Jaialdiak-Ekimenak

Donostiako Danborrada

Urte osoan, baita inauterietan ere, goizero desfile txiki batek Alde Zaharra zeharkatzen zuen, San Telmoko kuarteletik harresietako Lurraren Ateraino (gaur egungo Bulebarra), eta, bertan, guardia aldaketa egiten zen. Aintzat hartu behar da zazpiehun urtez Donostiako kulturak izaera militar nabarmena izan zuela. Horrez gain, gogoratu behar dugu, duela ehun eta berrogei urte eskas, Donostiako biztanleriaren eta lurzoruaren % 75 militarrak zirela oraindik ere, eta donostiarrak, dianarekin batera jaiki, eta erretretarekin oheratzen zirela. Horrela, garaiko gazteek danborren arrada imitatzen zuten, eskura zituzten gauzak erabiliz: ontziak, upelak, latak, egurrak, etab. Izan ere, tropak pasatzean, asko iturri publikotik ura hartzeko zain zeuden, tresnak eskuan zituztela. Horrela, konpartsa berria sortu zuten. 1834 eta 1836 artean, festak izandako aldaketekin bat etorriz, egunsentian irteten zen, sokamuturra (bueyes ensogados gaztelaniaz) iragartzen zuen diana bailitzan. Sokamuturra festa nagusi guztietan orduro egin ohi zen, Konstituzio Plazan. Talde hura Inauterietako konpartsa bat zen, eta, ondorioz, kideek mozorro ezberdinak eta dibertigarriak eramaten zituzten. Hogeita hamar urtez jo zituzten Urra papito, Pastelero eta Iriyarena (jatorrizkoa), baita Santesbetan maisuaren jatorrizko Donostiako Martxa eta kalejira herrikoiak ere.