Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Danborrada ez da hogei mila parte-hartzaile inguru biltzen dituen kontzentrazio soila. Danborrada bakoitzak ehun pertsonatik gora izaten ditu, eta herriko elkarteek antolatzen dituzte. Talde bakoitzak bere auzoko kaleetan barrena desfilatzen du, eta lehendik daudenen antzinatasuna errespetatzen da, ordutegiak eta ibilbideak zehazterako garaian. Danborradak bi atal ditu: danborrak daude batetik, biztanle militarren irudikapen direnak, eta upelak, bestetik, herritarren ordezkari direnak. Halaber, segizioan beste figura hauek agertzen dira: Danbor Nagusia, danborren eta upelen kaboa edo sarjentua, gastadoreak, banderariak eta kantinerak. Danbor joleen jantziek 1813ko abuztuaren 31n Donostiako erasoan parte hartu zuten Espainiako, Britainia Handiko, Portugaleko eta Frantziako batailoiak eta errejimenduak irudikatzen dituzte. Upel joleak, aldiz, sukaldariz jantzita daude, alkandora eta galtza zuriekin, eta txano bereizgarri hori buruan dutela. Hasiera batean, iringile gisa ezagutzen zitzaien, okinak zirelako goizero iturrietan ura batzeko zain egoten zirenak, garai hartan ez baitzuten txorrotako urik. Beranduago, elkarte gastronomikoek beren gain hartu zuten danborrada, eta orduan gertatu zen aldaketa. Urketariaren pertsonaia hurrengo kapituluan garatzen da.

Lehenengo danborradak goizeko bostak eta zazpiak artean irteten ziren. Hala ere, zenbait urtetan, debekuak zirela-eta, goiz edo arratsalde erdian atera behar izaten zuten, eta, hogeigarren hamarkada baino lehen, erretreta-desfile baten antza hartu zuten maiz. Danborrada kopurua areagotu denez eta urtarrilaren 20an soilik atera daitezkeenez, uneoro dabiltza danborradak kaleetan barrena. Haur danborrada batzuk hilaren 19ko arratsaldean irteten dira, eta ikastetxe asko dira eskola-esparruaren barruan desfileak antolatzen dituztenak hilaren 18an. Nahiz eta 1924. urteaz geroztik Udaletxean bandera altxatzean txistulariak bakarrik bertaratzen ziren, jaia ofizial bihurtu zen 1934ko bandera altxaerarekin. Urte hartan, Gaztelubide danborrada izan zen protagonista, eta data eta urte hartan elkarte bilakatu zen. Era berean, ez zen 1957ra arte jai amaierarik egon, eta orduan zeuden danborradei kontsulta egin ostean, soilik Unión Artesana elkarteak onartu zuen gaueko hamabietan bandera jaisteko zeremoniara joateko gonbidapena.

Xelebrea bada ere, tradizioak bere horretan mantentzea gustuko dutenentzat, San Sebastian santuari urtarrilaren 20an festa ospatzeko egin zioten betiereko boto hark baraua eta abstinentzia barne hartzen zituen; baina argi dago egun ez dela horrelakorik betetzen. XIX. mendearen amaieran, Unión Artesana elkarteak bazkariari izaera ofiziala eman zion, ez ordea San Sebastian eguneko afariari. Elkarte berriak sortzerakoan, afariak hedatuz joan ziren, eta Umore Ona, Euskal Billera, Donosti Zarra, Istingorra, Gaztelupe... elkarteenak izan ziren garrantzia gehien lortu zutenak, autoritateak ere bertaratzen zirelako. 1934an sortu zenetik, Gaztelubide elkartea izan zen Udalari afaltzeko gonbita egitearen arduradun, eta Istingorra elkarteak, aldiz, bazkaltzera gonbidatzen zituen. Dena dela, ohitura hori erabat galdu zen XX. mendeko azken hamarkadan, eta gaur egun, ez dago udal ordezkariak dituen bazkaririk, ezta afaririk ere. 1987an, aldatu zen ohitura hori. Izan ere, urte hartan Pilar Mirori eman zioten Urrezko Danborra, eta ezin izan zuen tradiziozko otordura joan, Gaztelubide elkarteak ez baitzien emakumeei sartzen uzten. Ondorioz, hainbat urtetan, jatetxe batean egin zuten bazkaria.

Herriko elkarteak eta sozietate gastronomikoak danborradaren oinarria dira, eta askorentzat, hori da urteko jarduera nagusia. Artxiboetan ez dira 1870 aurreko herri elkarteak agertzen; baina badakigu urte horretatik aurrera eta beste hogei urtez, Unión Artesana elkartea izan zela festaren antolatzaile, La Fraternal elkarteak lagunduta. Horrela, jaiaren eragile bihurtu zen. Gaur egun, protagonismoa galdu dute, eremu askotako elkarteek ekimenarekin bat egin dutelako: kulturalak, kiroletakoak, erlijiosoak, ongintzazkoak, sozialak... Aipatu direnez gain, beste elkarte batzuk ere aitzindari izan ziren, esaterako: Donosti Zarra (1896-1936), La Nueva Fraternal (1879-1889), La Amistad (1884), Amigos Aurrera (1901), Gizartea (1901), Club Cantábrico (1904-1906), Amistad Donostiarra (1905-1906), Port Arthur (1905-1919), Euskal Billera (1906-1929) eta Bella Easo (1908). 2011ko ospakizunean, ehun eta hamar elkartera iritsi dira. Informazio gehiago izateko, ikus Herri Elkarteak.