Kontzeptua

Eguzki Amandrea

Barandiaranek idatzia:

"Bere ezaugarri naturalak ez -ezik, eguzkiak badu gauez mundua gobernatzen duten izaki gaiztoak uxatzeko indarra ere. Aztiak mugitu ezinik geratzen dira eguzkiak ustekabean argitzen baditu bere ofizioko tresneriak alde batera utzi baino lehen. Naturaz gaindiko hainbat izakik, jendearen gainean duten ahalmena eta indarra galtzen dituzte eguzki izpi batek jotzen baditu. Lamiña batek urrezko orrazia ahaztuta utzi zuen Mondarraingo (ustezko) leizearen ertzean. Artzain batek ikusi eta eraman egin zuen. Lamiña atzetik jarraitu zitzaion mendian behera orrazi eske. Harrapatzear zuen ortzi-mugatik egunaren lehen eguzki izpiek artzainaren arropak ukitu zutenean. Orduan esan zion: "Eskerrak emaitzok Iuzkiari", eta bere zulora itzuli zen. (Ezpeletako kontakizunen arabera)".

Izan ere, uste ezaguna eta zabaldua da iluntasunak hainbat izaki gaizto kanporatzea dakarrela, (gaua gauekoentzat), eta hobe dela haiekin topo ez egitearren babesean egotea, etxe barrenean esate baterako. Ezinezkoa da zehaztea zenbateraino den sineste hori kristautasun aurrekoa ala kristautasunak eragindakoa edo indartutakoa, mundu paganoa gaitzestearren. Batetik pentsa liteke ilunpearen beldurra unibertsala dela, baina bestalde euskal mitologian gorde dira gauez eta normaltasun osoz gertatzen diren hainbat lamiña eta basajaun istorio, hauek gauez etxeetan sartu eta gizakiek ordainetan utzitako opariez gozatzen erakusten dizkigutenak. Azken finean Errege Magoak ere etxeetan sartzen dira gauez baina ez dute inor izutzen. Bata izan ala bestea izan, zalantzarik gabe kristautasuna sineste horretaz baliatzen da mundu paganoko biztanle guztiak eguzkiaren izpien beldur diren izaki gaiztoen multzoan sartzeko. Tartean sartuko ditu, esate baterako, erlijio zaharrean erreferentzia etikoa ematen duten jentil eredugarriak ere. Baita eredu on hari erakusten ari diren une berean ere:

"Lehenago Jentilbaratzan jentilak bizi izaten omen ziren. Askotan gauez Agerrera jaitsi ohi omen ziren eta han jokoan aritzen omen ziren egunsentian oilarrak kukurruku jo artean.

Behin Agerreko nagusia gaizkitu egin omen zen eta elizakoak egitera omen zihoan. Hau jentilek jakin zutenean, kristauak ez izanagatik, urrezko sobrekama Agerrera jaitsi omen zuten, eta berarekin gaixoaren ohea elizakoak joaterako jantzi omen zuten.

Agerrekoek jentilen sobrekamaren gura izan nonbait ere eta hala iltzez oheari josi omen zioten, eta baita geroxeago oilarrari kukurruku joarazi ere. Jentilak oilar kantua aditu zutenean heldu beren sobrekamari eta berealdiko "errun" (ziztuan) abiatu omen ziren; baina sobrekama puska bat ohearen ertzari josita geratu omen zitzaien. Orduan jentilek deiadar egin omen zuten, Agerre Agerre zen bitartean ez zela etxe hartan eririk edo makirik faltako. Eta harrez gero eria edo makia beti izan omen da Agerren" (Barandiaran, 1972-73).

Eguzkiak gaueko izaki gaiztoak uxatzeko duen indarraren motiboak eguzki sinbolo ugari sorraraztea ekarri du: Garduaren eguzki-lorea (cardina acaulis) da ezagunetariko bat. Eguzki-loreak etxeko ateari josita egon ohi ziren (eta egon ohi dira oraindik) etxearen babesgarri, gerora kristautasunaren zabaltzearekin gurutze txikiak josi izan zaizkion bezalaxe funtzio berberaz. Hilarrietan ikusten ditugun eguzki-disko eta svastikak ere babes helburu berdinaz grabatzen ziren, hildakoa lurperaturik dagoen unea sinbolikoki eguzkiak ukitua gera zedin. Eta sinkretismo harrigarri batek paganismoaren ezaugarri hau eliza eta katedralen hormetaraino eramaten du, bertan ikusten ditugun rosetoiak hori bera baino ez baitira: eguzki sinboloak elizak ere gauaren gaitzetatik babesteko; kristautasun nagusituaren egoitza berek ere, eguzkia bezalako sinbolo pagano baten babesa beharko bailuten badaezpada. Etxe eta hilobien orientazioa ate nagusia ekialdeari begira jarrita, eguzkiaren onura eta indar magikoaren sineste beraren hamaikagarren agerkaria izango litzateke.