Politikariak eta Kargu publikoak

Aguirre Lecube, José Antonio

Legelari eta politiko bizkaitarra, Bilbon jaio zen 1904ko martxoaren 6an. Parisen, 1960ko martxoaren 22an zendu zen.

Industrian gizarte-hobekuntza aurreratuak laster ezarri zituen sendia bizkaitar garrantzitsu batetik zetorren. Lehenbiziko bere ikasketak Urduñako Jesulagun AA.en ikastetxean egin zituen eta geroago Deustuko Unibertsitatean. 1929an legelari jardunari ekiten dio. Bere etxea eta sendi-enpresa ere nabarmentzen zituen giro katoliko eta gizarteko batetan hezia, Bizkaiko Gaztedi Katolikoko lehendakari bezala bizitza publikoan jarduten hasten da eta gero ACE-ko Kontseilu Goreneko kide eta gizarte-katoliko eta euskal arloko kezken bultzatzaile bezala jardungo du.

1931an, 27 urte zituela, Getxoko (Bizkaia) zinegotzi eta alkate hautatua da. Ekainaren 28an, bigarren errepublika agertu ondoren, aldi berean Bizkaitik, EAJ-tik eta Nafarroako batasun katoliko-fuerozaletik Gorte Konstituziogileen diputatu hautatua da. Gorteetan Joakin Beunza lehendakari bezala zuen Eusko-Nafar gutxiengoaren idazkaria izan zen. Aldi eratzaileko bere parte hartze bikainetan hizlari aparta bezala nabarmendu zen, 1839ko legearen ezabapena eskatu zuen, irakaskuntzaren askatasuna aldeztuz eta Jesusen Lagundiaren disoluzioa zekarren Kongregazioekiko Legeari bere aurkakotasun garbia agertuz. Getxoko alkate bezala estatu-integraziorako legezko formula bezala Autonomia Estatutuen onarpenaren aldeko Euskal Herriko Alkateen batzordeburu izan zen. 1931tik aurrera bere nortasuna EAJ-ko nabarmenetariko bat bezala agertu zen.

Errepublika-garaian zehar alderdi honen ildo politikoa bere Entre la libertad y la revolución, 1930-1935; La verdad de un lustro en el País Vasco. Bilbao, 1935 lanetan azaltzen da. 1932ko azaroaren 19an berriz ere EAJ-ren izenean Bizkaitik Gorteetarako diputatu bezala hautatua izan zen. 1936ko otsailaren 18ko Errepublikaren azken hauteskundeetan, hirugarrenez diputatu hautatua da. 1936ko gudan zehar, urriaren 1ean, Gorteek Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartzen dute. Eta urte bereko urriaren 7an alkateek Gernikan batzartuta Autonomia Gobernuko Lehendakari izendatzen dute. Bere Gobernuaren buru bezala aliatuekin batasun politikoa indartu egin zuen, orden publikoa berrezarri, bere jardute-esparruan gurtzea mantendu zuen eta gudari eta miliziak antolatu zituen.



Bizkaian guda-amaieren izan zen azken aroan indar armatuei zegokion agintea bere esku hartu zuen. Bere agintaldi laburrean zehar Bilbon jarduten hasi zen Euskal Unibertsitatea edo Ikastola Nagusia sortu zuen. Txanponak, billeteak eta hegazkin-postarako kartazalak ere inprimatu ziren. 1937ko ekainaren 19an Bilbo erori izanarekin Paris aldera abiatzen da eta 1937ko abuztuan Barcelonan kokatzen da. 1939ko urtarrilean Frantzia eta Belgikara doa bere laguntzaileekin. Bigarren Mundu Gudak Belgikan harrapatzen du, bere aizta bat alemanen bonbardaketan hilez. Nazismoak jazarria izanez Berlinen ostentzen da. Amerikara joateko igaro behar dituen bizipen dramatiko ugariak berak idatzitako De Guernica a Nueva York pasando por Berlín liburuan azaltzen ditu.

1941ean Nueva Yorken, Columbiako Unibertsitatean Espainiako Historia Garaikidea ikasgaiaren irakasle betekizuna betetzen du. 1945ean, Bigarren Mundu Guda amaitu orduan, Paris-era itzultzen da, 1960ko martxoaren 22an heriotza datorkion arte Eusko Jaurlaritzako lehendakari bezala jarduten jarraitzeko. Bere hilotza Lapurdira, Donibane Lohitzune-ko hilerrira, eraman zen. Madrilgo Gorteen aurrean eta beste Ganbara batzuetan egindako bere hitzaldiak eta Gabon eguneko eta Gabon Zaharreko bere mezuak bezala, hizkuntza askotan argitaratuak izan dira.

1944an Buenos Aires-en Cinco conferencias pronunciadas en un viaje por América bilduz ale bat argitaratzen da: "Mis impresiones sobre Alemania"; "El sentido histórico de la dignidad humana y de la libertad entre los vascos"; "La posición de un creyente ante la crisis de la caridad"; "El Padre Vitoria visto por un vasco" y "El sentido democrático, el sentido nacional y el de la libertad de los pueblos en los momentos actuales" (Ekin Argitaletxea). Euskal Herriaren Historia idazten zegoenean heriotza datorkio. 1965-66ko urteetako Boletin Americano de Estudios Vascos-en Fin de la Dinastía Pirenaica. Reinado de Sancho el Fuerte izenburupean 60, 61, 62 eta 64 zenbakietan bere hil ondorengo lanaren zati bat argitaratu da.

MEL

2004ko apirilean Eusko Jaurlaritzako lehenengo Lehendakaria, Jose Antonio Agirre (1904-1960) Getxoko semetzat, 1931an bizkaitar udal horretako alkate izanik, izendatu zuten.

Informazio gehiago AL50 Agirre Lehendakaria web gunean

Bilbon, Bizkaiko Foru Artxibategiko erakusketa-aretoak 2004an Jose Antonio Agirreri buruzko erakusketa azaldu zuen. Erakusketak lehen lehendakariaren beraren bizitzako alderdi batzuek agertu eta bere gogoetetan sakontze-ahalegina dagi. Erakusketako "altxorra" Agirreren egunkariak, sendiak lehen aldiz erakutsi izate asmoz utzitakoak, ziren. Sendi-argazkiak Lehendakaria Zazpi Kaleetan jolasean azaltzen dute eta urte batzuk geroago Getxoko sendia ugari baten anaia nagusiaren zereginetan. Gauza desberdindun bitrina batek Agirre 20.eko hamarkadan Athletic-en aurrelaria izan zela gogorarazten digu eta beste batek A.V.A.S.C. erlijio elkartean zuen militantzia. Erakusketak 1936ko urriaren 7an lehendakari bezala egindako zinaren jatorrizko agiria agertu zuen eta naziengandik bere ihesean Agirrek mozorrotzeko erabilitako betaurrekoak ere. Halaber Paris-eko bere bulegoaren erreprodukzioa azaltzen du.

EA

  • Discours prononcé par ... le Président du Gouvernement Basque José Antonio de Aguirre aux postes de radio de Catalogne le 21 décembre 1938, Bloud and Gay, 27 pp.
  • Discurso pronunciado por José Antonio de Aguirre ante el micrófono de Radio Euzkadi, el día 22 de diciembre de 1936, Euzkadiko Jaurlaritzako Propaganda Atalak argitaratua, Bilbo, Editorial Vasca, Banco de España, 32 orr.

MEL