Kontzeptua

Eguzki Amandrea

Eguzkia baino beste bero-iturririk ez duen munduan, eta nekazari mundua izanik are gehiago, eguzkia da bizitza, eguzkia da gizakiei argia eta berotasuna ematen dien eta hauen landareak hazaraziz elikatu egiten dituen indar onbera. Ez da harritzekoa beraz, eguzkiaren faboretan egindako hainbat errito egotea, tartean guganaino heldu diren hainbat, San Juan bezperako arratsaldeko su pizteak bezala. Uda eta neguko solstizioetan eguzkiari eta suari loturiko erritoak dira ezagunenak eta ondoen gorde direnak, baina ez du inolaz ere esan nahi bakarrak izan direnik.

Artikulu honen hasieran aipatu dugun oilarraren ipuinak erakusten digu balizko errito baten oihartzuna. Ez dago horren inguruko dokumentazio etnografikorik, baina uste izan daiteke noizbait izan dela horrelakorik. Ezerk ez du eragozten irudikatzea, Ataungo ipuinak kontatzen duen antzeko errito bat ospatu ahal izan dela iraganean noizbait, mailo bat makilaz joz eguzkia iratzarri eta ortziratzen laguntzeko. Izan ere, neguko diru-bilketa festen erdiko Santa Ageda bezperan kantariek makilak nola astintzen dituzten ikusita, horiek ere negu hotzaren erdian eguzkia iratzarri nahian ez ote dabiltzan pentsa daiteke.

Duela gutxi egiaztatu da legenda bitxi bertsua badela Nafarroako Malerrekan eta Xiberuko Ligin. Istorioak erakusten ditu hainbat gizaki mailo bati arrautzak jaurtitzen eta kontatzen dute mailoa apurtu nahian dabiltzala eroak direlako. Irudia nahiko iradokigarria da berez, beste igergarririk huts eginda ere, baina protagonisten erotasunaren aipamenari darion arrazionalizazio usainak azken bultzadatxoa ematen dio aztertzailearen gogoari. Aurrekoaren aldamenean, arrautzaren eguzki-sinbolismoa dugu gainera, gure orainaldiko testuinguruan oraindik bizirik dagoena, eguraldi onaren eske noiznahi egiten diren hainbat eta hainbat arrautza opariek erakusten duten modura. Ezkontza bat dela edo jaunartze bat dela, egun eguzkitsua nahi duenak gaur egun ere dozena arrautza eskaintzen die, nori eta Santa Klara komentuko mojei. Gorago esan dugunez, Santa Klara da eguzki amandrearen izen kristaua. Kontakizun bera, motibo bitxi berarekin eta bietan ere erotasunaren aitzakiaz zurituta elkarrengandik urrun samar dauden bi lekutan azaltzeak, argibide baliotsu baten aurrean gaudela iradokitzen du. Eta arrazionalizatze saioari mozorroa kenduta, mailo bati arrautzak jaurtikitzen dioten gizaki batzuen irudi soila geratzen da, argibide hobe baten eske. Seguru asko eguzkia eskatzeko errituak daude atzean, gaur egungoen antzekoak, onuraduna baino aldatzen ez delarik: txoriak eta intsektuak arrautzak mailoan puskatu ezkero, eta mojak txukun-txukun eskura ematen zaizkienean. Gaiaren ikerketa oraindik burutu ez bada ere, hainbat zantzuk erakusten bide dute erritua ez litzatekeela solstizioari loturikoa, udaberriko garai seinalatu batean eguzkiaren presentzia eskatzeko zuzendua baizik, hainbat labore eta landareen garapen egokia lortzearren. Jakina da Euskal Herriko isurialde atlantikoan udaberriko gehiegizko euriak sarritan gertatu ohi direla.

Hain lekukotza urriren bitartez heltzen zaizkigun urruneko oihartzun hauek erakusten digute aspaldiko gizakien eta eguzkiaren arteko harremana: Solstizio inguruan edo eguzkiaren premia sumatzen zutenean (negua zelako edo gehiegizko euriak uztak arriskuan jartzen zituelako), gizakiek eguzkiaren faboretan hainbat errito ospatu ohi zituzten (makil joaz iratzarri, arrautzak jaurtikiz deitu, eta bidean ahaztuta geratu diren beste hainbat), eguzkiaren bisita gutiziatua erdietsi eta haren argiaren eta haren beroaren onurak gozatzeko.