Jaialdiak-Ekimenak

Euskal Festak

Iparraldeko hainbat herritan (Urruña, Sara, Hendaia, Donibane Lohitzune, etab.) arrakasta ukan ostean, 1892. urtean Antoine d'Abbadie Azpeitiko Udalarekin jarri zen harremanetan Euskal Festak herri horretara eramateko asmoz. Hala, hurrengo urtean bertan eraman ziren festak Azpeitira. Ondotik, ospakizunek herrian izan zuten harrera ona ikusirik, Foru Aldundiak proiektua beregain hartzeko proposamena luzatu zuen, etorkizunean festa horien ospakizunekin jarraitzeko konpromisoa hartuta.

Batzorde bat eratu zen eta, Abbadieren jarraibideak betez, festak probintziako hemezortzi herritan ospatzea adostu zen. Beranduago beste herri bat batu zen multzo horretara: Hondarribia. Zikloa Arrasaten hasi zen 1896an eta Tolosan amaitu zen 1913an. Donostian 1906. urtean ospatu ziren festak. Hasieran aurreikusitako zikloa amaituta, 1914. urtean beste urte betez luzatzea interesgarri zatekeela erabaki zen, festak Hondarribian antolatuz. Dena den, mundu-gerratik eratorritako ekonomia-krisia zela eta, proiektua ezin izan zen gauzatu.

Euskal Festak 1927. urtean berreskuratu ziren Euskal Aste izendapenarekin, urte hartantxe sortutako Donostiako Udaleko Kultura eta Turismo Ekintzetxeak antolatuta. Erabakia uda garaia luzatzeko asmoz hartu zen. Hori dela eta, irailean antolatzea erabaki zen, hiriko zaindaria den Koruko Ama Birjinaren eguna hartzen duen astean. Egun hori irailaren 8an ospatzen da. Hala, hileko lehen bi igandetan estropadak antolatzeko tradizioa sortu zen, Euskal Astearen hasiera eta amaiera modura.

1936. urtean Euskal Asteak bertan behera geratu ziren eta 1940. urtean berreskuratu ziren. 1961. urtean antzinako Euskal Festak izendapena berreskuratu zen eta, laurogeita hamarreko hamarkadan, pixkanaka, Euskal Jaiak izendapena nagusitu zen.