Kontzeptua

Europar integrazioa eta supranazionalitatea

Europar integrazioak Euskal Herrian oso eragin ezberdina du lurraldearen arabera, izan ere, Euskal Herria bi estatutan bereizten da. Iparraldeari dagokionez, europar integrazioaren eragina 1951ko hastapenetik antzeman da, izan ere, Frantzia prozesu horren sustatzailea izan zen. Aitzitik, Hego Euskal Herrian egoera korapilatsuagoa da, izan ere, erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak erkidegoak eraikitzen zituzten talde eta sareekin harremanak izan bazituen ere, estatuaren barnean erregimen frankistan zehar gailendu ziren autarkia eta nazioarteko isolamenduaren ondorioz Espainia XX. mendeko Europako prozesu politiko nagusitik at geratu zen. Franco Espainia Erkidegoetan barneratzen behin eta berriz saiatu bazen ere, asmo hori beti ukatu egin zitzaion horretarako baldintza demokratiko egokiak ematen ez ziren artean.

Trantsizioan zehar, erkidegoaren faktorea ezinbestekoa izan zen adostasun politikoa erdiesteari dagokionez, izan ere, erregimen demokratiko berriak Europako Erkidegoetan barneratzeari eman zion lehentasun osoa. Hori berme gisa ikusi zuten hainbat alderdi politikok trantsizio prozesuaren alde egiteari zegokionez, tartean EAJ alderdiak (bere mugak izan bazituen ere). Horrenbestez, Ekialdeko Europako hainbat herrialdetan gertatu bezala, esan daiteke integrazioaren abagunea lagungarri izan zela demokraziara bideratutako prozesuari egonkortasuna emateari zegokionez, are formalki erkidegoko kide izatera iritsi aurretik ere.

1987an Espainiako Estatua Erkidegoetan barneratu zenean, egonkortasun politikoaz gain egonkortasun ekonomiko gero eta sendoagoa iritsi zen Merkatu Batuko kide izatean. Integrazioa faktore garrantzitsua da estatua modernizatzeari dagokionez, egitura-funtsen eta bestelako erkidegoko politika batzuen eskutik iristen diren laguntza-pakete handiei esker; halaber, besteak beste, aurrekontu-teknikak, zerga-sistema (BEZ bateratua) edota administrazioko prozedura ugari modernizatu egiten dira. Era berean, bi autonomia erkidegoek (Euskal Autonomia Erkidegoa edo Euskadi [EAE] eta Nafarroa) etekina ateratzen dute egonkortasun eta sendotasun ekonomikoa ezaugarri dituen giro horretatik, nahiz eta ia ez duten egitura-funtsik jasotzen, erkidegoko errentaren %90az gainetik kokatzen baitira. Euskadiren kasuan hori deigarria da, izan ere, Erkidegoekiko saldo garbia beti negatiboa izan zen (zergadun garbia) bi urtetan izan ezik, krisi luze batean eta industria-birmoldaketa sakon batean murgilduta izan arren (Alonso 2009).

Egonkortasun hori areagotu egin zen makroekonomia-politika eta moneta-politikak koordinatzen ziren heinean. Horrek pezetaren aldakortasuna murriztu zuen. Hori abantaila handia izan zen Euskal Herriko lurraldeetako eta, bereziki, EAEko lurraldetako esportazioen garrantziaren eraginez. Horri, 2001eko urtarrilaren 1ean, Maastrichteko tratatuari jarraiki, baterako moneta (euroa) ezarri zenean moneta indartsu eta egonkorra izatearen abantaila erantsi behar zaio.

Horrela, integrazioak Euskal Herrian izan zituen eragin nagusiak Europar Batasunaren sorrerari zor zaizkio, zeina 1992ko otsailaren 7an gauzatu baitzen Maastrichten sinatutako tratatuari esker. Europar Batasuna 1993. urtean sartu zen indarrean.

Europar Batasunaren tratatua indarrean sartu zenean botere politikoa erkidegoetako instituzioen eskuetara aldatu zen neurri handi batean. Horren ondorioz, Espainiako Estatuaren barneko eskumenak berrantolatu egin ziren berehala. Hori zela medio autonomia erkidegoek (AE), euskaldunak eta katalanak buru zirelarik, foru politiko berrietan parte hartzea eskatu zuten beren eskumenak ez galtzeko eta beren autogobernuak mantentzeko. Bi partaidetza mota zeuden: goranzkoa eta beheranzkoa. Goranzkoari jarraiki, Estatuak Bruselarekin negoziatzerakoan hartu behar zukeen jarreran autonomia erkidegoek parte hartzeko modua adostu behar zen. Beheranzkoari jarraiki, autonomia erkidegoek beren eskumenei dagokion erkidegoko araudia finkatu ahal izateko mekanismoak ezarri behar ziren.

Bestalde, tratatuaren bidez eskualdeei aitorpen politikoa eman zitzaien eta Eskualdeetako eta Toki Agintaritzarako Lantaldea sortu zen. Botere eta baliabide mugatuak dituen organo aholku-emailea izan arren, eskualdeetan eragin eta kezka gehien sorrarazten zituzten gaiei buruzko txostenak idatzi eta iritziak emateari buruzko lanean hasi zen. Dena den, berehala ikusi zen eskualde oso anitzen nahasketaren eraginez (batzuk botere handiak zituzten eta beste batzuk administrazio- edo hiri-deskontzentrazioak baino ez) zaila izango zela organo horrek Eusko Jaurlaritzak nahi zuen integrazio politikoa sustatu ahal izatea.

Horrez gain, politikoki dinamikoagoak ziren autonomia erkidegoek, bereziki EAEk, erkidegoko foroetan partaidetza zuzenagoa izan nahi zuten, bertan negoziatzen baitziren beren eskumeneko auziak. Helburu horrekin Eusko Jaurlaritzak bulego bat zabaldu zuen Bruselan bere politikarako informazio adierazgarria jaso eta bere jarduerak Europar Batasuneko instituzioekin koordinatzeko. Espainiako gobernuak ekitaldi hori konstituzioz kanpokoa zela adieraziz erantzun zuen, erkidego horren asmoarekin nazioarteko harremanetako eskumenak erasotzen zirelakoan. Hala, Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa jarri zuen eta epaia jaso bitartean bulegoa itxiarazi zuen. Azkenik, borroka politiko eta juridiko luze baten ondoren, Auzitegi Konstituzionalak 1994ko maiatzaren 26ko 156/94 sententzia eman zuen, Eusko Jaurlaritzari arrazoia ematen ziona, izan ere, epaiaren arabera Europako Erkidegoetako izaera berezia zela-eta, estatuz kanpokoak ziren, baina haren barnean ematen ziren jarduerak, dagoeneko ezin ziren nazioarteko harreman gisa hauteman. Hori dela eta, legezkoa izateaz gain, ziur aski, ezinbestekoa ere bazen autonomia erkidegoentzat erkidegoko administraziora sarbide zuzena izatea, hari dagozkion eskumenak behar bezala gauzatze aldera. Berehala autonomia erkidego guztiek Bruselan bulegoak irekitzeari ekin zioten.

Modu horretan, europar integrazioaren ondorioz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak subiranotasunari, lurraldetasunari eta nazioarteko harremanen inguruko nozioei buruzko definizioak aldatu behar izan zituen. Hurrengo egunean, Eusko Legebiltzarrean 1994ko maiatzaren 27ko "Euskal Autonomi Elkarteaz Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanetarako Legea" onartu zen, zeinaren arabera, Eusko Jaurlaritzari kanpoan hainbat jarduera burutzeko boterea ematen zitzaion, euskal diasporarekin harreman sinplea izatetik haratago zihoazenak; hala, kultura, politika eta ekonomia sustatzeko jarduera ugari egiten hastea ahalbidetzen zen. Segidan beste autonomia erkidego batzuk gauza bera egiten hasi ziren, nahiz eta egia den lege horrekin bide legala ireki baino ez zela egin, izan ere, autonomia erkidegoak sortu zirenetik nazioarteko harremanetarako sare trinko bat taxutu zuten lege hori atera arte zeuden oztopoen gainetik (Morata 1995:130).

Egoera berri hori nagusitzen zen neurrian, Estatua autonomia erkidegoen ekintzak antolatzen ahalegindu zen hainbat ekimen abian jarriz. Ekimen horiek liburuki batean jaso ziren, antzeko beste kasu batzuekin batera, eztabaida eta gobernuen erabakiak errazteko (MAP 1995).

Estatuek Espainia eta Frantziaren arteko mugak itxiz Euskal Herriko Pirinioetako bi aldeetan (Iparraldeko hegoaldea nahiz Hegoaldeko iparraldea) ekonomia naturala birrindu zuten moduan, benetako barne-merkatuaren sorrerak ere kalte larriak eragin zituen mugaldeko herrietan, izan ere, barneko mugak nabarmen lausotu ziren. Hots, europar integrazioak eragin askotarikoak izan zituen lurraldearen ikuspegitik so. Alde batetik, muga ardatz zuen ekonomia-sare osoa ezerezean geratu zen; horren ondorioz, langabezia sortu zen eta ehunka pertsonak hutsetik hasi behar izan zuten. Beste alde batetik, Schengen akordioaren bidez ezarritako pertsonen joan-etorri askeari esker Euskal Herriko bi aldeen arteko harreman pertsonalak erraztu egin ziren erabat. Abantaila horrek, gainera, indarra hartu zuen moneta bakarra, euroa, indarrean jarri zenean, modu horretan, trukeak errazago ematen baitziren.

Aldaketa handi horien eraginez gogoeta sakona egin zen Iparraldean, "Pays Basque 2010" dokumentu estrategikoarekin gauzatu zena. Dokumentu horretan Frantziako euskal lurraldea sortzen ari zen merkatu berriaren periferian isolaturik geratzearen arriskuaz ohartarazten zen, baldin eta behar bezalako garapena izaten ez bazuen, berezko instituzioak ezartzen ez baziren eta lurraldearen nortasun bereizgarria garapen endogenoaren baliabide garrantzitsu gisa erabiltzen ez bazen (Ahedo 2002). Dokumentua 1992ko otsailean kaleratu zen, hain zuzen, Maastrichteko tratatua sinatzen zen une berean. Horrek, dokumentua aipatu tratatua gauzatzeko hasitako negoziazioekin batera taxutu zela adierazten du.

Dokumentu horrek euskal departamenduaren aldeko mugimendu indartsu bat eragin zuen. Horrela, 80eko hamarkadan departamenduaren alde agertzen zirenak eta benetako autonomia izango zuen departamendu bat nahi zutenak batu egin ziren. Lorpen handienetako bat Iparraldeko ehunak pertsona ezagun "Euskal Herriko -Pays Basque- arazo ekonomiko, lurraldeko, sozial eta kulturalari buruzko definizio partekatu baten inguruan" batzea izan zen (Ahedo 2002: 246 eta 585). Estrategia orokor horren barnean mugaz gaindiko lankidetza oso elementu interesgarria izan zen.

Aldi berean, Hego Euskal Herrian, Euskadi eta Nafarroako gobernuak ekonomia eta politika arloko lankidetza-eremu handiagoak sortzeko premiaz jabetu ziren; dena den, Nafarroako gobernuak hiruren arteko lankidetza (Akitaniako eskualdearekin batera) utzi egin zuen Eusko Jaurlaritzarekin zituen ezadostasun ideologikoak zirela medio. Modu horretan, Euskal Herriaren eta Akitaniaren arteko mugaz gaindiko lankidetzak bultzada nabarmena jaso zuen 90eko hamarkadan, gero eta baliabide komunitario handiagoak izan dituen Europaren joera orokorraren barnean (De Castro 1994; Letamendia 1998; Bray 2004; Filibi 2008). Lankidetza horren azken ekarpena Eskualdeen Konferentziaren (Conferencia Euro-regional) sorrera izan da. Bertan, Iparralde eta Hegoaldeko eragile instituzional eta politiko guztiek parte hartzen dute, bi aldeetako gaitasun politikoak eta instituzioetan eskuragarri dauden baliabideen asimetria sakona gainditzeko bide bakarra delakoan.

SESB desagertu eta Gerra Hotza amaitzearekin batera europar Batasuna sortu zenean, Europako Erkidegoetako herrialde kideek ere etekin geopolitikoak ukan zituzten, batasunari esker sendotasun politikoa lortu baitzuten. Lehenik eta behin, Gerra Hotzaren mehatxua desagertu egin zen. Bigarrenik, Ekialdean sortu ziren estatu berriek Europar Batasunean sartzea eskatu zuten eta, horri esker, Batasunak sobietarren inperioak utzitako hutsunea bete ahal izan zuen. Hirugarrenik, Europar Batasuna eragile politiko funtsezkoa bilakatu zen estatu berrien aitorpena emateari zegokionez, batez ere, bi aldeetako jarrerak bateratzeko gaitasuna izan zuelarik, Eslovenia eta Kroaziarekin gertatu zen bezala (1991ko abenduan garatu zen aitorpena eta EEEk 1992ko urtarrilaren 15ean egin zuen ofizial, izan ere, Frantzia, Bretainia Handia eta Espainia aurka zeuden). Nolanahi ere, ez da beti horrelakorik gertatu. Esate baterako, Kosovon (2008ko otsailak 18) jarrera bateratuaren bidez askatasuna eman zitzaien estatuei Kosovoren aitorpena emateko (lau handiek, hots, Alemania, Frantzia, Britainia Handia eta Italiak aitorpena eman zuten).

Euskal Alderdi Jertzalea 1895ean sortu zen eta mendearen hasieran dagoeneko jarrera europazale argia antzematen da prentsa nazionalistako hainbat artikulutan erreparatuz gero (Euskalduna, La Patria, Patria, etab.). Horrenbestez, Europaren ideia mugimendu horren erreferente ideologikoetako bat dela esan daiteke (Ugalde 1994:6).

Erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak nazioartearen eta Europaren aldeko jarrera indartsua zuen eta Europako mugimendu federalistaren hasieran partaidetza aktiboa izan zuen. Hala, Agirre Lehendakariak 1948ko maiatzaren 7 eta 10 bitartean egin zen Europako Kongresuan izandako partaidetza azpimarratu behar da (Ugalde 2001:82; Arrieta 2007:326-327).

Honako baieztapena egin daiteke: "EAJ alderdia funtsean europazalea den alderdi gisa aurkezten da. Europako eraikuntzaren aldeko atxikimendu hutsetik haratago, alderdi horrek Euzkadirentzako proiektu politikoa Europako markoaren inguruan taxutu du". Alabaina, "Europa herrien Europa bilakatzeko eta Euskal Herria dinamika horretan barneratzeko asmoa ez da EAJ alderdiaren ideia soilik, Euskal Herriko alderdi nazionalista guztien helburua baizik" (Galeote 1999:268 eta 274), nahiz eta horien artean desadostasun handiak egon.

Dena den, Europar Batasunaren eraketak estaturik gabeko nazioen eta eskualdeen artean Europako politikan toki bat aurkitzeko sorrarazi zituen itxaropenak (Keating 1996; Rojo 1996) neurri handi batean zapuztu egin ziren, izan ere, 90eko hamarkadaren erdialdera integrazio politikoa geratzean estaturik gabeko eskualde eta nazioek Europar Batasunaren barnean esparru politiko bat izatera bideratutako balizko aurrerapenak ere zapuztu egin ziren. Alain Lammassourek egindako proposamena asko eztabaidatu zen. Hark Europar Batasunak demokratikoki aukeratutako parlamentua duten eskualdeentzat "asoziazio" erako status berezia aitortzearen aukera aipatu zuen. Hala ere, saiakera asko egin ziren arren, Konbentzio konstituzionalak eztabaida hori saihestu zuen, bereziki estatu askok egindako aurkako presioagatik, esate baterako, Espainiak .

Europar Batasuna sortu eta hamabost urte baino gehiago igaro ostean, eskualdeek duten partaidetza txikiaren eta Europar Batasunaren barnean estaturik ez duten nazioen aitorpen politiko eskasaren eraginez (hizkuntza gutxitu batzuen erabilpenaren aldeko keinu txiki batzuk salbu, baina aitorpen ofizialik eman gabe), eskualde dinamikoenek eta nazionalismo ezberdinek beren estrategiak berrantolatu eta beren diskurtsoak egokitu behar izan dituzte (Hepburn 2008). Finean, XXI. mendeko lehen urteetan, alderdi nazionalista gutxituek eta alderdi erregionalistek, hein handi batean, integrazio-prozesuak emandako itxaropena galdu dutela ikus daiteke (Elias 2008).

Edozein kasutan ere, eskualdeen fenomenora bideratutako sentsibilitatean izandako atzerapen horiek integrazio-prozesua krisian izan den urteetan eman direla ikus daiteke. Krisi hori, ziur aski Erdialdeko Europako eta Ekialdeko Europako kide berrien kultura politiko ezberdinek indartu egiten dute, izan ere, diskurtso nazionalista indartsuak erakusten dituzte, zeina oso ulerkorra baita, subiranotasun osoa 1991n lortu dutela kontuan hartzen badugu.