Jaialdiak-Ekimenak

Euskal Festak (1982ko bertsioa)

Izendapen orokor honen baitan literatura, kirol, nekazal, musika edota folklore ospakizun anitzak egin izan dira, betiere euskara eta zantzu bereizgarrien aldarrikapenean indarra pausatuz.

Genero honen barnean, Urruñan (Lapurdi) 1853an Antoine d'Abbadiek abiarazitako bertsolari txapelketak nabarmentzen dira. Gero etorri zen idatzizko poesia txapelketa eta 1873an prosazko lanena. Ikus TXAPELKETA. 1879an, lehen aldiz Bidasoan behera antolatzen da ekitaldi mota hau, Elizondon, erabateko arrakasta lortuz. Pixkanaka-pixkanaka jaia sakontasun kulturalez beztitzen da; 1880an Beran ospatutakoan, esate baterako, "Nafarroako Gorteen Eraketa eta Garrantzia" gaitzat hartuta egindako ikerketa historiko-kritiko onenari urrezko domina eskaintzen zaio.

Aldarrikapen hauek Nafarroako Euskara Elkartea, Udalek, Bilboko Euskal-Erria Elkarteak edo Foru Aldundiek sustatzen dituzte eta mugaren bi aldetara ospatzen dira, urtero. Irrikak kutsatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak halako festa bat bere kabuz eta urtero antolatzea adosten du. Horretarako, 18 herriz osatutako ziklo bat prestatzen du eta 1894tik aitzinera ospakizunei ekin zitzaien azienda eta nekazal produktuen lehiaketak garrantzia handia dutelarik. 1897an modalitate berri bat abiatzen da Donibane Lohitzuneko Euskal Tradizioko Jaien ospakizunarekin.Bertan, elementu ofizialak - prefektua, gotzaina, Kultura Ministerioko ordezkaria, alkateak, kultura elkarteen zuzendariak, mugaren bi aldetatik etorritako kargu-hautatuak- eransten zaizkie hitzaldi eta erakusketak barneratzen dituzten ospakizunei.

Tradizio Jaiak 1900 errepikatu ziren Donibanen berriro ere eta dagoeneko irteerekin hornituak 1904an Donostian eta Irunen, batzuk Euskalzaleen Biltzarrak antolatuta eta beste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, 1914ra arte ospatzen diren nekazal giro gehien duten euskal jaiekin elkarbizitzan ospatzen direlarik. Mundu gerratearen ondotik Iholdin (Nafarroa Beherea) berrabiarazten dira 1920an eta Hondarribian (Gipuzkoa) 1925ean. Gipuzkoan "Euskalerriaren-Alde" entitatea arduratu zen antolaketaz. 1927ko irailean Donostiako Udalak Euskal Astea izendatu zuen astebeteko iraupeneko euskal jaia ospatu zuen, zeina ondoren aldizka errepikatu zen sortu berria zen KTE-ren babespean (1928). Bertako antolaketa batzordean José Antonio Beguiristain, Donostiako alkatea kokatzen da ohorezko presidente lez eta Antonio Orueta Presidente eragile lez, José Aguirre, Toribio Alzaga, Secundino Esnaola, José María Olaizola, Beltrán Pagola, Ramón Usandizaga, Francisco Urcola eta Juan B. Juanena batzordekideekin batera.

Euskal jaiak gero eta aberatsagoak ziren urtetik urtera, horren adibide da, 1936 eta 1940-1945 urteetan gerrak alboratu arte egin ziren arrain pregonari lehiaketak. 1940an KTE eta "El Diario Vasco" Donostiako euskal jaiak berpizten saiatzen dira, garai horretan irudika daitezkeen gerraondoko kutsu guztiekin. KTE berriro erabat abiarazita, 1950 eta 1951 artean, Donostiako astea berragertzen da berriro, ahul bada ere. Euskal Jaiak Donostiako Trinitate Plaza agertoki hartuta hasi ziren ospatzen ostera ere. KTE edo Sagardoen Elkarte Sindikalak babestuta, gastronomiari arreta berezia eskaintzen zitzaion. Urteen poderioz indarra hartzen joan ziren, KTE-k antolatuta, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru aldundiak babestuta eta "Julio de Urquijo" Euskal Filologiako Seminarioaren eta Herriko eta Probintziako Aurrezki Kutxen lankidetzarekin. Iraileko hamabostaldi bat izatera iritsi ziren, bertan literatura eta dantza lehiaketak, herri jokoenak, arte lehiaketak, antzerkia, sokamuturra, txistularien alardea, behi demak eta aizkolari lehiaketak, jantzi txapelketa, boloak, traineruak, txalaparta, erromeriak, edariak, gaztak, e.a. falta ez zirelarik. Diktadura urteetan, euskal txoko garrantzitsua izan ziren.