Kontzeptua

Euskaldunak Uruguaien

Mende honen lehen hiru hamarkadetan zehar, uruguaitarrak aldaketa sakonen eragile eta lekuko izan ziren. Asko garatu ziren teknikak, ekonomia, politika eta gizartea, eta urte batzuetan goitik behera aldatu zen errealitatea. Nekazaritza eta abeltzaintzako abantailei esker, merkatu europarrean sartzea lortu zuten, beren eskaintza ongi egokitzen zitzaielako Europako eskariei; horrela, harreman dialektikoa izan zuten urte batzuetan zehar. Hala ere, menpekotasuna ere sortu zen, krisi garaietan oso kaltegarria izan zena.

Bereziki nekazaritzan nabarmendu zen euskaldunen eta beren ondorengoen presentzia. Euskaldun gehienek artilearen arloan egiten zuten lana, horixe baitzen lanbiderik errentagarriena. Mende honetako Uruguaiko "aberats berrien" bosten batek jatorri euskalduna du.

XIX. mende bukaeran iristen zirenentzat gero eta zailagoa zen nekazaritzaren munduan sartzea, berrogei edo berrogeita hamar urte lehenago iritsi zirenek ordurako lurralde guztiak eskuratu eta mugatu baitzituzten. Ondorioz, esnea saltzen hastea erabaki zuten askok, eta arrakasta dezente lortu ere. Esnekiak hiriburuan saltzen ziren gehienbat, gero eta jende gehiago biltzen baitzen bertara. Merkatariak, negozioa ongi joango bazitzaien, hasiak ziren ordurako ausardiaz jokatzen eta kalkuluak egiten.

Aztertzen ari garen garaiean itxaropentsua zen Uruguaiko errealitate ekonomikoa, bai bertakoentzat eta baita atzerritarrentzat ere. Enpresagizon eta politikariek konfidantza itsua zeukaten printzipio positibista eta liberaletan; horien alde borrokatuko zuen ia edonork lor zitzakeen aurrerapen eta ongizatea. Munduko ekonomiaren mailan, non Britaina Handia eta praktika liberala baitziren nagusi, Uruguaik, nekazaritzak ematen zizkion abantailei esker, harreman pribilegiatuak zeuzkan eskuz egindako produktuak helarazten zizkion herrialdeekin. Inportatu beharrean, bertako industria eta produkzioa faboratzearen aldeko politika bultzatu zuen Estatuak; horrela, larrua, ardoa, artilea, azukrea, arroza, etab.en industrian sartu ziren euskaldunak, beti ere agerian gelditzen zirelarik beren bereizgarriak, hala nola diziplina eta irmotasuna, adimen positibo eta pragmatikoaren ezaugarri. Industria berrien azpiegiturek europarrak hartu zituzten eredutzat, asaben oinordeek "estantziaren negozioa" sortu zutelarik. Han "taylorismoa", eta mestizaje eta estantziaren enpresa hemen; lehengaia prestatzen hasten da ekoizpenaren zikuituoa, eta kaian eta esportazioan amaitzen da. Gazitegien eta idi gurdien lekua hozkailu, fabrika eta itsasuntziek hartu zuten behin betiko.

Esparru guztietan aritu ziren euskaldunak eta beren ondorengoak. Azpimarragarriak dira, beste askoren artean, José Arechavaleta (1838-1912), Uruguai finisekularreko zientzialaria; Lauro Ayestarán (1913-1965), inmigrante gipuzkoarren semea, nazioartean sona handia eduki zuen musikologoa; arte plastikoetan Carmelo de Arzadum paisajista eta kolorista da aipagarri, bilbotarren semea, 1908an jaio eta Bilbon eta Parisen ikasia; hezkuntzaren arloan María Orticochea, "irakasleen irakaslea", Insituto Normal-eko zuzendari izan zena 1939an; Abdón Arostegui idazle, kazetari eta politikoa; Horacio Arredondo historiadore, arkeologo eta museista; Joaquín de Salteraín sendagile eta filantropoa; Julio Raúl de Mendilaharsu poeta... XX. mendearen lehenengo erdialdeko intelektual azpimarragarri batzuk baino ez ditugu. Manuel Oribe Errepublikako bigarren presidente izendatutakoan hasi ziren abizen euskaldunak Uruguaiko lehenengo magistraturan lekua egiten. Gainera, XIX. mendearen bukaeratik XX. mendeko hirugarren hamarkadara bitarteko tartea inmigrante euskaldunen bi ondorengorekin hasi eta bukatzen da, kargu horri dagokionez: Juan Idiarte Borda (1895-1897) eta Juan Campisteguy (1929-1930).

Iragan mendeko azken hamarkadetatik aurrera hasi ziren biltzen Uruguaiko gizatalde euskaldunak. Ameriketako aitzindaria 1876an sortutako Laurak Bat izan zen, gerora desagertu egingo zena, eta 1911 eta 1912an Centro Euskaro eta Euskal Herria, eta laurogeigarren hamarkadan Haize Hegoa izenekoa, guztiak ere Montevideon. Laurogeita hamargarrenean zehar Uruguaiko beste departamentu batzuetan hasi ziren sortzen: Colonia, Carmelo, Rosario, Minas, Salto, Durazno, etab.en. Inmigrante euskaldun haien ondorengoek daukaten nortasunaren seinale dira guztiak, lurralde euskaldunari eta besoak zabalik harrera egin zien lurraldeari dieten maitasunaren lekuko.