Politikariak eta Kargu publikoak

Legazpi Gurrutxategi, Miguel Lopez de

Filipinetako gobernadore eta kapitain jeneral izan zen (Zumarraga, 1500 edo 1505. Manila, 1572ko abuztuak 20). Juan Martinez de Legazpi eta Elvira de Gurruchateguiren semea. Zumarragan oraindik zutik dago bere jaiotetxea, trenbidetik hurbil; Jauregi izenez ezagutzen da, euskarazko adiera garbiarekin. Mexikoko erregeordeak (Luis de Velasco) erregeari idatzitako gutun batean "Lezcano etxeko kapare entzutetsuen seme" irakur daiteke hari buruz. 1527an Areriako (Gipuzkoa) eskribau izendatu zuten, bere aita hil ondoren hutsik geratu baitzen kargua. Erregea berretsi zuen karguan (1527ko apirilak 12) Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Buletinean argitaratu ostean, 1974, 1-2. zenbakia, 257. or., S. I. Gipuzkoan hiru udaletxe nagusi zeuden orduan eta Areria zen horietako bat. 1027an Iruñeako katedrala berritzeko eta hornitzeko eskrituran dagoeneko ageri da Areria, elizbarruti bereko haran modura (bertan jendea bizi zelarik). Antzina Lazkao, Olaberria, Itsaso eta Arriaran kontzejuek osatzen zuten harana. Beranduago batu ziren Gabiria, Zumarraga eta Ezkio, baina 1661ean berriro banatu ziren. 1528an Legazpi dagoeneko Mexikon bazegoen, oso denbora gutxiz izan zen Areriako eskribau. Mexikon, kabildoko (udaletxea) idazkari, alkate eta hiriburuko Moneta Etxeko goi-kargua izan zen. 1528tik 1564ra, 36 urteren buruan, aberastasun oparoa bildu zuen. Isabel Garcesekin ezkondu eta bederatzi seme-alaba izan zituzten, lau gizonezko eta bost emakumezko. Bere etxea hiriburuko nabarmenetako bat zen. Bere seme Melchor de Legazpik, erregeari igorritako Memorial batean, honakoa aipatzen du beste oharpen batzuen artean: "Erreinu hauetatik irteten ziren kapare eta zaldun txiro asko haren etxea ezagutu gabe abiatzen ziren, ohitura zaharrari jarraituz, hots, han pertsona horiei beti zer jana, jantzia eta premiazko oro ematen zitzaielako eta han hura beti egon zelako. Eta kontu hori jakina eta oso nabarmena izan da erreinu hartan". Legazpi bere espedizioarekin Filipinetarantz abiatu zenean alarguna zen dagoeneko eta biloba ugari zituen, horietako bat berekin eraman zuen. Felipe de Salcedo zen, eginbehar garrantzitsuak bete zituen gaztetxoa. Espedizioa behar bezala joan zedin baliabide gutxi zituztela ikusita, Legazpik bere ondasun guztiak bildu eta saldu egin zituen, Mexikoko hiriburuan zuen luxuzko etxea izan ezik. Aurkikunde handiak egin ziren garai hartan horrelako kontuak nahiko arruntak ziren: jardunaldi edo espedizio haiek normalean ongi antolatutako negozioak ziren eta koroak, partikularrek, soldaduek eta elizak parte hartzen zuten.