Kontzeptua

Herrien Erabaki Askearen Eskubidea

Quebecen adibidea eta Kanadarekin dituen harreman konstituzionalak beti aintzat hartzekoak dira, euskal gatazkaren ebazpen juridiko eta sozialari dagokionez. Are gehiago 1998ko abuztuaren 20ko Kanadako Auzitegi Gorenak Erabakia plazaratu zuenetik, izan ere, erabaki horretan Quebecen behin-behineko sezesioari buruzko aipamen oso interesgarri bat barneratzen da. Irizpen edo kontsulta-iritzi horretan 1996an Kanadako Gobernu Federalak luzatutako galderak erantzuten ditu Auzitegi Gorenak. Erantzun horiek funtsezkoak dira gaur egun, herrien erabaki askearen printzipio eta eskubideari behar bezalako interpretazio juridikoa emateko.

Auzitegi Gorenari luzatutako lehen galderak, Kanadako konstituzioaren arabera, Quebecen behin-behineko sezesio bat erabakitzeko legegilearen edo Quebeceko exekutiboaren aldebakartasunaren zilegitasunarekin du zerikusia. Gorri dagokionez, Auzitegiak argi eta garbi adierazten du behin-behineko sezesio orok Kanadako konstituzioan agertzen diren Zuzenbideko printzipioak zorroztasun osoz errespetatu behar dituela, eta baita Quebeceko herritarren eta gutxiengoen eskubideak ere. Proiektu sezesionistaren legezkotasuna berez eta Zuzenbidez aitortzen da, eta Kanadak dauka negoziatzeko betebehar inplizitua, betiere, Quebeceko herriak argi eta garbi adieraziko balu aipatutako sezesiorako nahia. Demokrazia modernoetako printzipio konstituzional, unibertsal eta arrunten artean bereziki nabarmentzen da federazioko kide guztiek bakoitzari dagozkion negoziazio konstituzionaletan parte hartzeko konpromisoa hartzeko eta gizarte-eskariei erantzuna emateko duten elkarrekiko betebeharra. Gizarte-eskari horietan, gutxiengoek eta herri autoktonoek egindakoak ere barneratzen dira. Auzitegiak funtsezko kontsiderazio bat azpimarratzen du, eta kontsiderazio horrek ageriko antzekotasunak ditu herri euskaldunaren erabaki askearen eskubideari dagokionez Espainiako Konstituzioak ezartzen dituen zailtasunekin. Kanadako Auzitegi Gorenaren arabera, Konstituzioak berak behin-behineko sezesio-prozesu bat onar dezake, eredu konstituzionala "suntsitzeko" prozesutzat jo gabe. Azken batean, aldaketa konstituzional nabarmenak lirateke:

"Konstituzioa da Kanadako herriaren burujabetzaren adierazpena. Kanadako herriak behar bezala hautatutako eta Konstituzioan aitortutako gobernuen bidez jarduten du eta Kanadako lurraldearen mugei dagokienez nahi dituen aldaketa konstituzionalak abiarazteko ahalmena dauka, baita, nahi bada, Quebec Kanadatik bereizteari dagokiona ere" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Puntu horretan oinarrizko alderdi bat jorratzen da, era berean, Euskal Herriko kasuarekin antzekotasun nabariak erakusten dituena: aldebakartasunaren kontzeptua Quebeceko behin-behineko sezesioari dagokionez.

Auzitegi Gorenaren arabera, aldebakarreko sezesio-prozesua litzateke Kanadako gainerako probintziekin nahiz Gobernu Federalarekin aldez aurretik negoziaziorik egin gabe gauzatzen dena. Horrenbestez, aldez aurretik, aldebakarreko edozein sezesio gauzatu ahal izateko negoziazio politiko bat abiarazteko elkarrekiko betebeharra finkatzen da . Horren arabera, balizko erreferendum batek, berez, sezesioa gauzatu ahal izateko adinako balio juridiko zuzenik ez duela ulertzen da; hori horrela izanik, printzipio demokratikoari jarraiki garrantzia handia eman behar zaio borondate demokratiko jakin baten adierazpenari. Horrek, era berean, kontsultari anbiguotasun susmo oro kentzea inplikatzen du. Argi dago, bereizteko eskubidea ezin daitekeela Quebeceko herriaren eskubide absolututzat jo, eta demokratikoki azaldutako herriaren borondatea ere ezin daiteke kalterik gabetzat edo garrantzirik gabetzat hartu, ikuspegi politiko eta juridiko batetik. Konponbide bakarra prozesuan inplikatutako aldeek elkarrekin negoziatzeko duten betebeharrean oinarritzen da.

Nazioarteko Zuzenbideari jarraiki, Quebeceko legegileak eta exekutiboak Kanadatik bereizteko aldebakarreko sezesio eskubidea ote duen ezagutzearekin lotuta dago Kanadako Auzitegi Gorenari luzatutako bigarren galdera. Ba al da, orduan, herrien erabaki askearen eskubidearen arabera, aldebakarreko sezesiorako eskubiderik? Horri dagokionez, ikerketa honetan zehar dagoeneko azaldutako hainbat kontsiderazio baliagarri zaizkigu. Nazioarteko Zuzenbidean ez da sezesiorako aldebakarreko eskubiderik barneratzen; dena den, egia da herrien erabaki askearen eskubidea Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren printzipio orokor bat dela, berez eta Zuzenbidez. Dagokion estatuaren barnean gauzatu beharreko eskubidea da, eta sezesiorako eskubidea ezohiko aukera bat besterik ez da. Baina, hemen nabarmendutakoaren ildotik, gakoa ez datza "herriaren" kontzeptu formalean, estatu jakin bateko Gobernuaren jokabide demokratikoan baizik. Irizpenaren 130. paragrafoaren arabera, eta Nazioarteko Zuzenbideari jarraiki, inolako bazterkeriarik gabe bere lurraldeko herri eta herritar guztiak ordezkatzen dituen eta barneko autodeterminazio-eskubidea errespetatzen duen Gobernua duen estatu batek lurralde-osotasunaren eskubidea dauka. Aitzitik, esleitu zaizkion eskubide eta berme konstituzionalak bermatzen eta babesten ez dituen estatuak, estatu hori osatzen duen herrietako batek erabaki askearen bitartez (normalean barnekoa) bere lurralde-osotasuna demokratikoki nola erasaten duen ikus dezake. Argi dago, ikusi dugun moduan, sezesiorako behin-behineko aldebakarreko eskubidea herri kolonizatuetan soilik dela zilegi; eta are, herri horretan ere, ezinbestekoa da nazioarteko instantzia batek aitorpen hori onartzea eta nazioarteko sisteman dagozkion ondorio juridikoak ematea. Berez, soilik barne erabaki askea etengabe oztopatzearen bidez justifikatuko litzateke aldebakarreko neurriak hartzea; dena den, hori ez da Quebecen jazotzen dena.

Era berean, komunitate politiko bati ematen zaizkion printzipio konstituzionalak eta oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen direnean, nire ustez, erabaki askeko aldebakarreko neurriak hartzea justifikatzen da. Neurri horiek, gero, eskumeneko nazioarteko instantzia baten bidez berretsi behar dira. Laburbilduz, barne Zuzenbidean finkatzen den elkarrekin negoziatzeko betebeharra ere, horri buruz, beste estatu batzuek duten balizko jokabidearekin bermatzen da. Estatu horiek sezesio edo erabaki askearen saiakera soilik aipatutako negoziazioa behar bezala burutu dela hautematen dutenean errespetatuko dute.

Horren ondorioz, hala Kanadako Konstituzio Zuzenbideak nola Nazioarteko Zuzenbideak aipatutako galderei dagokienez oso erantzun antzekoak ematen dituztenez, ez dago hirugarren galdera erantzuteko premiarik, hots, ordenamenduen balizko gatazkari buruzkoa, horrelakorik ez baita gertatzen. Quebecek ez dauka Kanadatik bereizteko aldebakarreko sezesiorako eskubidea, eta aldeen artean behar bezala negoziatu eta adostutako prozesu batean aipatutako erabaki askea gauzatu ahal da edo, hala badagokio, Estatuak Quebecek demokratikoki planteatzen duen erabaki askearen eskubidea ukatzen duenean. Horrenbestez, ardi dago, Kanadako Auzitegi Gorenaren irizpenak herrien erabaki askearen eskubideari buruzko jarrera dogmatiko eta muturrekoak ukatzen dituela. Alde batetik, Quebec Kanada sezesio bat onartzera derrigortzeko nahikoa elementu izateari buruzko erreferenduma ukatzen duenean; beste alde batetik, Quebecen balizko erreferendum positibo batek, ezinbestean, Estatuan erabaki askeari eta haren ondoriozko Quebecen balizko sezesioari buruzko negoziazio-prozesu bat irekitzea eragingo lukeela aitortzen duelako auzitegiak. Horrenbestez, argi eta garbi dago, herrien erabaki askearen eskubide bat dagoela (egungo interpretazioa duena) bai barneko Konstituzio Zuzenbidearen arabera eta bai Nazioarteko Zuzenbidearen testuinguruan, nahiz eta bi kasuetan eskubide horri dagokion edukiak negoziazio bat eta akordio bat eskatzen dituen, sekula aldebakarrekoak izan ezin daitezkeenak. Hori dela eta, jakina, erabiltzen den terminologiak ere sarritan akatsa eragin dezake. Nazioarteko hitzarmen eta tratatuetan jasotzen den moduan, alde biko erabaki askearen prozesu bat eskatzen duten egoeren aurrean gaude (ez hainbeste "autodeterminazio" izendatzen dena). Horretarako, Kanadako Auzitegi Gorenaren irizpenean Quebeceko adibideari buruz agertzen diren datuak funtsezkoak dira, aurreko horretatik guztietatik eratortzen diren alderdi juridiko jakin batzuei dagokienez.

Besteak beste, baina funtsezko arrazoi gisa, "Konstituzioa ez delako uztarri aldaezina" , "sine die" lurralde-testuinguru jakin batean status juridiko eta politiko jakin bat betikotu dezakeena. Zalantzarik gabe, hala eskatzen duten egoera politiko eta sozial berri orotara egokitzeko erraztasuna duen arau juridikoa da. Alderdi horretan, Kanadako Auzitegi Gorenak Kanadako Konstituzioaren ezaugarri bat azpimarratzen du, Espainiako Konstituzioan ere topa daitekeena, azken hori eredu federala ez bada ere. Federazioan parte hartzen dutenek bermaturik dute erreforma konstituzional berri bat abiarazteko eskubidea. Espainiaren adibidean ere Autonomia Erkidegoek ere gauza bera egin dezakete. Horrez gain, Konstituzioa ezin da idatzizko testura soilik murriztu. Printzipio orokor batzuk daude eta gainera, idatzita ez dagoen arren, Nazioarteko Zuzenbidea indarrean dago, eta horiek testuinguru konstituzional bat eskatzen dute . Horien artean, hemen aipagai dugun erabaki askearen azterketa egiteko garrantzitsuak diren gutxienez funtsezko lau printzipio aipatu behar dira :

  • Federalismoa.
  • Demokrazia.
  • Konstituzionaltasuna eta Zuzenbidearen lehentasuna.
  • Gutxiengoekiko errespetua.

Aipatutako erabaki askearen aukera edo auzia formalizatzeari dagokionez auzitegiak soilik azaletik aipatzen dituen bi alderdi osagarri eta polemiko daude. "Argitasunari" dagokion auzia da. galdera argia eta gehiengo argia. Lehen zalantza argituta geratzen da planteatutako galderak ez baitu anbiguotasunik agertzen. Gehiengo argi baten beharrari dagokion auzian, ordea, elkarren aurkako iritziak daude, agian neurri batean eztabaidagarriak ere izan daitezkeelarik. GOMEZ ISAk gehiengo sinple gisa botoen erdia gehi bat hartzea iradokitzen du, jakina, gehiengo absolutu purua denean . SOROETAK, aldiz, gehiengo zabalago bat aipatzen du, ziur aski bi herenetan kokatzen duena, modu horretan, aurrez aipatutako "gehiengo argiaren" premiari erreferentzia egiten dio . Ez dago esan beharrik interpretazio hori ez zela kontuan hartu Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan 1978ko Konstituzioa onartu zenean. Horietan, zenbaitetan abstentzioa %50aren gainetik kokatzen zela erakusten dute datuek, baina gaur arte horrek ez du inolako ondorio juridiko edo politikorik ekarri .

Hala ere, testuinguru horretan, Euskal Herriak ekintza terrorista eta herritar askoren jazarpen fisiko eta psikikoa pairatzen duela azpimarratu behar da oraindik ere. Ekintza eta jazarpen horiek kontsiderazio ezberdinetan funtsatzen dira, onartezinak denak. Bi egoera horien (orobat garrantzitsuak diren beste batzuekin batera) eraginez, gaur egun oraindik Quebeceko ekarpena baliatzeko behar den normaltasun demokratikorik ez da ematen Euskal Herrian. Egia da, era berean, Espainian Konstituzioaren erreferenduma egin zenean ere normaltasun demokratiko hori ez zela ematen, ezta urrik ere, ezta trantsizioan ere. Hala, kontsulta horretan euskaldunen partaidetza oso urria izan zen eta, gainera, orduko terrorismoaren, jazarpen politikoaren eta torturaren datuak egungoak baino askoz ere etsigarriagoak ziren.

Baina, horrez gain, Quebeceko gizartean bizirik dagoen auzi bat dago, euskal gizarteko hainbat sektoretan oraindik ematen ez dena: kultura demokratikoa. Halako kulturarik ez bada, ingeniaritza juridiko zorrotzenari ere ezinezkoa zaio hark hartzen duen komunitate sozial guztiari datxezkion arazoen irtenbideak topatzea. Quebecen, aldiz, hainbat arrazoi direla medio, antzeko egoera eta arazoen aurrean irtenbide interesgarriak aurki daitezke; gurean, ordea, zoritxarrez halako egoera eta arazoek oraindik ez dute irtenbiderik. Logikoa denez, herriek eta herritarrek ez dute konparaketarik onartzen, herritar gisa garena izatea ahalbidetzen duten egoera eta xehetasun zehatzetan. Hala ere, gure tolerantziaren, gure askatasun indibidual eta kolektiboaren eta gure izaera demokratikoaren ezaugarri izan behar diren ñabardura orokorrak finkatzerakoan, zentzuzkoa dirudi, kultura demokratikoa baliatuta kohesio politiko, juridiko eta soziala erdietsi duten haien ereduari jarraitu eta aintzat hartzea. Quebec izan daiteke ereduetako bat arrazoi eta bertute askoetan erreparatuz. Eta ezin dugu halako eredu baten gabezia ilun hori luzatzen jarraitu.

23Ikus, orokorrean:
N. LESTER, "Le Québec vers l?independance", Documentation Française, 1978.
A. GAGNON, "Québec y el federalismo canadiense", CSIC, Madril, 1998.
J. WOEHRLING, "The Quebec seccession reference: pitfalls ahead for the federal government", Canada-Watch, 6. zenbakia, 1997ko urria
J. WOEHRLING, "The Supreme Court's Ruling on Quebec's Secession: Legality and Legitimacy Reconciled by a Return to Constitutional First Principles," in Hugh Mellon and Martin Westmacott (editoreak) Political Dispute and Judicial Review, Scarborough, Nelson, 2000.

24Kanadako Auzitegi Gorenaren irizpeneko 85. paragrafoa.

25Gauza bera uler daiteke autodeterminazio-prozesu bat abiatu nahi duenaren kasuan.

26Nik gainerako oinarrizko eskubideak errespetatzeko betebeharra gaineratuko nuke.

27Kanadako Auzitegi Gorenaren irizpeneko 150. paragrafoa.

28Irizpeneko 32. paragrafoa.

29Azpimarragarria da guztiak, federalismoa salbu, indarrean dagoen Espainiako Konstituzioarekiko Euskal Herriak bizi duen egoerara eraman daitezkeela.

30F. GÓMEZ ISA, "El derecho de autodeterminación en el Derecho Internacional contenporáneo", in "Derecho de autodeterminación y realidad vasca", Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2002, 308. or.

31J. SOROETA, "El Derecho Internacional y el Derecho interno canadiense ante el desafío de Québec", Giza Eskubideei buruzko ikastaroak, Donostia, EHU, 2002, 121. or.

32Zehatzago adierazita, Konstituzioari buruzko erreferendumak Euskal Autonomia Erkidegoan %55eko abstentzioa izan zuen eta %24ak ezezkoa bozkatu zuen; Nafarroan, berriz, abstentzioa %33koa izan zen eta %17k bozkatu zuten ezezkoa.