuko da, eta hori Administrazio bakoitzaren lurralde eremuari dagokion derrigortasun indizetik aterako da; aipatu indizea kalkulatzeko euskal hiztunen kopurua eta elebidun hartzaileen erdia gehitzen dira. Horrela, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2006 urteari dagozkion Erroldako datu ofizialen arabera, %37,38 badira euskal hiztunak (774.894) eta %22,14 berriz, elebidun pasiboak (458.939), Erkidegoko erakundeetan derrigortasun-indizea 37,38 + (22,14/2) = 48,45 izango litzateke; hots, gaur egun indarrean dagoen lanpostuen zerrendan, 2006ko Erroldako datuak aplikatuz gero, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioen %48,45ak derrigortasun-data izan beharko luke esleituta.

Lanpostuei derrigortasuna ezartzeko irizpideek Administrazioko maila ezberdinei tratamendu zuzen eta proportzionala ematea izango dute helburu, zein kidego, eskala edo titulazio taldetakoak diren bereizi gabe. Halere, publikoarekin harreman zuzena duten eta elebidun gisa kalifikatutako unitateetako lanpostuek lehentasuna izango dute. Azken hauetan sartzen dira bereziki gazteriarekin harreman zuzena eta ohikoa dutenak. Honetara, ezin dugu ahaztu, 30 urtetik beherako biztanlegoaren taldean, baita 15 urtetik beherakoak direnetan ere, euskaldunak nabarmenki gehiengoa direla.

Halaber, Eusko Jaurlaritzan, euskararen erabilera normalizatzeko planari dagokionez [IV plangintzaldia (2008-2012), 2008ko uztailean argitaratutakoa], oinarrizko printzipio bezala ezartzen da (19. orrian): "Sailek aukeratu ahal izango dute zein komunikaziotan egingo den euskaraz eta zenbat, malgutasunez eta progresioa zainduz, baina gutxieneko hori denek betetzen dutela eta aurrerantzean funtzio horiek gehitzen joango direla bermatuz. Horrela, derrigortasun-datak eta hizkuntza-eskakizunak benetako tresna edo bitarteko izango dira euskararen erabilerarekin lotzeko, eta ez ezagutzarekin soilik, orain arte maiz gertatu den bezala".

Administrazio publikoetan, euskararen erabileraren normalizazioaren III. Plangintzaldia (2003-2007) baloratzen duen Txostenak (2008ko urtarrilean argitaratutakoak) adierazten du (11. orrian): "Derrigortasun-data igarota duten hizkuntza eskakizunen egiaztatze maila altua da. Orokorrean, derrigortasun-data igaro zaien titularren %55,58k dagokion hizkuntza eskakizuna edota altuago bat egiaztatu du, eta beste %5,69k dagokiona baino maila bat baxuagoa. Ezer egiaztatu gabeak, berriz, %5,64 dira. Ikusten da lanpostuen %26,26 ez dagoela titularrez beteta, hala ere, lanpostu horietan ari direnek, orokorrean, egiaztatzen dute dagokien maila; kasu horietan, gainera, titularrez betetzen direnean egiaztatua beharko dute. Bestalde, aintzat hartzen bada herri administrazio guztietan une honetan ari den langile oro, derrigortasun-data ezarria izan edo ez kontuan hartu gabe, ikusten da euskararen ezagutzari buruzko datuak ere onak direla: %57,43k eskuratu du hizkuntza eskakizunen bat. Administrazio Orokorrari begiratuta, berriz, ikusiko dugu hizkuntzaren ezagutzari buruzko datuak zertxobait hobeak direla oraindik: ia %60k, zehatzago esanda %59,74k egiaztatu du hizkuntza eskakizunen bat. Datu horien arabera beraz, esan daiteke, batetik, derrigortasun-data igarota daukaten lanpostuetan, hizkuntza eskakizunen egiaztatze maila altua dela; eta bestetik, une honetan herri administrazio guztietan ari diren langileak oro har hartuta, euskararen ezagutza ere altua dela: ia %58koa".

Balorazio-txosten berean (2003-2007), orobat, adierazten da (46-47 orrietan), IV. Plangintzaldian "euskara ere Administrazioko lanerako hizkuntza bihurtuko bada, langileak euskaraz ere egin behar du lana. Eta horretarako zehaztu egin behar da zein lan-jardun gauzatzeko erabiliko den euskara lan-hizkuntza moduan, nola, norekin, noizko, eta, batez ere, zergatik. Horrezaz gain, langileen motibazioa indartu behar da, euskaraz lan egiteko lehen urratsak emateko, baita ere gaztelaniarekiko inertzia eten eta, arian-arian, euskaraz jarduten hasteko. Horixe izango da, hain zuzen ere, IV. Plangintzaldiaren helburua: euskara ere lan-hizkuntza normala bilakatzea; esan nahi baita, bihar-etziko planen xedea ez da izango euskararen presentzia bermatzea, zeren hori, itzulpenaren makulua erabilita bada ere, dagoeneko ziurtatuta dago neurri handi batean; hurrengo plangintzaldiko helmuga izango da Administrazioan bi hizkuntzen erabileran berdintasunerantz pauso eraginkorrak ematea. Administrazio honek zabaldu egin behar du bi hizkuntza ofizialak erabiltzearen aukera, betiere urratsez urrats eta eragile guztien adostasunaz. Eta une honetantxe eman daiteke urrats garrantzitsu hori, aurreko plangintzaldien bitartez ezagutza maila ona erdietsia den une honetan: izan direlako gara".

Honetara, dagoeneko onartu dira "Eusko Jaurlaritzan hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak" (2008ko uztailean argitara emanikoak). Honela, esaterako, aipatu irizpideen 2 art. ak xedatzen du: "Euskara eta gaztelania zerbitzu-hizkuntza dira herritarrekin, harremanetako hizkuntza beste administrazio batzuekin, eta lan-hizkuntza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan. Hori betetze aldera, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta daukaten Eusko Jaurlaritzako langileei bi hizkuntza ofizialetan jarduteko gaitasuna aitortzen zaie; hortaz, hizkuntza batean zein bestean erantzungo diote lanari, kasu bakoitzean, lan-beharkizunen arabera". Halaber, errespetatu behar da Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Akordioa (2006ko otsailaren 28an), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko, bere erakunde autonomoetako eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako administrazio-kontratuen egikaritzan bete beharreko hizkuntza-baldintzei buruzkoa (18 art.).

Bestalde, ezin dugu ahantzi, 86/1997 Dekretuak, bere lehen xedapen gehigarrian aurreikusitakoari jarraiki, plangintza orokorretik at geratu direla (euren izaera zehatza eta berezitasunak direla medio) osasun-arloa (22.500), Ertzaintza (7.500) eta unibertsitate-mailakoa ez den irakaskuntza-arloko irakaslegoa (23.000). Hain zuzen, azken kasu honetan, 47/1993 Dekretuak, martxoaren 9koak, irakaspostuetarako hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko irizpideak finkatzen ditu, baita euren salbuespen araubidea eta euskalduntze-plangintza ere. Halaber, aipatu Dekretuan, hizkuntza-eskakizun bi soilik dituen sistema taiutzen da: honetara, 1 hizkuntza- eskakizuna euskarako edo euskaraz eskolik ematen ez duten irakasleei ezartzen zaie eta gurasoekin zein ikasleekin euskaraz komunikatzeko gaitasuna ematen die; 2 hizkuntza-eskakizunarekin ordea, eskolak euskaraz eman ditzakete. Uztailaren 28ko 197/1998 Dekretuko 26. artikulua, ostera, irakasleen hizkuntza-gaitasunari buruzkoa da eta irakasle berriek Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eskolak emateko gai izan behar dutela xedatzen du.

Ertzaintzari dagokionez, otsailaren 24ko 30/1998 Dekretuak arlo horren hizkuntza- normalizaziorako prozesua arautzen du, eta bere helburua da, ertzainak batik bat euskararen ahozko ulermenean trebatzea. Kontuan izan behar da, ertzainen hautaketan, heziketa-ikastaroetarako aukera izateko garaian ez zaiela euskara inolako mailatan jakitea eskatu, nahiz eta azkeneko promozioek aipatu ikastaroetan jaso duten gutxieneko hizkuntza-trebakuntza.

Osasun-arloaren plangintzan ostera, ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, euskal osasungintzaren antolaketari buruzkoak, zera xedatzen du: euskal osasun-zerbitzuak -Osakidetzak-, lanpostuak hornitu eta langileak hautatzeko prozesuetan, funtzio publikoaren legedian aurrikusitako arauak ezarriko dituela, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzeko. Gerora, martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak garatzen du, euskararen erabileraren normalizazioa Osakidetzan.

Horrenbestez, adierazi beharra dago sozietate publikoek, eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen menpe dauden zuzenbide pribatuko erakunde publikoek zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenean, erabiltzailearekiko harreman zuzena dakarten zerbitzuetan euskara eta gaztelaniaren erabilera bermatu beharko dutela. Halaber, kontratazioen alorrean, erabiltzailearekin harreman zuzena duten eta hirugarren batzuk gauzatzen dituzten zerbitzu publikoak, herritarrei dagokion Administrazioari exijitu dakiokeen hizkuntz baldintza berberetan emango zaizkiela bermatu beharra dago.

Euskal Herrian kokatuta dagoen Estatuko Administrazioari dagokionez, bertan ez da jadanik inolako hizkuntz plangintzarik jarri martxan Erkidegoko berezko hizkuntza erabili nahi dutenen hizkuntz eskubideak bermatu ahal izateko.

Aipamen berezia egin behar diogu justizia-Administrazioari. Izan ere, epaile zein magistratu-lanpostuetan, printzipioz, euskara lehentasunezko meritutzat jo beharko litzateke (EHAE 35.1 art.). Aitzitik, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen izendapenarekin gertatutakoa ikus daiteke 2006ko maiatzaren 31ko Auzitegi Gorenaren Epaian (Azdi. 3055). Gainerakoan, Eusko Jaurlaritzak, berriki onartu du (2008ko uztailaren 29an), Euskal Autonomia Erkidegoko justizia-Administrazioan hizkuntza-normalizazio prozesua arautzen duen Dekretua 152/2008. Aipatu arauan justizia-Administrazioko langileei hizkuntza-eskakizunak esleitzea agintzen da, hizkuntza-ondorioei begira unitate mota ezberdinak zehazten dira, hizkuntzan trebatzeko ikastaroak antolatzen dira, baita euskara erabiltzeko programak ere, organo zein zerbitzu judizialetan eta fiskaltzatan.

Kontsumitzaileak babesten dituen eremuari dagokionez, abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, kontsumitzaileen zein erabiltzaileen Estatutua arautzen du, honako eskubidea aitortzen dielarik: "Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa edo establezimenduekin dituzten harremanetan, ofizialak diren bi hizkuntzetako edozein erabiltzekoa". Honetara, aipatu Legeak xedatzen du, enpresa eta establezimendu horiek, bi hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzen dutela ere, zerbitzu egokia eman beharko dietela (37.b art.). Gerora, uztailaren 1eko 123/2008 Dekretuak, erabiltzaileen zein kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideei buruzkoak zehazten ditu, jendeari begirako enpresen, erakundeen eta establezimenduen hizkuntza-betebeharrak. Alabaina, Dekretuaren norainokoa, nahita, mugatua da; izan ere, kontsumo-harreman jakin batzuk soilik hartzen ditu bere eraginpean. Honela, Dekretutik at geratu dira kontsumo-arloko beste hainbat harreman, gehienbat merkataritza txikian eta mikroenpresetan biltzen direnak izanik.

Bestalde, uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak, Elebide, hizkuntza eskubideak bermatzeko zerbitzua sortzen du, halaber, bere aurrean, kontsultak, iradokizunak nahiz kexak bideratzeko erregulazioa ezarriz. Elebideren zereginak honakoak izango dira: hizkuntza eskubideen gaineko sentikortasuna sustatzea; hala eskatzen duten herritarrei, hizkuntza eskubideen babesari buruzko informazioa eta aholkularitza ematea; eta lankidetza eskaintzea instituzio zein erakundeei, aipatutako eskubideek bete daitezen. Elebidek, bere jardueran, oinarritzat hartuko ditu indarrean dagoen araudian aitortzen diren hizkuntza eskubideak.

Hizkuntza-normalizaziori buruzko laburpen hau amaitzeko aipatu beharra dago pribatuki betetzen diren funtzio publikoetan, ez sarreran ez eta horniketan ere, ez dela euskara kontuan hartzen -besteak beste, lan horiek betetzen dituztenak notarioak, jabetza eta merkataritza erregistratzaileak, merkataritzako korredoreak, portuetako praktikoak eta jabetza industrialeko agenteak dira-. Kasu honetan ere, guztiz zentzuzkoa eta arrazoizkoa dirudi gehiengo euskalduna duten zonaldeetan euren harremana euskaraz bideratu nahi dutenen hizkuntz eskubideak bermatzea, Erkidego osoan gaztelania darabiltenei bermatzen zaizkien modura. Honetara, gogora ekarri behar dugu, 2/2006 Lege Organikoak, Kataluniako Estatutu berria onartzen duenak, honakoa xedatzen duela: Katalunian, magistratu, epaile edo fiskal-lanpostu bat bete nahi duenak, katalanaren ezagutza egokia eta nahikoa egiaztatu beharko duela, hiritarren hizkuntza-eskubideak erangikorrak izan daitezen. Berbera galdatzen zaie, orobat, idazkari judizialei baita justizia-Administrazioan jarduten duten gainerako langileei (102 art.). Hizkuntzaren behar adina ezagutza izatea zehazki eta bereziki baloratuko da gainera leku-aldaketze lehiaketatan lanpostu bat lortu ahal izateko (102.3 art.). Berebat, notario zein erregistratziale-lanpostuak (jabegokoak, zibilak edo merkataritzakoak) hornitu ahal izateko, katalanaren ezagutza egiaztatzea beharrezkoa izango da (147.3 art.).