Kontzeptua

Europar integrazioa eta supranazionalitatea

Grezia klasikoak eta Erromako Inperioak Europako batasuna eraiki zuten kristautasunarekin batera, nahiz eta haien barnean liskar ugari izan. Erlatiboki txikia den lurralde batean hainbat mendez elkarbizitzan izatearen eraginez elkartrukeak sendotu egin ziren bai materialei dagokienez, bai ideiei dagokienez. Horrek, batasun kulturak sendoa eskatzen zuen eta hori, besteak beste, artearen eta arkitekturaren estilo guztietan ageri den izaera europarrean antzeman daiteke. Europako erreinuek ekialdetik (hunoak, hungariarrak, mongolak, turkiarrak) eta hegoaldetik (islama) zetozen inbasio-oldeei aurre egiten zieten heinean batasunaren faktoreak agertzen ziren; dena den, behin mehatxua desagertzen zenean erreinu bakoitzak politika arloko eta lurralde mailako bere nahimenekin jarraitzen zuen. XV. mendetik aurrera Europako inperioek kontinente, herri eta kultura berriak topatu eta konkistatu zituzten. Kontinente horiek oso ezberdinak ziren Europarekin alderatuz gero, horren ondorioz, europarren arteko desadostasunak ahuldu egiten ziren. Faktore berri horrek Europaren batasuna hobeki ulertzen laguntzen du.

Europa barnean, estatu modernoa agertzearekin batera Europako batasun erlijiosoaren oinarriak higatu egin ziren pixkanaka. Batasun hori Aitasantutzak zuzentzen zuen Erromatik. Erlijioak eragindako gerrek muga berriak sorrarazi zituzten. Katolikoen eta kalbinisten arteko ezadostasun bateraezinen nahiz Europako potentzia handien arteko ezadostasunen eraginez hainbat gerra lehertu ziren, baina Westfaliako Bakearekin (1648) gerra garai luzeak amaitu egin ziren. Bake-konferentzia horiek lehen kongresu diplomatiko modernotzat eta subiranotasunaren printzipioan oinarritzen den nazioarteko ordena berri baten (europarra) akuilutzat jotzen dira. Errepublika Kristauaren ideia unibertsalista zaharrak ez bezala, bazirudien printzipio politiko berriarekin gatazka ebatziko zela, izan ere, subirano bakoitzak bere lurraldean bere erlijioa inposatzeko eskubidea ("eius regio, cuius religio") eta beste potentzia batzuen kanpoko interferentziak nahiz Aitasantutzatik zetozenak ez onartzeko eskubidea aitortzen zen.

Westfaliako itunak sinatu zirenetik hiru mendera, inperialismoaren eta estatuko nazionalismoaren eraginez (ideologia ezberdinetan gauzatua, hala liberalismoa nola faxismoa eta komunismoa) mundu osoan zehar hedatu ziren bi "Europako gerra zibil" lehertu ziren (Archer eta Butler, 1992:4). Lehenengo Lehen Gerra Handia (1914-1918) lehertu zen eta haren atzetik etorri ziren Espainiako Gerra Zibila (1936-1939) eta Bigarren Mundu-gerra (1939-1945). Gerra horiek gizateriaren historiako suntsipen aldi handiena ekarri zuten.

Gerra Handiaren lazturak sekulako etsipena eragin zuen Europako gizartean, hala "gehiagorik ez" aldarria agertzen zen etengabe artikulu eta eztabaidetan. Gerrak hainbat intelektual ere astindu zituen. Horrela, gerraren arrazoiak argitzeko, etorkizunean nola ekidin asmatzeko eta Europa politikoki, ekonomikoki eta moralki berregiteko gogoeta aldi bat hasi zuten. Proposamen ugari plazaratu ziren. Hemen horietako bi aipatuko ditugu, gerora izan zuten eraginagatik.

Lehenik eta behin, Coudenhove Kalergi kondeak taxututako Paneuropa (1923) obrak eragin sozial eta politiko nabarmena izan zuen. Munduko testuinguru berrian Europak pairatzen zuen krisia eta bere gainbehera zen lan horren abiapuntua. Planteamendu hori ez zen berez berritzailea, baina hura ardatz hartuta egindako diagnosia eta osatu zuen ondorioa berritzaile izan ziren: "Europaren gaitza hogei estatu baino gehiagotan sakabanatzea eragin zuen banaketa politikoa zen, nazioarteko anarkia sorrarazi zuena eta ondorio gisa hainbat gerra izan zituena". Horregatik, ezinbestekoa zen Europako federazio bat sortzea: "Batasun politiko iraunkorrik gabe, gainera, Europako estatuen artean gerrak sortuko ziren berriz ere. Eta, beste batek heriotza ekarriko zion Europari". (Truyol 1999:27-28); (itzulpen moldatua gaztelaniatik). Paneuropa lanean gerraren fenomenoa ulertzeko modu berri bat agertzen zaigu eta estatuko subiranotasunaren eta gerraren arteko erlazio zuzena ezartzen da.

Bigarrenik, 1930eko hamarkadan hainbat gazte "inkonformista" nabarmendu ziren, Esprit eta L'Ordre Nouveau aldizkarien inguruan batu zirenak. Haien pentsamendua Pierre-Joseph Proudhonen federalismoan oinarritzen zen eta pertsonalismoaren eragina zuten, eredu gisa Emmanuel Mounier hartzen zutelarik. Hauek dira talde hartako kide nabarmenenak: Arnaud Dandieu, Robert Aron, Alexandre Marc, Denis de Rougemont, Emmanuel Mounier, Rene Dupuis, Georges Izard, Henri Daniel-Rops, Claude Chevalley eta, Bigarren Mundu-gerraren ostean baina garrantzia handia izanik, Henri Brugmans. Talde txikia izan arren eragin handia zuen eta gizakian eta pertsonaren nozioan oinarritutako egitura politiko berri bat proposatzen zuten, norbanako liberalean edo proletario marxistan oinarritzen zen egitura batetik haratago. Eta egitura horretan Europako herri guztiak batzea proposatzen zuten askatasunez adostutako federazio baten barnean (Filibi 2007:81-93).

Denbora batera, oraindik gatazka amaitu gabe zegoela, nazien okupazioari aurre egin zieten erakundeek dokumentu bat taxutu zuten 1944ko uztailean, "Europako erresistentzien deklarazioaren proiektua" hain zuzen. Bertan diagnosi politiko bat egiten zuten berehalako inplikazioak zituena: "Hamarkada bakarrean Europa mundu mailako bi gatazken epizentro izan da, kontinente horretan hogeita hamar estatu subirano izateak eraginda. Garrantzitsua da anarkia hori ebaztea, Europako herri guztien artean sortutako batasun federal bat sortuz". (Truyol 1999:161); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Nazionalismoak eta estatuen subiranotasunak sorrarazi zuten hondamendi hura. Hori izan zen Europako intelektual askok eta klase politikoak atera zuten ondorioa. Laburbilduz, Erlijiozko Gerren irtenbide izan zen subiranotasunak eragin zituen, paradoxikoki, XX. mendeko gerra nagusiak. Horren ondorioz, ezinbestekoa zen Europako politika eta ekonomia antolatzeko modu berri batean pentsatzea, beste gerra bat ekiditeko, balizko gerra hori atomikoa izango baitzen. Gainera, Europako potentzietan ekonomia suntsiturik zegoen eta guda horietan gazte asko galdu ziren. Horren ondorioz, hainbat mende igaro ostean lehen aldiz, dagoeneko ez ziren nazioarteko gune. Une hartan, Amerikako Estatu Batuak eta Errepublika Sozialista Sovietarrak ziren mundu mailako superpotentzia nagusiak.

Giro horretan Hagan Europako Kongresua egin zen (1948ko maiatzak 8-9), Europako integrazio-prozesuaren benetako eragiletzat jo daitekeena, zalantzarik gabe. Hiru komitetan antolatu zen lana (politika, ekonomia eta gizartea, eta kultura arloez arduratzen zirenak, hurrenez hurren), eta azkenean, azken txosten bat taxutu zuten, hiru komiteek aho batez onartu zutena.

Txosten politikoan diagnosi etsigarria egiten zen, gerraren ondotik Europak bizi zuen egoeraren inguruan. Kontinentea mehatxatzen zuten gaitzak hiru multzotan banatzen ziren. Lehenik eta behin, kalte ekonomikoa aipatzen zen, bizi-mailaren gainbehera eragiten zuena eta estatuen arteko mugen ezarpenarekin gainditu ezina zirudiena. Kalte hori, gainera, areagotu egiten zen banako estatuen independentzia bermatzeko ere balio ez zuten gastu militarrekin. Bigarrenik, kontinenteko instituzio demokratikoen iraultzaren mehatxua eta bertako bizi-estiloa hankaz gora botatzearen arriskua zegoen. Eta, hirugarrenik, aipatutako guztiaren erdian, beste gerra baten zilegitasunak eta, are, probabilitateak etsipena areagotzen zuen.

Hiru erronka horiek elkarlotuta zeuden arren, bakea zen lehentasunezko helburua, izan ere, bakerik gabe erronka horiek eginezinak lirateke. Bake hori lortzeko modurik onena Europako federazio bat sortzea zen. Hala ere, kongresua bi zati nagusitan banatu zen: alde batetik, iraganaren ikasgaia aintzat hartu behar zela uste zutenek Europako Estatu Batuen sorrera eskatzen zuten eta, beste alde batetik, era guztietako zailtasunak zeudenaz oharturik (horien artean nazioko iritzi publikoak ere bai), beste batzuek azken helburura etengabeko urrats eta erreformen bidez iristea proposatzen zuten. Edozein kasutan ere, bi metodoek, hots, "Denis de Rougemont, Alexandre Marc eta Henri Brugmans ordezkari zirela sortutako korronte federalak, nahiz Robert Schuman eta Jean Monnetek zehaztu eta gauzatutako korronte funtzionalistak, helburu bera zuten argi eta garbi: Europako Federazioa". (Sidjanski 1998:40); (itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Testuinguru horretan, Jean Monnet ekonomistaren ideiak oinarri hartuta, Frantziako Kanpo Arazoetako ministro Robert Schumanek zera proposatu zion porrota jasan zuen Alemaniari 1950eko maiatzaren 9an: "Frantzia eta Alemaniako ikatzaren eta altzairuaren ekoizpen osoa baterako aginte baten eskuetan uztea, Europako gainerako herrialdeen partaidetzara ateak irekita uzten zituen erakunde baten barnean", hori izango bailitzateke "Europako federazioaren lehen urratsa". Planteamendu horren ondorioz, Frantzia eta Alemaniaren arteko gerra "ez pentsaezina soilik, ezinezkoa ere" bazen. Proposamenaren diagnosia, zeina Schuman Plana izenez ezagutzen baita, argia zen: "Europa ez zen egin eta gerra izan genuen". "Bakea mantentzeko ezinbestekotzat jotzen zen Europako federazio baten oinarriak finkatzea" zen gakoa.

Proposamenak harrera ona izan zuen Alemanian eta Europako hainbat herrialdetan. Hala, urtebete beranduago, 1951n, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoaren Ituna (IAEE) sinatu zen. Armamentua sortzeko nahiz kontinentea berregituratzeko ezinbestekoak zirelako aukeratu ziren bi sektore estrategiko horiek. Modu horretan, ikatzaren erauzketa eta altzairuaren ekoizpena hala kontrolatzea zen bermerik onena inor berriz armaz hornitzen ari ez zela ziurtatzeko eta, era berean, gerraren aurretik zegoen ekoizpen-maila berreskuratu ahal izateko koordinazioa ziurtatzeko.

AEB aldez aurretik nolabaiteko Europar integrazio bat sustatzen saiatu zen Marshall Planaren funtsak kudeatzeko baterako instituzio bat sortzea derrigortuz, eta erkidegoko lehen itun hori begi onez ikusi zuen. Aldi berean, Koreako gerra lehiatzen zen eta Mosku eta Washingtonen arteko tentsioa areagotu egin zen. Giro horretan ezinbestekoa zen Alemaniako Errpublika Federala mendebaldean barneratzea, eta zalaparta horiek guztiek itun ausarta sinatzea ahalbidetu zuten.

Itun horren berrikuntza nagusia "supranazionalitate" nozioa zen, subiranotasuna modu partekatuan kudeatzean zetzana, Europaren baterako interesa identifikatu eta lehenetsiko zuten instituzio batzuen eskutik. Azpimarragarria da subiranotasunaren nozioa, Jean Bodin filosofoak emandako definizioaren arabera bakarra eta banaezina zela; hori dela eta, "subiranotasuna partekatzea" kontzeptua bera, erkidegoen integrazioaren aldarri zena, kontraesankorra zen berez eta fenomenoa deskribatzeko baino ez zuen balio. Horrek zera esanahi du, lehen erkidegoa eratzearekin batera estatu mota berri baten garapena abiatu zela.

"Erkidegoaren metodo" izendatu denaren beste elementu nagusi bat gradualismoa izan zen, hau da, proiektu orokor baten zuzendaritzapean urrats txikiak elkarlotzea. Schumanen proposamenean "berezko elkartasunak" sortzeko premia ezartzen zen, hots, subiranotasun partekatuzko eremu txikiak baterako interes barruko esparruetan, haiek egoki kudeatzeko, gerora eremu supranazionalak areagotzea eskatuko lukeena. Monnetek "engranaje" erako mekanismo izendatu zuen eta funtzionalismo teorikoak "spill over". Edozein izen hartzen duelarik ere, mekanismo hori da integrazioaren ardatz nagusia.

Mekanismoak behar bezala funtziona dezan ezinbestekoa da instituzio batzuk sortzea. Zehatzago esatera, Monnetek erabakigarritzat jo zuen beti Batzordearen zeregina, itunak betearazteaz eta erkidegoaren interes partekatua identifikatzeaz arduratzen zena. Bertako kideak egoki aukeratzen ziren eta jardun egokia zuten. Haien bitartekaritza erabakigarria izan zen konfiantza giro bat sortzeko, federaziorantz urratsak emateko ezinbestekoa zena. Baina, horrez gain, oso garrantzitsua zen gobernuetara ere giro supranazional hori helaraztea eta giro hori gobernu barruan hedatzea. Interes nazionala defendatzen zuen gobernu batek ezin zezakeen erkidegoa geldiarazi eta, horretarako ezinbestekoa zen gehiengoaren botoa. Dena den, hori hala izanik ere, ahalik eta adostasun handienarekin jarduteko premia azpimarratzen zen.

Interes ugarien zurrunbilo horretan, ezinbestekoa da Europako gizarte ezberdinak batzen zituzten baterako balioak aipatzea, izan ere, balio horiei esker erdietsi zen herri ezberdinak aliatuen alde batzea eta, gainera, gerran lubakiak partekatzeko elkartasuna sorrarazi zuten; modu horretan, Europako proiektu politikoa zilegituz. Proiektu horren konpromiso politikoa "etekin ekonomikoak eskuratzetik haratago zihoan misio mota batean" oinarrituta abiatu zela adierazi izan da (Winters 1993:224). Ohiko balioen artean giza eskubideak nabarmentzen dira. Bi gerretan oinarrizko eskubideak larriki urratu ziren eta hori "lagungarri izan zen europarrentzat Europako nazio guztiek babestu beharko lituzketen oinarrizko balioen deklarazio baten bidez beren baitarako konpromisoa hartu behar zutenaz jabetzeko" (Frowein, Schulhofer eta Shapiro 1986:231). Jarrera horri esker sortu ahal izan zen Europako Kontseilua lehenengo eta Giza Eskubideen Europako Sistema geroago.

Baterako balio eta interesen eta Estatu bakoitzak dituen berezko balio eta interesen arteko oreka hori da erkidegoko proiektu politikoaren bilakaera ulertzeko ardatz nagusietako bat (Torreblanca 2001).

1957an beste bi tratatu sinatu ziren Erroman. Alde batetik, Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE), Merkatu Batua izenez ere ezagutzen dena eta, beste alde batetik, Energia Atomikoaren Europako Erkidegoa (EAEE). Hiru erkidegoen antolaketa instituzionala berdina zen: Batzordea, Ministro Kontseilua, Asanblada eta Justizia Auzitegia.

Merkatu Batua garatzean bazkideen arteko merkataritza-harremanak estutu egin ziren eta, era berean, nazioetako ekonomiak egituratzeko moduak ere aldatu egin ziren. 1960ko hamarkadaren amaierara arte estatu bakoitzaren ziklo ekonomikoak nahikoa independenteak ziren, baina, orduz geroztik atzeraldiak eta susperraldiak Europa mailakoak izan ziren gero eta gehiago (Grahl eta Teague 2000:210).

1980eko hamarkadaren erdialdera Europako eliteek "gerraosteko eredu nazionalak dagoeneko mantendu ezinak zirela" onartu behar izan zuten (Ross 1998:169). Pentsamolde hori aldatzean soilik izan zen zilegi giro politiko berri bat sortzea, Frantziak eta Alemaniak bultzatu zutena eta Europako Batzordean jarduteko presidente berri bat izendatu zenean gauzatu zena: Jacques Delors, finantza arloko Frantziako ministro ohia eta europazale sutsua.

Integrazio prozesua sendotzeko premiaren alde egiten zuen giro politiko horren barruan beharrezkoa da Europar Erkidegoetako Justizia Auzitegiak emandako sententzia gako batzuk ulertzea, pixkanaka Europako espazio juridiko bat sortzea ahalbidetu zutenak. Alde batetik, 1963ko otsailaren 5eko Van Gend and Loos sententzia aipatu behar da, zeinaren bitartez eragin zuzenaren jurisprudentzia-printzipioa ezarri baitzen; hots, erkidegoko zuzenbidearen askitasuna eta eraginkortasuna ezartzen duena, berezko ordenamenduan barneratzea ahalbidetzen duen arau nazional baten premiarik gabe. Beste alde batetik, aplikagarritasun zuzenaren printzipioaren arabera partikularrek zuzenean ezar dezakete erkidegoko zuzenbidea, eta horrek bere eraginkortasuna erakusten du. Horrez gain, gorentasun-printzipioan nazioaz gaindiko arauen eta arau nazionalen arteko hierarkia bat ezartzen da, lehenengoen onerako (1964ko uztailaren 15eko sententzia, Costa ENELen aurka).

Hurrengo hamarkadan zehar hainbat gogoeta-talde antolatu ziren, ia beti elite politiko jakin batzuek osatzen zituztenak integrazioan sakontzearen aldeko presioa egiteko. Ordura arte asanblada zenaren kide zirenak herritarren zuzeneko botoen bidez izendatzea izan zen lorpen nagusia. Europako Parlamenturako lehenengo hauteskunde demokratikoak 1979an egin ziren, bost urteko agintaldi batekin. Parlamentariek herritarrek emandako agintearen bermea zutela uste zuten eta integrazio-proiektuaren nahimen politiko eta federala berreskuratzearen alde presionatu zuten aktiboki. Lorpen nagusia 1984ko otsailaren 14an etorri zen, gehiengo handi batez Europar Batasunaren Proiektu bat onartu zenean (Spinelli proiektua). Proiektu horren legezkotasun demokratikoa ikusita gobernuek aintzakotzat hartu behar izan zuten eta, horri esker, integrazio-prozesua berrabiarazi zen, hurrengo urteetan eragin handia izan zuena. Europako Agiri Bakunean (1987) 300 neurri inguru ezarri ziren barne-merkatua erdiesteko eta lau urte beranduago gobernuen arteko bi konferentzien ondoren Maastrichteko tratatua sinatu zen, modu horretan, Europar Batasuna sortu zelarik.

1993an sortutako Europar Batasunak antzekotasun handiak zituen 1984an Europako Parlamentuak diseinatu zuenarekin. Dena den, eragina ez zen horretan geratu, izan ere, lotura anitz hauteman daitezke 2004. urteko tratatu konstituzionalaren proiektua taxutzeaz arduratzen zen Konbentzioaren lanekin.

Ohikoa da "Europako integrazio-prozesu" aipatzea -tratatuetan hala agertzen da eta integrazioaren aldeko teoria ugarietan halaxe nabarmentzen da-, dena den, haren baitako alderdi ekonomikoak ahaztu gabe "batez ere politikoa den prozesu"·bat dela adierazi behar da (Hooghe eta Marks 1995:19-20).

Ezaugarri orokor horrez gain, alderdi ugari nabarmen daitezke. Lehenik eta behin normalean behar adina azpimarratzen ez den alderdi bat, multzoaren lehentasuna. Hau da, "zalantzarik gabe, Europako Kontseiluaren edo Ministroen Kontseiluaren bidez, gobernuek eragin erabakigarria dute Europako prozesu politikoan; baina ez modu indibidualean -eta hori funtsezkoa da-, modu kolektiboan baizik" (Morata 1998: 99).

Gainera, benetako "Europako proiektu" bat dagoela esan daiteke, izaera politikoa duena, edo are, izaera politiko erabatekoa duena. Proiektu nahaspilatsu (haren aldeko guztiek ez baitaude ados hura gauzatzeko moduari dagokionez) eta eztabaidatua da, bi ildo bereizle nagusiren inguruko borroka batean garatzen dena: "ezker-eskuineko dimentsio bat, demokrazia sozialetik hasi eta merkatuaren liberalismoa ere barneratzen duena; eta nazioaz gaindiko zein nazio mailako dimentsioa, estatu nazionalaren autonomia berrezartzearen aldekotasuna nahiz Europar integrazio handiago bat barneratzen dituena". Testuinguru korapilatsu hori bi proiektutan laburbildu daiteke (bietako bat ere ez delarik nagusitzen), bi dimentsio horiek barneratzen dituztenak eta eredu neoliberal eta Europako eredu sozial edo kapitalismo arautuaren eredu gisa izanda daitezkeenak (Aldecoa eta Cornago 1998; Gomá 2002).

Tentsio hori erkidegoko bizitzaren alderdi guztietan islatzen da. Hala, Europa politikoa, Europar Batasuna, Merkatu Bakarrari esker azaleratu zen, merkatu liberalizatuak eta Europako eredu soziala uztartzeko asmoa zuten arkitekto europazaleen ideiei jarraiki (Van Apeldoorn 2006). Hala ere, bateragarritasun hori faltsua dela frogatu da eta egiaz "Merkatu Bakarrak Estatu kideen ekonomietako joera liberalak indartu ditu"; dena den, aldi berean, egia da horrek eragile askoren "erreakzio defentsiboa" ere eragin duela. Europako instituzioetan ere tentsio handi hori islatu da eta "Europako Batzordeko hainbat alderditatik merkatu bakarraren proiektua erabat aplikatzeko presio indartsua egiten den bitartean, Batzorde horretako beste azpizuzendaritza batzuk, Europako Parlamentuko funtzionarioak, Sindikatuen Europako Federazioa eta zerbitzu publikoen, kontsumitzaileen eta ingurumena babesteko eskubideen aldeko jarraitzaileak batu egin dira beren interesak babesteko Merkatu Bakarraren eraginpetik" (Smith 1999:118).

Egoera konplexu horren ondorioz ez da batere erraza Europar Batasunak globalizazioaren aurrean duen jarrera modu laburrean adieraztea. Europar Batasuna globalizazio-prozesuen ondorio kaltegarrienei -sozialak, ekonomikoak eta politikoak- aurre egiteko erantzun eta modu gisa ulertu ohi den arren (Rosamond 2000:183; Sidjanski 1998:449), Batasunak globalizazioaren ardatz gisa duen parte hartzea azpimarra daiteke, hots, haren sustatzaile gisa duen partaidetza. Ildo horretatik, MMAren araudia negoziatzeari dagokionez (bereziki zerbitzuen liberalizazioari dagokionean) erkidegoko ordezkariek izan duten garrantzia aitortu behar da. Azken batean, elkarren aurkako ikuspegi horien bidez, Batasuna bi gizarte eredu kontraesankorren arteko tentsiotik eratorritako zer gisa ulertzearen ideia berretsi egiten da: alde batetik, jatorri anglosaxoia duen eredu neoliberala eta, beste alde batetik, kapitalismo arautua edo "Europako gizarte eredu" gisa izendatzen dena (edo "merkatu-ekonomia soziala"), Bigarren Mundu-gerraren ostean ongizate estatua eraiki zuen mendebaldeko Europan lekutzen dena.

Aipatutako bi ardatz politiko handi horiez gain, supranazionalitate-nazionalismo eta gizarte eredu-neoliberalismoa, beste bi tentsio aipa daitezke, 90eko hamarkadan eta XXI. mendeko lehen hamarkadan hartutako erabaki estrategikoak azaltzeko lagungarri direnak. Lehenik eta behin, burdinazko hesia erauzi eta Gerra Hotza amaitu zenean, Sobiet Batasunetik irten eta independentzia berreskuratu zuten herrialde asko Europar Batasuneko kide izateko aurkeztu ziren. Horrek beste arazo bat sorrarazi zuen, izan ere, zenbaiten ustez Batasuna berehala areagotu behar zen Ekialdeko Europan oreka politiko eta ekonomikoa ezartzeko, beste zenbaiten ustez, ordea, lehenik eta behin 12 kidez osatutako Batasunak integrazioan sakondu behar zuen eta bertako instituzioak 20 edo 25 kidez osatutako egoera batera egokitu behar ziren, balizko blokeo arriskuak saihesteko. Sakontzearen eta areagotzearen arteko eztabaida horri tarteko bide batek eman zion amaiera. Hala, Batasuneko kide izateko hautagai zirenekin negoziazioak egiten ziren bitartean, instituzioak eta barneko erabakiak hartzeko sistemak hobetzeko ahaleginak egin ziren (Amsterdam 1996 eta Niza 2001 tratatuak).

Alabaina, gobernuek berrikuntza horiekin aski ez zela onartu zuten, hein batean ahobatezkotasunaren arauan oinarritutako gobernuetako konferentzien metodo astuna zela-eta. Tratatuak berritzeko metodoari dagokionez, diplomaziaren eta demokraziaren arteko lehia sortu zen. Hori dela eta, bestelako metodo bat erabiltzearen alde egin zen, hau da, konbentzioaren metodoa, Europako Gutun Sozial izenarekin ezagutzen den Eskubideen Europako Gutuna taxutzeko eragile politiko eta sozial askoren partaidetzan oinarritua. Ekimenak izandako arrakasta ikusita, gobernuek formula hori baliatu zuten auzi instituzionalak ebazteko, tratatuak sinplifikatzeari dagozkion auziak ebazteko eta erabakiak hartzeko sistema zehazteko. Modu horretan, Europako Konbentzio bat deitu zen gobernuei auzi horiek ahalik eta egokien ebazteko modu bat proposatze aldera. Giscard d'Estaing izan zen konbentzio hartako buru eta bertan "Europako Konstituzioa ezartzen duen tratatua" izenburua duen asmo handiko testu bat taxutu zen (2003ko martxoak 18). Tratatu konstituzional hori 2004. urtean onartu zuten gobernuek; dena den, Frantziak eta Holandak haren berrespena ukatu zuten haien herritarren artean egindako kontsulten ondorioz, eta horrek krisi larria eragin zuen integrazio-prozesuan.

Aipagarria da Alemaniaren bateratzearen ondotik (1989ko azaroak 9) 2004ko maiatzaren 1ean Europar Batasuna areagotu egin zela, batez ere erdialdean eta ekialdean. Horren ostean, 25 kideko Batasuna osatu zuelarik: 2007ko urtarrilaren 1ean beste bi herrialde gehitu ziren; horrenbestez, 27 estatuz osatutako Batasuna eratu zelarik.

Gogoeta eta geldialdi aro baten ostean, gobernuek ahobatezkotasuna zuten tratatuko alderdi guztiak berreskuratu eta Lisboan 2007an onartutako tratatu berri batean batu zituzten.

Benelux [Belgium, Nederlands eta Luxemburg herrialdeen akronimoa (Belgika, Holanda eta Luxemburg)]. Hiru herrialde horiek oso harreman estua izan dute historikoki. Horrela, Belgika eta Luxemburg 1830ean bereizi ziren Herbeheretatik. Integrazioa 1921eko uztailaren 25ean hasi zen, belgikarrek eta luxemburgarrek batasun ekonomikoa bermatzen zuen tratatu bat sinatu zutenean. Aurrekari horrekin eta Bigarren Mundu-gerraren testuinguruan, 1944ko irailaren 5ean Londresera erbesteratutako hiru gobernuek Beneluxen aduana-batasuna sortzea adostu zuten (1948an gauzatu zena), eta hiru urteko epea jarri zuten ekonomiak bateratu aurretik norbere herrialdea berreraikitze aldera. Integrazio hori, Europa mailako integrazio ñimiño hori, adibide eta ikasgai izan zen Europako Erkidegoentzat. Erkidego barruan, hiru herrialde horiek adostasun batean jardun izan dute maiz, modu horretan, potentzia handiek adinako eragin kuotak erdietsi dituztelarik.

Europako Kontseilua (1949ko maiatzak 5). Hagako Kongresuan sortutako erakunde horren egitekoa Europar integrazioa gidatzea zen; dena den, denboraren poderioz Europako Erkidegoen eskuetan geratu da zeregin hori. Hala eta guztiz ere, erakunde horren jarduna funtsezkoa izan da giza eskubideak babesteari dagokionez eta, horrez gain, oso berritzailea izan da hainbat arlotan, esate baterako, tokiko botereen eginkizunak aldarrikatzen edo mugaz gaindiko lankidetza sustatu eta eskualdeen aitorpena ahalbidetzen. Baina, Erroman giza eskubideak babesteko Hitzarmena sinatzea izan da erakunde horren lorpenik itzelena, hori baita eskubide horiek bermatuko dituen lehenengo nazioarteko tresna juridikoa (1950eko azaroak 4); hitzarmen hori 1959ko irailaren 18an osatu zen gerora Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sorrerarekin, Estatu kideek beren konpromisoak betetzea bermatzekoa.

Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoa (EEEB) (1948ko apirilak 16), AEBk eskatuta elkarren artean Marshall Planeko funtsen banaketa kudeatzeko sortu zena. Gerora Europako Erkidegoen arrakasta ekarri zuen estatuetako burokrazietarako ikasgai gisa baliatu zela esan ohi da.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea (ELGA) 1960an (abenduak 14) OECE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakunde bilakatu zen, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada barneratu zirelarik.

Mendebaldeko Europar Batasuna (1948ko martxoak 17: Benelux, Frantzia eta Erresuma Batua Alemaniari aurka egiteko batu ziren). Aipagarria da tratatu horretan ezartzen zen klausula bortitza, elkarren artean defendatzera behartzen zuena herrialde kide bakoitzak bere lurraldean erasoa jasan izan balu bezala jarduteko. Mendebaldeko Europar Batasunak hartutako konpromisoa NATOk ezarritako konpromisoa baino handiagoa zen. 90eko hamarkadaren amaieraz geroztik Europar Batasunaren mende geratu da mendebaldeko batasun hori.

Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilua (ELEK, 1949ko urtarrila). Sobiet Batasunak bideratutako eredu bat zen, herrialde sozialisten arteko aldebiko merkataritza ahalbidetzeko. 1955ean Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB) bloke sozialistaren integrazio ekonomikorako tresna gisa baliatzen saiatu zen aipatu kontseilua kide batzuk asmo horren aurka izan arren (Hungaria, Errumania), azken hauek Sobietarren nagusitasuna ezartzeko tresnatzat jotzen baitzuten. 1991n SESB desagertzearekin batera aipatu kontseilua ere bertan behera geratu zen.

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (NATO, 1949ko apirilak 4). Honakoak izan ziren erakundea sortu zuten herrialdeak: AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Benelux, Kanada, Danimarka, Norvegia, Islandia eta Portugal. 1952an Grezia eta Turkia barneratu ziren eta 1955eko maiatzaren 9an Alemaniako Errepublika Federala. Horrek sobietarren erreakzioa eragin zuen, Varsoviako Ituna sortu eta Elkarren Laguntza Ekonomikorako Kontseilua (ELEK) berrabiarazi zuelarik.

Varsoviako Ituna (Adiskidetasun, Lankidetza eta Elkarren Laguntzarako Tratatua, 1955eko maiatzak 17). Ekialdeko Europako herrialde sozialista guztiak barneratu ziren itun horretan, Jugoslavia izan ezik, hots: Albania, Bulgaria, Txekoslovakia, Hungaria, Polonia, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Errumania eta Sobiet Batasuna. 1991n SESB desagertzearekin batera ituna ere bertan behera geratu zen.

Kontseilu Nordikoa (1952ko ekaina), Suedia, Finlandia, Norvegia, Islandia eta Danimarkaren arteko lankidetzarako parlamentu arteko erakundea, Groenlandiako eta Feroe eta Aland irletako eskualde autonomoak ere barneratzen zirelarik; era berean, 1971n Ministro Kontseilu Nordikoa eratu zen.

Alemaniako Errepublika Federala (1949). Aliatuek (AEB, Erresuma Batua eta Frantzia) hartutako lau zonaldetako hiruren integrazioa; SESBk hartutako zatia integrazio horretatik at geratu zen eta, gerora, Alemaniako Errepublika Demokratiko bilakatu zen.

Europako Erkidegoak (IAEE tratatua, 1951ko maiatza; EEE eta EAEE tratatuak, 1957; Europako Agiri Bakuna, 1987; Europar Batasunaren tratatua, Maastricht 1992; Amsterdameko tratatua, 1996; Nizako tratatua, 2001; Tratatu konstituzionala, 2004; Lisboako tratatua, 2007).

Europako Merkataritza Askeko Elkartea [bere ikurrekin ezagunagoa dena: EFTA] (1960ko urtarrilak 4: Erresuma Batua, Danimarka, Austria, Suedia, Norvegia, Portugal eta Suitza; gerora Finlandia, Islandia eta Liechtenstein barneratu ziren). Erakunde horren gainbehera 1973an hasi zen, elkartea sortzearen eragilea, Erresuma Batua, eta Danimarka Europako Erkidegoetara batu zirenean. 1986an Portugalek gauza bera egin zuen eta 1995ean Austria, Suedia eta Finlandiak utzi zuten elkartea, hori dela eta, garrantzia galdu zuen nabarmen. Elkartea indarberritu asmoz 2003ko ekainaren 26an Txile-EFTA tratatua sinatu zen. Baina 2009ko uztailaren 23an Islandiak Europar Batasunera atxikitzeko hautagaitza aurkeztu zuen; horren ondorioz EFTA hiru kiderekin bakarrik geratu zen: Norvegia, Liechtenstein eta Suitza.

Jakina denez, eskualdetako integrazioa ez da Europaren ezaugarria soilik. Kontinente guztietan ezaugarri anitzeko integrazio-prozesu ugari daude. Egia da Europako eredua supranazionalitatearen ikuspegitik eta bertako instituzioen sendotasunari so eredu aurreratuena dela, eta horrek Europar Batasuna erreferente bilakatzen du eskualdekako beste prozesu batzuen begietara.

Europarrak ez diren integrazio-prozesuen artean honakoak nabarmentzen dira: Andeetako Erkidegoa (jatorrian Andeetako Itun izendatu zena eta 1969ko maiatzaren 26an hasi zena Cartagenako Akordioaren bidez); Hegoaldeko merkatu batua -MERCOSUR (1991, jatorrian: Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai; gerora hainbat herrialde batu ziren modu anitzetan), AEB, Kanada eta Mexikoren arteko Merkataritza Askearen Tratatua (NAFTA ingelesezko ikurren bidez ere ezagutzen dena); Afrikako Batasunerako Erakundea (1963), 2001ean Afrikako Batasunak ordeztu zuena, Europar Batasunaren ildoari jarraituz; Hego-Ekialdeko Asiako Tratatuaren Erakundea -ASEAN- (1967), etab.

Europar Batasunak hainbat akordio finkatu ditu integrazio-prozesu horiei esker. Horien artean MERCOSURekin duen harremana nabarmendu behar da bere izaera berritzailea dela-eta. 1995ean Lankidetzarako Eskualde arteko EB-MERCOSUR esparru-akordioa sinatu zen eta horren ostean hainbat negoziazio abiarazi ziren EB eta MERCOSUR elkartzeko akordioa eskuratzeko xedez. Akordioa erdiesteko zailtasunak ikusita negoziazioa atzeratzeko erabakia hartu zen, harik eta Munduko Merkataritza Antolakundearen barnean akordio orokorrago bat erdiesten zen arte. 2009ko abuztuan Espainiako gobernuak EU-MERCOSUR elkarketa lehentasunezko kontu politikoa zela adierazi zuen eta helburua 2010ean Europar Batasuneko presidentetzan zehar azken akordio bat lortzea zela. Hala gertatzekotan, integrazio-blokeen arteko integrazioa erdiesten den lehen aldia izango litzateke, eta horrek bestelako dimentsio bat ematen die prozesu horiei.

Konplexutasun hori guztiori dela-eta, ez da batere erraza integrazio-prozesuari buruzko teoriak eraikitzea. Horrek azaltzen du horri buruz korronte teoriko ugari sortu izana- funtzionalismoa, federalismoa, instituzionalismoa, etab. (Rosamond 2000; Mariscal 2003). Horri dagokionez dagoen adostasun bakarra zera da, Europar Batasuna edozein sailkapen tradizionaletik haratago doan sorkuntza politikoa dela (Sidjanski 1998:76). Azken ekarpen teorikoetako bat "gobernuen arteko federalismoaren" kontzeptua da (Croissat eta Quermonne 1999:145).

Historiari erreparatzen badiogu 1950eko hamarkadan europar integraziorako hiru bide sortu zirela esan daiteke; alde batetik, ekialdeko bide sozialista (COMECON) eta, beste alde batetik, mendebaldean garatu ziren beste bi bide: bata politikoagoa (Europako Erkidegoak: CCEE) eta bestea komertziala (EFTA). Denboraren poderioz lehenengoa nagusitu zen. Garaipen historiko hori isilean erdietsi da, izan ere, europarrak ia konturatu ez direlarik Europar Batasunaren eredua Europako eredu bilakatzen ari da (Aldecoa 2003:56).