Kontzeptua

Euskaldunak Amerikaren konkista eta kolonizazioan

Konkistaren ostean kolonizazioa hasi zen, eta kolonizazioaren oinarrietako bat europarren inmigrazioa izan zen. XVI. mendean zehar euskal emigrazioa batez ere Amerika gaztelarrera zuzendu zen. Gaztelako koroak oso araudi zorrotza jarri zuen martxan, Amerikako lurraldeetarako biztanle berrien korrontea estuki kontrolatu nahiean, arrazoi erlijioso, politiko eta ekonomikoengatik. Horretarako, Amerikara joan nahi zuen orok aurretik baimena eskatu behar zion, 1546ra arte Sevillan zegoen Kontratazio Etxeari, eta hortik aurrera Amerikaren gobernuaz arduratzen zen Indietako Kontseiluari. Gaztela eta Amerikaren arteko itsas harreman guztien zentralizazioak, portu bakarreko sistemarekin (Amerikara ateratzen edo Amerikatik bueltatzen ziren untzi guztiak derrigorrez Sevillatik pasa behar zuten), kontrola asko erraztu zuen. Sevillako Indietako Artxibu Orokorrean gordetzen diren baimen hauei esker, Amerikarako emigrazio espainiarraren nondik-norakoak -eta horren barnean, euskal emigrazioarenak ere- jakin ahal izan dira.

Hala ere, emigrazio klandestinoa ere oso nabarmena zen. Euskal herritarren kasuan, 1582ko erret zedula batek itsasuntzi "bizkaitarrei" (gogoratu behar dugu une honetan "bizkaitar" izenarekin euskaldun guztiak aipatzen zirela) Amerikarako karreran parte hartzeko lehentasuna ematen zien. Honek are erraztasun handiagoak ematen zizkien Amerikara baimenik gabe joan nahi zuten euskaldunei, euskal untzi hauen marinelak inolako eragozpenik gabe lehorreratu baitzitezkeen Amerikako portuetara heldu eta gero. Emigrazio legala eta ilegala batuz, XVI. mendean zehar Peter Boyd-Bowmanen datuen arabera 200.000 europar joan omen ziren Amerikara; edo 240.000, Magnus Mörneren arabera. Horietatik euskaldunek oso portzentai txikia osatzen zuten, kalkuluen arabera emigrazio osoaren % 3,8a baino ez ziren. Horren arabera, gutxigorabehera 9.500 euskal herritar joan omen ziren mende honetan itsasoaren bestaldeko lurretara.

Emigrazio korronte honek, gainera, bi ezaugarri nagusi zituen. Amerikara joan zen euskal emigrantearen profilik arruntena, gizonezko gazte ezkongabe batekoa zen. Izan ere, XVI. mendearen lehen erdian zehar ia ez zen emakumerik untziratu, eta hortik aurrera emakumeak orokorrean emigrante guztien laurdena baino gehiago ez ziren inoiz izan. Jordi Nadal Oller-ek adierazi zuen moduan, 1640ko iturri baten arabera zera esaten zen Bizkaiko populazioari buruz: "Bizkaiko herritarren lau partetako, hiru emakumeak dira, gizon asko joan eta ez direlako itzultzen".