Kontzeptua

Hilkortasuna

Billari eta Dalla Zuannaren arabera (2010), mundu moderno eta industriaurreko munduaren artean dagoen alderik nagusia hilkortasunarekiko harremana dugu, harreman horren bitartez bi munduen arteko ezberdintasun gehienak azaltzen baitira. Demografian, mundu zaharretik mundu modernorako trantsizioa deskribatzen duten teoria ezberdinak ditugu. Kronologikoki azalduko ditugu ondoren:

Orokorki, heriotza eta jaiotza-tasa altuetan oinarritutako oreka erlatibotik, antzinako erregemin demografikotik, bizi-tasa baxuetan funtsatutako egoera orekatsura, erregimen demografiko modernora, igaro dira mendebaldeko populazioak. Bilakera hau trantsizio demografikoa izendatutako modeloaren bitartez azaldu izan du zenbait demografok. Diziplinan erabilia bezain kritikatua izan den teoria da.

Trantsizio demografikoaren mugak gainditu nahian, Omranek trantsizio epidemiologikoaren modeloa plazaratu zuen 1971an. Modelo honetan hilkortasunaren azterketa eta bilakaera dugu osagai nagusia eta, mendebaldeko herrietan izandako aldaketak zein munduan dauden ezberdintasunak jaso ditzan, behin eta berriz birmoldatu dute azken urteetan.

Laburbilduz, trantsizio epidemiologikoak erikor-hilkortasun ereduetan izandako aldaketak eta hauen determinatzaile eta ondorio demografiko, sozioekonomiko eta biologikoak aztertzen ditu. Gaixotasun infekziosoekin lotutako hilkortasun eredutik gaixotasun kronikoen eredura gertatutako bilakaera deskribatzen du: bizitza-itxaropen laburrak eta umeetan konzentratutako hilkortasunean oinarritutako patroitik, adindunekoen artean kontzentratutako hilkortasuna eta gaixotasun kronikoen hedapena ezaugarritzat dituen patroirako jauzia, alegia.

Trantsizio sanitarioaren teoriak, bestalde, populazioen osasun egoeraren bilakaera ulertzeko esparrua izan nahi du, erikortasun-hilkortasun ereduen eboluzioaren deskribapen hutsa gaindituz. Lernerrek (1973) plazaratutako kontzeptua dugu hau eta osasun baldintzetan gertartzen diren aldaketez aritzeaz gain, hauei aurre egiteko sortzen diren erantzun kultural, sozial eta politikoak aztertzen ditu.

Edozein kasutan, hilkortasunaren jaitsierak ez du egutegi eta intentsitate berdina izan azpipopulazioen artean eta, XX. mendean zehar, hilkortasunarekiko ezberdintasun sozialak apaldu ez ezik, aregotu egin dira. Horrela, Blanesen arabera (2007), genero biziraupen-diferentzialak hazi eta arrazoi sozial zein ekonomikoetan oinarritutako heriotz-bereizgarriak mantendu dira.

Euskal Herriari dagokionez, XX. mendearen bukaeran jaiotako emakumeen bizi-itxaropena 85 urtekoa baino altuagoa da eta gizonezkoena 78,5 urte ingurukoa. Generoen arteko bizi-itxaropen diferentziala ia 7 urtetakoa da.

Heriotz-bereizgarri sozialei dagokienez, egindako zenbait ikerketen arabera, EAEn ezberdintasunak handiak dira. Maila sozioekonomikoak aztertuz gero, talde apalenen eta aberatsenen arteko aldea %11a (gizonak) eta %26a (emakumeak) da. Hau da, talderik behartsuenean kokatutako gizon-emakumeen hilkortasuna talderik aberatsenean kokatutakoena baino nabermenki altuagoa da (Esnaola et al., 2006). Pertsonen ezaugarriak kontutan hartuta, ikasketa maila eta lan egoera hilkortasunarekin zuzenki lotuta daude (Osasun sailak, 2005).