Kontzeptua

Herrien Erabaki Askearen Eskubidea

Jurisprudentzia aplikagarriaren eta herrien erabaki askearen printzipioari buruzko doktrinaren eboluzioa, argi eta garbi kontu positiboa da Euskal Herriko auziari dagokionez. Hori ez da inolako oztopoa aldebakarreko erabaki askea pentsaezina dela aitortzeko. Hala, ezinbestekoa da inplikatutako estatu edo estatuekin negoziatzea edo, halakorik ezin bada egin, beharrezkoa da nazioarteko instantzia baten aitorpen formala izatea. Prozesu horretan zehar, funtsezkoa da ez soilik herri orok duen eskubidea erakustea; argi eta garbi erakutsi behar da estatu jakin batzuek sistematikoki alboratzen dituztela nazioarteko konpromisoak, tratatuak eta itunak, alboratu egiten dituztela konstituzioak eta, modu horretan, beste arau batzuen artean, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratzen dutela.

NBEren testuinguruan aztertzen diren prozedurek, jakina denez, estatuek eratutako Nazioarteko Zuzenbide Publiko batek izan ohi dituen arazoak izaten dituzte, hori dela eta, ez dute estatuz azpiko entitateen partaidetza ahalbidetzen.

Herrien erabaki askearen eskubideak askoz ere indar gehiago hartzen du, barnean nahiz nazioartean, haren adierazpena eta gauzatze demokratikoa, aztertutako guztiaren arabera, herri jakin batek erabiltzen duen eskubidean soilik oinarritu beharrean, funtsezko eskubide eta printzipio demokratiko horiekiko errespetua eta bermea erakusteko borondate sendoan ere oinarritzen bada; izan ere, hainbat estatu demokratikotan aipatutako eskubide eta printzipio horiek ez dira betetzen.