Kontzeptua

Euskaldunak Uruguaien

Inmigrazio prozesuaren iturburuen artean, nekazaritzako krisiak, populazioaren hazkundea, maiorazkoa, Frantziako soldaduska eta penintsulako gerra karlistak dira nagusienak, eta beste bi gehitu behar zaizkie: Pirinioetako eskualde iberikoetan zegoen egoera eta, inmigrazioko agenteek ziotenaren arabera, Platako lurrek eskaintzen zituzten abantailak.

Euskal lurraldeek, Gipuzkoa eta Bizkaiak batik bat, penintsulako gainerakoek baino garapen ekonomiko hobea zeukaten, eta alor ugari lantzen ziren bertan: nekazaritza eta abaltzaintza, metalurgia, arrantza eta itsasuntzigintza. Halaber, gainerako lurraldeek ordaindu beharreko zergetatik salbuetsita zeudenez, merkataritzako elkartrukaketak ere egiten zituzten. Ezagupen horiei guztiei esker, euskaldunek Ameriketan arrakasta lortzeko aukera handiak zeuzkaten.

Nekazaritza munduan bizi zen pobreziak bi aukera besterik ez zizkien ematen nekazariei: hirietara joan eta fabriketan lan egitea edota emigratzea.

Euskaldun askok Amerika guztia Montevideo bezalakoa balitz bezala ikusten zuten. Oso hiri erakargarria zen gazteentzat Platako hiri txikia. Baliokideak ziren Montevideora etortzea eta "dirua egitea"; horregatik, mendearen erdialdean, Burdeos, Baiona eta Pasaiatik Montevideorantz zihoazen itsasuntzietan lekua hartu nahiean ibiltzen ziren euskaldunak.

Baina Montevideoko egoera bestelakoa zen. Hara zer dioen Urruñako (Lapurdi) lehiaketa batera aurkeztu ziren olerkietako batek, Montevideo berriac izenekoa, lapurteraz idatzia:

Gaztea nintzen oraindik; dena argitzen du horrek,
Adin horretan ez baita gehiegi pentsatzen.
Montevideoren sonaz aditu orduko
Herritik alde egiteko grina sortu zitzaidan

Itxaropena bizitzaren erdia denez,
Ahaztu ditut jada itsasuntziko oinazeak
Hirian urrea eta zilarra esku betez hartzeko
Adina zegoela esaten baitzuten

Amets eder batetik esnatzerakoan bezain
Txiro nintzen aberastasunen erdian

Askorentzat oso gogorra izan zen errealitate hori; beste batzuek, aldiz, hango ekonomia eta politikako maila gorenetara iristeko pizgarri modura hartu zuten.

Euskal inmigranteak arlo desberdinetan hasi ziren hirian lan egiten, ebanista, igeltsero, errementari gisa; beste batzuek Euskal Herrian zeukaten lanbide berarekin jarraitu zuten. Ia guztiak, hala ere, beste desberdin batean hasi ziren. Hara joandako gehienek ongi baino hobeto bete zuten inmigrante orok daukan xedea, hots, egoera ekonomikoa hobetzea; horrela, ausardiaz, zortearekin, lana eginez eta zenbaitetan baita eskrupulo gutxirekin ere, dirutza handiak egin zituzten batzuek. Lanbide publikoa edukiz oparotasun ekonomikoa lortu zuten 50 pertsonen kasuak aztertu, eta honako ondorio hauek atera ditugu: estantzieroek %24a osatzen dute, merkatari eta bankariek beste hainbeste, enpresariek %25, lanbide liberalek %16, artista eta intelektualek %6, eta apaiz eta militarrek ere beste %6.

Ameriketan oparotasuna lortzeko itxaropena amets hutsean gelditu zen gehienentzat. Batzuk aberrira itzuli ziren, baserria erosi eta frontoi bat eraikitzeko adina dirurekin; zorte gutxiago eduki zutenak, ostera, Euskal Herrira itzuli ahal izateko herrikideei laguntza eskatu beharrean aurkitu ziren.

Uruguaiera jo zuten gehienek bizimodu berri hobea topatu zuten, hain ikusgarria, xelebrea edo dramatikoa izan gabe. Guraso inmigranteek egindako sakrifizioaren ostean, seme-alabek baldintza ekonomiko hobeak izan zituzten.