Kontzeptua

Euskaldunak Amerikaren konkista eta kolonizazioan

Amerikaren konkistan parte hartu zuten bi potentzietako hiritarrak izateagatik, prozesu honetan hasiera-hasieratik euskaldun asko nabarmendu ziren. Horrez gain, euskaldunek aspalditik nabigazioan, itsasoko merkataritzan eta arrantzan zeukaten espezializazioak partehartze hau erraztu zien. Izan ere, Cristóbal Colón-en lehen espedizioan ere euskaldun talde kopurutsu bat egon zen, untziak Andaluzian prestatu ziren arren, eskualde honetan euskal marinelen presentzia nabarmena baitzen. Santa María itsasuntzian hondoratu eta gero Ameriketan europarrek sortutako lehen kolonia eratu zenean (Fuerte Navidad izenekoa), bertan euskal marinel batzuk geratu ziren, besteak beste untziaren kontramaestrea zen "Txatxu" ezizeneko itsasgizon lekeitiarra. Ez dugu ahaztu behar ere, euskal arrantzaleek Behe Erdi aroan zehar Atlantikoaren iparraldean eginiko esplorazioak eta bidaiak, makailu eta baleen bila, nahiz eta frogarik ez egon euskal arrantzaleak Ameriketako lurraldeetara Colonen espedizioa baino lehen helduko zirela baieztatu ahal izateko.

Gaztelako koroak Ameriketako lurraldeen konkistarako erabili zuen sistemak ere badu zerikusi handia euskaldunen presentziarekin. Konkista ez zen koroaren agintepe zuzeneko ekintza bat, baizik eta enpresa eta kapital pribatuari utzitako ekimena. Konkistatzaileek, normalean, Koroarekin bere subiranotasun-eskubideak bermatzen zituzten itunak sinatzen zituzten eta, ordainez, lurralde baten konkista eta konkistatu osteko bertako administrazioaren gaineko eskubide politiko eta ekonomikoak lortzen zituzten. Harrez gero, konkistan parte hartu behar zuten gudalosteak konkistatzeileek beraiek kontratatzen zituzten, haien antolakuntzan balio militarra eta konfidantza baliokideak zirela. Modu honetan, sarritan herkidetasuna zen gudaloste hauek antolatzeko osagarri nagusia.

Amerikaren konkista XVI. mendean hiru etapa nagusitan banatzen ohi da. Hasierako hiru hamarkadei, 1492tik 1520ra arte, esplorazio nagusietako etapa deritze. Garai honetan ez zen lurralde zabalegirik konkistatu, Karibe itsasoko hainbat irla eta gotorleku izan ezik, bertatik inguruetako kostaldeetako biztanleekin merkatal harremanak egiteko "erreskate" bidaietan. Bidai hauen ondorioz "Mundu Berria"ren kontzeptua sortu zen, eta Amerikaren kostaldearen lerro nagusiak delineatu ziren. Esaterako, Sancho Ortiz de Urruela eta Juan de Urrutia armadoreek 1519an Cumaná-ko kostaldean zehar "erreskateak" egiteko baimena lortu zuten. Etapa honetan nabarmendu zen beste euskaldun bat Juan Sebastián Elcano (Getaria, 1476-1526) izan zen, munduari lehen aldiz bira eman zion kapitainia bihurtu zena, 1519-1522 bitartean egin zuen itsasketaren ostean. Sevillatik ateratako expedizioan, hasieran Fernando Magalhães portugaldarrak gidatuta, Magallaneseko itsasartetik ozeano Atlantikotik Itsaso Bareraino iraganbidea aurkitu eta Filipina eta Moluka artxipielagoetara ailegatu ondoren, India eta Afrikako kostaldetik zehar Europara bueltatu zen.

Bigarren etapa, inperio aztekaren konkistarekin hasi zen. Tenochtitlan hiriaren errautsen gainetik Mexiko Espainia Berria izeneko koloniaren hiriburua bihurtu eta gero, espedizioak ugaldu egin ziren, iparrerantz zein hegoalderantz. Mexikotik iparralderago, Galizia Berriaren konkistan Cristobal de Oñate (Gasteiz, 1504-1567) nabarmendu zen, egungo Guadalajara hiriaren fundatzailea izan zelarik (hasiera batean Espiritu Santo izenarekin bataiatuta, 1532an). Oñaterekin batera euskaldun talde zabal bat heldu zen eskualdera: Santiago Aguirre, Juan Anuncibay, Alfonso Gaztañaga, Miguel Landeta, Martin de Renteria, etabar. Oñatek berak Zacatecas hiria ere fundatu zuen 1548an, Juan de Tolosak eta Diego de Ibarrak lagunduta, inguruan urre meategi garrantzitsu bat aurkitu ondoren.

Zacatecasetik esplorazioek iparralderantz egin zuten. 1563.ean Juan de Ibarra eibartarrak gidatutako euskaldun talde batek Cíbola lurralde mitikoaren bila abiatu eta gero, Durango izeneko hiria fundatu zuen, Bizkaia Berria izenarekin bataiatu zuten eskualde zabal baten hiriburua izateko.

Juan de Oñate, Ameriketan jaiotako Cristobalen seme kreolak (Pánuco, 1550-1626), bere aitaren pausuak jarraitu eta Mexiko Berriko lurraldea 1598an konkistatu zuen (egun Estatu Batuetan dagoena). Juan de Montañok (Portugalete, 1505 - ?) 1535an egungo Behe Kaliforniako penintsulara heldu zen lehendabiziko espedizioan parte hartu zuen, eskualde honi garaian famatua zen zalduneria-liburu batetik hartutako izena eman zitzaiolarik.

Hego Ameriketan, aldiz, Pascual de Andagoya, jaiotzez arabarra (Andagoia, 1495-1548), Peruko lurraldearen estraineko aldiz konkistatzen saiatu zen, Ertamerikan zehar hainbat gudalosteetako kanpainetan parte hartu eta gero. 1519an Panamatik hegoalderantz abiatu zen, Kolonbiako kostaldean zehar, 400 soldaduz osatutako talde batekin. Bertan "Biru" izeneko erreinu baten lehendabiziko berria jakin zuenean, konkistatzen saiatu baina porrotean bukatu zen. Porrotaren ostean (1522), erreinu honen berri zabaldu zen eta handik hiru urteetara Almagrok eta Pizarrok antolatutako espedizioak Inken inperioaren erorketa lortu zuen.

Peruko konkista gauzatu ondoren, hirugarren etapa batean sartu zen prozesua. Gero eta abenturazale gehiagok parte hartu nahi zuten Amerikaren konkistan, Mexiko eta Peruko konkistatzaileen arrakasta errepikatu nahiean, oraindik europarrentzak ezezagunak ziren kontinenteko beste eskualde batzuetan arreta jarriz. Hego hemisferioan Perutik atera ziren espedizio asko, Kolonbia aldean El Dorado lurralde mitikoaren bila; eta egungo Argentina aldean Zesarren Zilarrezko hiri mitikoaren legendaren atzetik. Aski ezaguna da, Perutik abiatutako espedizio hauen artean, 1560an Amazonas ibaian zehar Pedro de Ursua nafarrak (Baztan, 1526-1561) El Doradoren konkistarako antolatu zuena. Espedizio honetarako euskaldun talde handi batek izena eman zuen, Peruko konkistan parte hartu bazuten ere nahi beste aberastasunik lortu ez zutelako, horien artean Lope de Aguirre oñatiarra (1518-1561) zegolarik. Ia bi urtetan zehar Hegoamerikako ibairik handiena osorik zeharkatuko dute, tartean espedizioaren burua hilko zutelarik;, azkenean Felipe II.a Gaztelako erregearen kontrako altxamendua deklaratu eta Venezuelako lurraldera heldu eta gero bertoko kapitain gaztelarrek hil egingo zituzten. Txileko konkistan, 1557an Hurtado de Mendoza gobernatzaileak hasi zuena, jatorri bizkaitarreko Alonso de Ercilla soldadu eta idazle madrildarra (1533-1594) nabarmendu zen, ez bakarrik bertoko indigeno araukarren kontrako batailarik nagusienetan parte hartzeagatik, baizik eta Europara itzuli eta gero 1569an argitaratu zuen poema erraldoiarengatik: La Araucana.

Río de la Platako eskualdea da, halabaina, XVI. mendean zehar euskal konkistatzaileen presentzia nabariena izan zuena. 1534an Pedro de Mendoza andaluziarra Sanlúcarreko portutik Zilarrezko hirirako bidea aurkitzeko asmoarekin abiatu zenean, berarekin engaiatutako gudalostean Domingo Martinez de Irala gipuzkoarrak (Bergara, 1509-1556) izena eman zuen. 1536an Buenos Aires hiriko lehen fundazioa egin eta gero, Mendoza Espainiara itzuli eta Irala lur konkistatu berrien gobernatzailea izendatua izan zen. Iralak Buenos Aireseko biztanleak Asunción hirira eraman eta bertan Paraguayko gobernatzailea izan zen 1554tik hil zen arte. Hamarkada batzuk pasa eta gero, lurralde honen gaineko interesa berpiztu zen, oraingo honetan Atlantiko itsasotik Peruko lurraldera joango zen merkatal bide zuzen bat aurkitzeko. Peruko konkistaren beterano bat, Juan Ortiz de Zarate (Urduña, 1521-1575), Río de la Platako gobernazioaren burua izendatu eta armada bat antolatu zuen 1572an. Ortiz de Zaratek "Bizkaia Berria" izena eman zion eskualdeari, nahiz eta izen honek ez zuen arrakasta handirik izan. Berarekin batera Juan de Garay zebilen, hau ere Urduñakoa (1528-1583, nahiz eta oraindik eztabaida bizi bat badago bere egiazko jaioterriari buruz, batzuek Burgoseko Villalba de Losan jaio zela diotelarik). Garayren zeregina Paraná ibaiaren zeharreko Asunción hirarainoko bidea finkatzea zen. Hori dela eta 1573an Santa Fe hiria fundatu zuen, erdibidean, eta 1580an Buenos Aireseko bigarren eta behin betiko fundazioari ekin zion.

Hala ere, konkistak ez ziren Amerikako kontinenteari mugatuta geratu. Izan ere, Cristóbal Colón-en eta hasierako bidaietako kapitainen helburua, Asiarako merkatal arruta zuzen bat aurkitzea baino ez zen. Amerikaren existentziaz konturatu zirenean, espedizio batzuk antolatu ziren itsaso Barea (orduko hartan Hegoaldeko itsasoa izenarekin ezagutzen zena) zeharkatzeko eta Txina eta Indiako kostaldeetara ailegatzeko intentzioarekin. Esfortzu honen ondoriorik handiena Filipina irletako konkista eta kolonizazioa izan ziren. Bertan, bi euskaldunen izenak nabarmendu ziren: Miguel Lopez de Legazpi (Zumarraga, 1502-1572) eta Andres de Urdaneta (Ordizia, 1498-1568). Legazpik, lau untzietako eta 380 soldaduetako expedizio baten buru izanik, 1564 eta 1572 bitartean artxipielagoaren irlarik nagusienen konkistari (edo garaiko hizkeran esanda, "baketze"ari) ekin zion. Urdanetak, aldiz, Filipina irleetatik Mexikora itzultzeko arruta edo "tornaviaje"a aurkitu zuen, bi kolonia hauen arteko itsasozko lotura ziurtatuz.

Azkenik, euskal bale-arrantzaleek Ternuako kostaldean XVI. mendean zeharreko presentzia ezin daiteke aipatu gabe utzi. Lehendabiziko espedizio dokumentatua mende honen bigarren hamarkadakoa bada ere (1517an Donibane-Lohitzuneko arrantzale batek "Lur Berrietan" hartutako makailoaren salmentari buruzkoa da lehen aipamena), euskal Ternuaren loraldia 1534 eta 1608 bitartean kokatu behar da; hots, Quebeceko kolonizazio frantziarraren hastapenetara arte. Euskaldunek udarako kanpamentu eta lantokiak antolatu zituzten Ternuako irlan, bertan bale-produktuen hasierako manipulazioa egin ahal izateko. Kanpamentu hauen indusketa arkeologikoek, eta batez ere 1978an aurkitu zen San Juan untziaren berreskurapenak (1556an Ternuako kostaldean hondoratutako untzia alegia) euskal arrantzaleen bizimoduari buruzko argi berriak eman dituzte. Egungo Ternuako toponimiak oraindik euskal izenak mantentzen ditu, Port-aux-Basques hiriaren izenetik hasita.