Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Donostiako danborradaren fenomenoa ulertzeko, hiriko historiari errepaso laburra eman behar zaio hiriaren sorreratik hasita, duela mila baino gehiago "el antiguo" izenez ezaguna den Donostiako elizan kokatzen dena. Izan ere, eliza horren inguruan ezarri ziren lehenengo donostiarrak. Aldi berean, badiaz bestaldean, Urgull azpian arrantzale talde bat bizi zen, egun Alde Zaharra denaren hasieran. XII. mendean, Antso Jakituna nafar erregeak hiriaren fundazio-akta igorri zuen. Kokaleku estrategiko batean zegoenez, hurrengo erregeak hiria harresituz joan ziren, eta Gotorleku Militar edo Gerra Gotorleku izaera eman zioten. Haatik, 1863an, harresiak eraitsi, eta herri zibil bihurtu zen. 1597an, garai hartan Donostiako auzo zen Pasai San Pedron, izurritea eman zen, eta jainkozale asko joan ziren Donostiako eliza zaharrera, santuari babesa eskatzera. Gaixotasuna menperatuta, santuarenganako eskerronaren adierazle, donostiarrek zin egin zuten urtarrilaren 20an San Sebastian eguna ospatuko zutela urtero. Ospakizun horretan, prozesio hiritar-erlijiosoa egiten zen, musika, dantzariak eta gainontzeko parafernalia barne, eta santuaren erlikia Santa Mariatik Antiguoraino eramaten zen, gaur egun Kontxako pasealekua den hondartzan zehar.

Inolako erantzunik jaso ez bazuen ere, Udalak hainbatetan eskatu zion elizari jaieguna udara aldatu zezan, klima hobea zelako, eta jaieguna kentzeko aukera aproposa ere ikusi zuen Independentziaren Gerran, 1813ko abuztuaren 31ko erasoan erlikia desagertu egin baitzen. 1831n, Udalak prozesiora gehiago ez joatea erabaki zuen, eta elizak baimena eman zion jaieguna harresien barruan egin zezan, Santa Maria elizaren barruan, zehazki. San Sebastian eguna ospatzeko ohitura zaharra aldatu zen, eta ospakizuna hiriko harresien barruan egiten zuten soilik, hau da, Alde Zaharrean. Gainera, eguna Inauterietatik hurbil zegoenez, Donostiako Inauterien lehenengo eguna bilakatu zen.

Urte osoan, baita inauterietan ere, goizero desfile txiki batek Alde Zaharra zeharkatzen zuen, San Telmoko kuarteletik harresietako Lurraren Ateraino (gaur egungo Bulebarra), eta, bertan, guardia aldaketa egiten zen. Aintzat hartu behar da zazpiehun urtez Donostiako kulturak izaera militar nabarmena izan zuela. Horrez gain, gogoratu behar dugu, duela ehun eta berrogei urte eskas, Donostiako biztanleriaren eta lurzoruaren % 75 militarrak zirela oraindik ere, eta donostiarrak, dianarekin batera jaiki, eta erretretarekin oheratzen zirela. Horrela, garaiko gazteek danborren arrada imitatzen zuten, eskura zituzten gauzak erabiliz: ontziak, upelak, latak, egurrak, etab. Izan ere, tropak pasatzean, asko iturri publikotik ura hartzeko zain zeuden, tresnak eskuan zituztela. Horrela, konpartsa berria sortu zuten. 1834 eta 1836 artean, festak izandako aldaketekin bat etorriz, egunsentian irteten zen, sokamuturra (bueyes ensogados gaztelaniaz) iragartzen zuen diana bailitzan. Sokamuturra festa nagusi guztietan orduro egin ohi zen, Konstituzio Plazan. Talde hura Inauterietako konpartsa bat zen, eta, ondorioz, kideek mozorro ezberdinak eta dibertigarriak eramaten zituzten. Hogeita hamar urtez jo zituzten Urra papito, Pastelero eta Iriyarena (jatorrizkoa), baita Santesbetan maisuaren jatorrizko Donostiako Martxa eta kalejira herrikoiak ere.



Inauterietako lehenengo bertsio haiek danborrada eratuko zuten beranduago, eta, denborak aurrera egina ahala, zenbait elementu erantsi zitzaizkion, festa gaur egun dena osatu arte. Raimundo Sarriegui musikagileak Donostiako Inauterietako errepertorioa idatzi zuen, eta musikak jaiegunen artean banatu zituen: San Sebastian eguna eta Sardinaren ehorzketa, galdaragileak Inudeak, Inauterietako martxa, Momo jainkoari ongietorria, eta abar. 1881ean, Udalak San Telmoko kuartelean gordeta zeuden danbor zaharrak banatu zituen danborradako elkarte antolatzaileen artean, eta, urtebete beranduago, gauza bera egin zuen Napoleonen tropen jantziekin. Horrela, 1882. urtean, lehen aldiz uniformatuta atera ziren, eta, 1886an, danborrei upelak batu zitzaizkien. Hortaz, ezin zaio danborradari desfile militar baten izaera eman, nahiz eta izpiritu militarra izan, eta ezin da 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsitu zuten gertakariekin lotu, danborrada ez zelako danborrekin eta traje militarrekin jaio... Era berean, ezin liteke inolaz ere esan soldaduei iseka egin nahi zienik, ezinezkoa litzatekeelako garai hartan horrelakorik baimendu izana; baina esan liteke gerra eboluzioen jai-imitazioa zela. Orduz geroztik, danborrada berezko nortasuna hartuz joan da, eta urte batzuk beranduago, Unión Artesana elkarteak proposatu zuenean tradizioa berreskuratu eta danbor joleak "usadio zaharrean" jantzi zitezela -hots, inauterietako mozorroekin- , horrenbeste kritika egin zizkioten, ezen ez zen berriz ere saiatu. XXI. mendean ere, donostiarrek ez dute gustuko danborrada eta inauteriak nahastea. Are gehiago, festa biak elkarrengatik bereizteko hitzak erabiltzen dituzte: danborradako parte-hartzaileak jantzi egiten dira; inauterietakoak, ordea, mozorrotu.

Danborrada ez da hogei mila parte-hartzaile inguru biltzen dituen kontzentrazio soila. Danborrada bakoitzak ehun pertsonatik gora izaten ditu, eta herriko elkarteek antolatzen dituzte. Talde bakoitzak bere auzoko kaleetan barrena desfilatzen du, eta lehendik daudenen antzinatasuna errespetatzen da, ordutegiak eta ibilbideak zehazterako garaian. Danborradak bi atal ditu: danborrak daude batetik, biztanle militarren irudikapen direnak, eta upelak, bestetik, herritarren ordezkari direnak. Halaber, segizioan beste figura hauek agertzen dira: Danbor Nagusia, danborren eta upelen kaboa edo sarjentua, gastadoreak, banderariak eta kantinerak. Danbor joleen jantziek 1813ko abuztuaren 31n Donostiako erasoan parte hartu zuten Espainiako, Britainia Handiko, Portugaleko eta Frantziako batailoiak eta errejimenduak irudikatzen dituzte. Upel joleak, aldiz, sukaldariz jantzita daude, alkandora eta galtza zuriekin, eta txano bereizgarri hori buruan dutela. Hasiera batean, iringile gisa ezagutzen zitzaien, okinak zirelako goizero iturrietan ura batzeko zain egoten zirenak, garai hartan ez baitzuten txorrotako urik. Beranduago, elkarte gastronomikoek beren gain hartu zuten danborrada, eta orduan gertatu zen aldaketa. Urketariaren pertsonaia hurrengo kapituluan garatzen da.

Lehenengo danborradak goizeko bostak eta zazpiak artean irteten ziren. Hala ere, zenbait urtetan, debekuak zirela-eta, goiz edo arratsalde erdian atera behar izaten zuten, eta, hogeigarren hamarkada baino lehen, erretreta-desfile baten antza hartu zuten maiz. Danborrada kopurua areagotu denez eta urtarrilaren 20an soilik atera daitezkeenez, uneoro dabiltza danborradak kaleetan barrena. Haur danborrada batzuk hilaren 19ko arratsaldean irteten dira, eta ikastetxe asko dira eskola-esparruaren barruan desfileak antolatzen dituztenak hilaren 18an. Nahiz eta 1924. urteaz geroztik Udaletxean bandera altxatzean txistulariak bakarrik bertaratzen ziren, jaia ofizial bihurtu zen 1934ko bandera altxaerarekin. Urte hartan, Gaztelubide danborrada izan zen protagonista, eta data eta urte hartan elkarte bilakatu zen. Era berean, ez zen 1957ra arte jai amaierarik egon, eta orduan zeuden danborradei kontsulta egin ostean, soilik Unión Artesana elkarteak onartu zuen gaueko hamabietan bandera jaisteko zeremoniara joateko gonbidapena.

Xelebrea bada ere, tradizioak bere horretan mantentzea gustuko dutenentzat, San Sebastian santuari urtarrilaren 20an festa ospatzeko egin zioten betiereko boto hark baraua eta abstinentzia barne hartzen zituen; baina argi dago egun ez dela horrelakorik betetzen. XIX. mendearen amaieran, Unión Artesana elkarteak bazkariari izaera ofiziala eman zion, ez ordea San Sebastian eguneko afariari. Elkarte berriak sortzerakoan, afariak hedatuz joan ziren, eta Umore Ona, Euskal Billera, Donosti Zarra, Istingorra, Gaztelupe... elkarteenak izan ziren garrantzia gehien lortu zutenak, autoritateak ere bertaratzen zirelako. 1934an sortu zenetik, Gaztelubide elkartea izan zen Udalari afaltzeko gonbita egitearen arduradun, eta Istingorra elkarteak, aldiz, bazkaltzera gonbidatzen zituen. Dena dela, ohitura hori erabat galdu zen XX. mendeko azken hamarkadan, eta gaur egun, ez dago udal ordezkariak dituen bazkaririk, ezta afaririk ere. 1987an, aldatu zen ohitura hori. Izan ere, urte hartan Pilar Mirori eman zioten Urrezko Danborra, eta ezin izan zuen tradiziozko otordura joan, Gaztelubide elkarteak ez baitzien emakumeei sartzen uzten. Ondorioz, hainbat urtetan, jatetxe batean egin zuten bazkaria.

Herriko elkarteak eta sozietate gastronomikoak danborradaren oinarria dira, eta askorentzat, hori da urteko jarduera nagusia. Artxiboetan ez dira 1870 aurreko herri elkarteak agertzen; baina badakigu urte horretatik aurrera eta beste hogei urtez, Unión Artesana elkartea izan zela festaren antolatzaile, La Fraternal elkarteak lagunduta. Horrela, jaiaren eragile bihurtu zen. Gaur egun, protagonismoa galdu dute, eremu askotako elkarteek ekimenarekin bat egin dutelako: kulturalak, kiroletakoak, erlijiosoak, ongintzazkoak, sozialak... Aipatu direnez gain, beste elkarte batzuk ere aitzindari izan ziren, esaterako: Donosti Zarra (1896-1936), La Nueva Fraternal (1879-1889), La Amistad (1884), Amigos Aurrera (1901), Gizartea (1901), Club Cantábrico (1904-1906), Amistad Donostiarra (1905-1906), Port Arthur (1905-1919), Euskal Billera (1906-1929) eta Bella Easo (1908). 2011ko ospakizunean, ehun eta hamar elkartera iritsi dira. Informazio gehiago izateko, ikus Herri Elkarteak.

Urtarrilak 19

  1. 18,00: Gaztelubideko haur danborrada (Alde Zaharra)
  2. 18,30: Orixe-Los Angeles haur danborrada (Alde Zaharra).
  3. 23,45: Beste danborrada hauek:
    1. AAVV Buenavista (Herrera)
    2. Antxeta (Sagues)
    3. Atotxa Erreka (Añorga)
    4. Bidebieta (Bidebieta)
    5. Boskotarrak (Altza)
    6. Boskotarrak (Altza)
    7. Donosti Berri (Amara)
    8. Donosti Kirol Elkartea (Amara Berri)
    9. Euskal Giroa (Herrera)
    10. Gaztelubide (Alde Zaharra)
    11. Gurea "Altzako Koxkorrak" (Altza)
    12. Intxaurra (Altza)
    13. Irurak (Intxaurrondo)
    14. Jolastokieta (Altza)
    15. Kañoietan (Alde Zaharra)
    16. Lagun Garbiak (Gros)
    17. Larratxo (Larratxo)
    18. Leosiñeta Bertsolari (Larratxo)
    19. Los Corcones (Hirigunea)
    20. Loiolatarra Kirol Elkartea (Loiola)
    21. Lurgorri Alderdia (Hirigunea)
    22. Martutene Danborrada (Martutene)
    23. Ondar Gain (San Martin)
    24. Tenis Errege Kluba (Ondarreta)
    25. Sansustene (Antiguo)
    26. Santiagomendi Elkartea (Amara Berri)
    27. Txofreko Lagunak (Gros Berria)
    28. Umore Ona (Gros)
    29. Ur Zaleak (Egia)
  4. 24,00: bandera altxatzea Konstituzio Plazan (Gaztelubide Elkartea).

Urtarrilak 20

  1. 12,30: Zubi Musu Elkartea (Benta Berri)
  2. 01,00: Arrano Beltza (Alde Zaharra)
    1. Arabako Etxea (Alde Zaharra)
    2. Gure Borda (Gros)
    3. Haritza (Amara)
  3. 01,30: Cantabrico kluba (Hirigunea)
    1. Herria Elkartea (Alde Zaharra)
    2. La Espiga (Hirigunea)
  4. 02,00: Antonio Bar Jolas Sozietatea (hirigunea)
  5. 02,45: Kofradia Gastrononomikoa (Alde Zaharra)
  6. 03,00: Euskal Billera (Alde Zaharra)
  7. 03,30: Sarmanta Elkartea (Alde Zaharra)
  8. 07,00: Antiaguako Gazteak (Antiguo)
    1. Kresala (Alde Zaharra)
  9. 08,00: Donosti Gain Sozietatea (Egia)
  10. 08,30: Vasconia Kirol Elkartea (Amara-Hirigunea)
  11. 10,00: Jatorra kluba(Hirigunea)
  12. 10,30: Ibaeta - Ibadan (Ibaeta)
    1. Itxas Gain (Gros)
  13. 11,00: Istingorra Sozietatea (Antiguo)
  14. 11,45: Katalina Erauso (Amara Berri)
  15. 12,00: Artzak Ortzeok (Herrera)
  16. 12,00: Haur danborradak: guztira, 55 konpainia eta 5.000 haur baino gehiago (Hirigunea).
  17. 15,30: DYA (Amara)
    1. Scout-Guia (Egia-Hirigunea)
    2. Zulo Zahar (altza)
  18. 16,00: Amigos Europa (San Martin - Hirigunea)
    1. Maria Erregina eliza (Egia)
    2. Aizepe Elkartea (Alde Zaharra)
  19. 16,15: Kresala Gazteak (Alde Zaharra)
  20. 16,30: Marianistas gazteak (Hirigunea)
    1. Txubillo (Amara)
    2. Zubi Gain (Alde Zaharra)
  21. 16,45: Ekintza Ikastola (Antiguo)
    1. Ikasbide Kultur Elkartea (Amara)
  22. 17,00: Anastasio Femenina (San Martin-Hirigunea)
    1. Anastasio Juvenil (San Martin-Hirigunea)
    2. Anastasio Senior (San Martin-Hirigunea)
    3. Axular (Antiguo)
    4. Benta Berriko Lagunak (Antiguo)
    5. Boskozaleak (Altza)
    6. Donostiarra Txirridularitza Elkartea (Gros)
    7. Errekamari Kultur Elkartea (Gros)
    8. Gaztedi (Hirigunea)
    9. Lagun Berriak (Amara)
    10. La Gaviota (Gros)
  23. 17,30: Bidebieta (Herrera)
    1. Jesuitas Ikastetxea (Gros)
    2. Mons Elkartea (Intxaurrondo)
  24. 17,45: Gizartea Elkartea (Hirigunea)
  25. 18,00: Antiguoko Danborrada (Antiguo)
    1. Esperanza Kirol Elkartea (Alde Zaharra)
    2. Haizalde (Altza)
  26. 18,30: Abandotarra (Amara Berria-Hirigunea)
    1. El Cangrejo (Gros)
    2. Iriyarena Unibertsitatekoa (Antiguo)
    3. Urtoki (Amara Berri)
  27. 18,45: Zurriola Ikastolakoa (Gros)
  28. 19,00: Atletico San Sebastian (San Martin - Hirigunea)
    1. Fotografica Ekartea (Alde Zaharra)
  29. 20,00: Amara Berri Guraso Elkartea (Amara Berri)
    1. Catedral - Centenario (Hirigunea)
    2. Lagun Artea Elkartea (Hirigunea)
  30. 20,30: Ollagorra Elkartea (Alde Zaharra)
  31. 20,45: Kursaal Elkartea (Gros)
  32. 21,00: Arrano Elkartea (Egia, Loiola,Martutene)
    1. Easo Eskola Politeknikoa (Amara)
    2. Baso Etxea (Antiguo)
    3. El Sauce Elkartea (Amara)
    4. Union Artesana Elkartea (Alde Zaharra)
  33. 22,00: Kondarrak Elkartea (Gros)
    1. Zuhaitz Danborrada (Antiguo)
  34. 24,00: bandera jaistea Konstituzio Plazan (Unión Artesana Elkartea)


Aurreko urtean Reina Victoria babes-etxeko (Zorroaga egoitza) haurrekin saiakera bat egin ondoren, Mauricio Echaniz Euskal Billera Elkarteko buruaren ekimenez lehenengo haur danborrada irten zen, 1927ko urtarrilaren 20an, eguerdiko 12:00etan. Zaharren ohiturei jarraiki, mutilek Napoleonen soldatuen antzeko uniformeak zeramatzaten, eta neskek, berriz, banderariaren, kantineraren eta Bella Easo eta haren ohorezko damen jantziekin zihoazen. Danborrada elkartekideen seme-alabei eta lagunei mugatuta zegoen, baina 1960an premiazkoa izan zen konpainia berriak sartzea. 1963an, Mendeurreneko Festak ospatu ziren Donostian (1813-1963), eta ospakizuna zela medio, aurreikusita zegoen Gazteen Fronteak kontrola hartzea eta taldeko zenturiek osatzea konpainia berriak. Horrelakorik ez gertatzeko, Perico Aranak, Carlos Blascok eta beste pertsona batzuk Hipikari, Frantses Ikastetxeei eta La Salle, Jesusen Bihotza, Marianistas, Jesuitas eta Almirante Oquendo eskolei laguntza eskatu zieten. Haiek ikastetxeko ikasleak utzi zizkieten, entsegu orokorra egiteko. Manuel Martin Gonzalez ingeniariak diseinatu zituen uniformeak, Juan Morok egin zituen trajeak eta Jose Luis Leclerq-ek, berriz, kaskoak. Hala, elkarrekin egin zuten 1960ko danborrada, eta urtebete beranduago, haurren danborrada handia iragarri zuten, 500 haur baino gehiagoko parte-hartzearekin. Gaur egun, haurren danborradak 55 konpainia eta 5.500 haur inguru biltzen ditu. 1986an, neskak danborradan parte hartzen hasi ziren, eta "belarritakoak kendu eta ilea bildu behar" zuten. Horrela, XXI. mendera iritsi gara, eta parte-hartzea askea bada ere, egun neska gehiago daude mutilak baino. Ohorezko pertsonaiei dagokienez, iraganean, hiriko pertsona garrantzitsuen seme-alabak hautatzen ziren Bella Easo, ohorezko damak, jeneralak, laguntzaileak, etab. izateko. Horrela, Francoren iloba ere, jeneral izan zen danborradan. Alabaina, demokrazia iristean, ikastetxe guztien arteko zozketa egiten hasi ziren, ohorezko pertsonaiak hautatzeko. Haurren danborradan ez dago sukaldariaren figurarik, Euskal Billera Elkarteak danborrada egin zuenean ez baitzuen pertsonai hori sartu. Danborrada Alderdi Eder lorategietan biltzen da, eta Donostiako Martxaren melodia eta Bella Easoren eta Jeneralaren hitzaldiak entzun ondoren, desfilea egiten du. Danbor nagusia antzinatasunaren arabera hautatzen da.



Emakumeek 1928an parte hartu zuten lehen aldiz. Aitzitik, ez ziren danbor jole izan, inauterietako konpartsa baizik, eta gauza bera egin zuten 1936an, turkiarrez jantzita, inauterien barruan. Emakumearen rola "betidanik" banderariari eta kantinerari lotuta egon da haurren danborradan izan ezik, bertan Bella Easo pertsonaia ere agertzen delako. 1981. urtean, genero ikuspegiak egun duen garrantzia ez bazuen ere, Kresala Elkarteak danborradan emakumeak sartu zituen, baina tradizioari kalterik egin gabe eta emakume izaera errespetatuz: ez ziren militarrez edo sukaldariz jantzi, XIX. mende erdialdeko etxekoandre donostiarraren ohiko jantziez baizik, eta danborra edo upela eman beharrean, suila zeramaten (ura eramateko erabiltzen zen kono-formako ontzia). Izan ere, logika aplikatuz, txorrotako urik ez izateagatik herritarrek iturri publikoetara joan behar bazuten, ez ziren iturrietan soilik iringile-sukaldariak eta soldaduak egongo, emakumeak ere izango baitziren bertan. Horrela eratu zen danborrada tradizionalaren hirugarren ardatza: "urketaria". Kresala Elkartearen berrikuntza hark elkarte kontserbatzaileenen artean kexa gutxi batzuk eragin zituen, baina urte pare batez besterik ez. Berehala onartu zuten norabide aldaketa hura, eta, laster, beste elkarteek ere berdin egin zuten. Gaur egun, danborraden % 90 mistoak dira. Hala ere, esan behar da azken urteotan emakumeak hartu dituztenak ez dutela uste osoz egin, Udalaren diru-laguntza eta antzinatasuna galtzeko mehatxuagatik baizik. Izan ere, antzinatasuna oso preziatua da danborrada antolatzen dutenen artean.



  • "Donosti zarra eta Danborrada". Antiguoko Elkarteak, 1958.
  • "Haur danborrada 1990". [Donostia]: Centro Atracción y Turismo; Udal Aurrezki Kutxa, 1990.
  • "Historia de los casinos de San Sebastián 1887-1897". [Donostia]: Nuevo Casino Gran Kursaal.
  • "La primera Tamborrada de la Cofradía Vasca de Gastronomía". Gastronomiazko Euskal Anaiartea, 1992.
  • "La Sociedad Donosti Gain 1958 - 2008". 2008.
  • "La Tamborrada de la Unión Artesana". Unión Artesana Elkartea, 1951.
  • "La Tamborrada de San Sebastián, un pueblo que vibra a los sones de Sarriegui". Muga, 1989.
  • "Origen y desarrollo actual de la Tamborrada". 1928.
  • "Sociedad Euskal Billera 1901 - 2001". [Donostia]: Elkarlanean, 2001.
  • "Tamborrada donostiarra". 1961.
  • AROZAMENA, Jesús Mª de. "San sebastián, biografía sentimental de una ciudad". 1963.
  • "Asalto a la Brecha". [Donostia]: Txertoa, 2010.
  • CHEVIS. "El gran espectáculo de la Tamborrada infantil". 1976.
  • DONOSTY, José María. "Anales y ecos de la Tamborrada". 1977.
  • FERRER, José María. "La Tamborrada de San Sebastián". 1967.
  • HERNÁNDEZ MENDIZÁBAL, Tomás. "Fiestas de San Sebastián". 1986.
  • HERNANI, Juan de. "El encanto inefable de la Tamborrada". 1956.
  • KRESALA ELKARTEA. "Kresala, mujeres en la Tamborrada". [Donostia]: Laboral Kutxa, 2004.
  • LARRAÑAGA BILBAO, Luis. "Unos datos sobre la Tamborrada". 1988.
  • MANTEROLA, José de. "Breve noticia histórica de algunas comparsas y fiestas de Carnaval habidas en San Sebastián en el presente siglo". Euskal-Erria. VIII, 1883, p. 97.
  • MANTEROLA, José de. "El Carnaval de 1883 en San Sebastián". 1883.
  • MARAÑA, Félix. "Perfiles de la Tamborrada Donostiarra (1836-1936) ". Rataplán. [Donostia]: Zum-Donosti Aisia, 2004.
  • MÚGICA HERZOG, Fernando. "Breve crónica de un siglo de historia donostiarra. La Sociedad Unión Artesana en su centenario". 1970.
  • MUÑOZ ECHABEGUREN, Fermín. PÉREZ ARREGUI FORT, Ignacio. "De la Tamborrada infantil". 1984
  • SADA, Javier Mª. "Gaztelubide 1934 - 2008". 2009.
  • SADA, Javier Mª. "Historia de San Sebastián". [Donostia]: Txertoa, 1996.
  • SADA, Javier Mª. Dos siglos de Tamborrada. [Donostia]: Udal Aurrezki Kutxa, 1977.
  • SADA, Javier Mª. "SADA, Javier Mª. "Carnavales donostiarras". [Donostia]: Txertoa, 1991.
  • SADA, Javier; SADA, Asier. "50 años en compañía - 50 urte konpainian". [Donostia]: Donostiako Udaletxea, 2011.
  • SALAVERRÍA, José María. "La Tamborrada y el donostiarra ochocentista". 1943.
  • SEDANO, José María. "La Tamborrada de San Sebastián y las Sociedades Populares", 2000.
  • UREÑA, Luis. ZABALA, Fernando. "Aquel San Sebastián de 1900". 1944.