Arkitektura

Cordon jauregia edo Sokaren jauregia. Gasteiz

Gotiko estiloa Erdi Aroaren bigarren aldian garatu zen eta beste korronte artistikoekin gertatu zen bezala (erromanikoa edo errenazimendua, adibidez), berandu heldu zen euskal lurraldera. Hiru aldi bereiz dezakegu; lehen aldia, XII. mendearen bukaeratik XIII. bukaera arte luzatu zen; bigarren aldia, XIV. mendearen eta XV. mendearen lehen erdiaren artekoan zabaldu zen; eta hirugarrena, XV. mendearen bigarren erditik XVI. mendearen lehen hamarkadetaraino heldu zen.






Gotikoko garaian, Arabako probintzian, Beheko Erdi Aroan hasitako goraldi ekonomiko, sozial eta kulturala sendotzen da eta honekin batera, klase sozial berri bat, burgesia, errotzen hasten da. Honekin lotuta, aipagarria da hirien sorrerako prozesua, izan ere, garai honetan hiribildu berriak fundatzeaz gain, hirigintza planoak zehazten dira.

Orokorrean, garai honetako asentamenduak edo hiriguneak topografiaz aprobetxatzen dira, defentsarako leku estrategikoak bilatuz. Modu horretan, hirigintza diseinua edo planoak mota ezberdinetakoak izan daitezke. Jarraibide hauei jarraituz, hainbat hiri sortu ziren une honetan baina Gasteiz da garai hartako gotikoaren gunea garrantzitsuena. Biztanleriak goiko partean finkatzen dira eta esparrua harresi batez inguratuta dago. Bere planoa erregularra eta forma obalekoa edo almendrakoa da. Esparruaren barruan luzekako hiru kalek definitzen dute gunea, hauetatik erdikoa zuzena da, baina alboetakoak makurtzen dira muturretan, aipatutako obaleko forma osatuz.

Testuinguru honetan garatzen da estilo gotikoa Arabako hiriburuan eta altxatzen dira garai hartako eraikin erlijiosoak, ugariak direnak, eta zibilak. Lehentasunezko lekuetan kokatzen dira, batez ere elizak, eta bi kasutan, bai erlijioso arloan, bai zibil arloan, hizkera gotikoa, hau da, arku zorrotzak, gurutze gangak eta arbotanteak, ezaugarri erromanikoekin eta errenazimenduko elementuekin nahasten dira, eraikuntza dataren arabera.

Cordon etxea edo Sokaren etxea arkitektura zibilaren adibiderik hoberenetako bat da. XV. mendean eraiki zen, Aiztogileen kalean kokatzen da, Erdi Aroko hainbat etxe zeuden tokian, hain zuzen. Juan Sanchez de Bilbaok, judutar merkatari batek, agindu zuen etxearen eraikuntza eta barruko partean XIII. mendeko Gaona leinuko antzinako dorrea gordetzen da.

Juan Sanchez de Bilbaok agindutako etxeari dagokionez, hainbat berrikuntza eta zaharberritze lan egin ondoren, nahiz eta jatorrian bi solairukoa izan, gaur egun, soilik aurrealdearen beheko partea gordetzen da. Atal hau harlanduz eraikia da eta tipologia eta baoen antolamendua aztertzen badira, Erdi Aroko merkataritza-etxe baten ohizko eredua betetzen du. Guztira, bost bao edo ate agerian daude. Tamaina handikoek arku zorrotzak dauzkate eta suposatzen da hauetako bat, eskubialdean irekitzen dena, zehatz-mehatz, sarbide nagusia izango zela. Arku honen gainean, apaingarri gisa, frantziskotarren ordenako soka bat agertzen da eta hortik dator etxearen izena. Ezkerreko sarbidea tamaina berekoa da baina kasu honetan arkuaren inguruan ez dago apaindurarik. Ate hauen gainean bi medailoi nabarmentzen dira non erakusten diren irudiek erlijioso izaera daukate. Horretaz gain, bi bao hauen artean neurri txikiko beste ate bat agerian dago, arku karpanel batez hornituta dago, eta inskripzio bat izateaz gain, goiko partean ere Errege Katolikoen armarria eta beste motibo bat, agian jabearen seinale komertziala, daramatza. Gainerako ateak, hau da, alboetan irekitzen diren bi baoak, XVIII. edo XIX. mendekoak dira eta, erdiko ate txikia bezala, arku karpanela daukate.

Barruko multzoa aztertzen bada, dorre baten ezaugarri orokorrak betetzen ditu. Kokapenaren ikuspuntutik, jatorrian, alde guztietatik libre zegoen, ez baitzeukan beste eraikuntza batzuk inguruetan, eta harresietatik kanpo zegoen. Nagusiki, defentsarako sortu zen. Hala ere, XIII. mendeko hiriaren zabalkuntzarekin, hiriaren barruan eta etxebitzaz inguratuta gelditu zen, jatorrizko funtzioa galduz.

Tipologiari dagokionez, oinplano laukizuzena eta hamar metroko, gutxi gora-behera, aldea dauzkala jakina da. Hormen lodiera metro batekoa da eta gaur defentsarako elementuak, gezileihoak eta hegalkinak, besteak beste, desagertu izan arren, jatorrizko pezoia gordetzen da. Eraikuntza mota hauetan, barruko egitura osoa egurrezko zutabe baten bidez, erdigunean kokatuta zegoena, mantentzen zen eta dorre honetan, sotoan, hain zuzen, zutabe edo euskarri baten zati bat, egurrezkoa, kontserbatzen da. Normalean, dorre mota hauen altuera hogei metro ingurukoa izaten zen, baina kasu honetan, goiko partea, egurrezkoa izango zena seguraski, desagertu da eta soilik, beheko pisuak eta solairu nagusiak zutik jarraitzen dute.

Dena den, dorrean, barruko partearen atal deigarriena izar formako ganga polikromatu bat da. Ganga honek estaltzen du solairu nagusiaren areto noblea eta ordezkatzen du lehenengo estalkia, egurrezkoa eta hainbat modiloiek eutsita. 1480. urtearen inguruan, Juan Sanchez de Bilbaok, etxea eraikitzea agintzeaz gain, barruko dorrearen berrikuntza ere burutu zuen eta une hartan ganga hau altxatu zela suposatzen da. Atal hau aipagarria da, teknikoki eta dekorazioarekiko. Teknikaren aldetik, hainbat zailtasun teknikoak gainditzen ditu, arkuak oso irekiak baitira eta horren ondorioz, beraien kurbatura oso txikia da. Apainketaren ikuspuntutik, aberatsa eta ugaria da; aipatu den bezala, polikromatua da eta giltzarrietan, lan tailatuak, Errege Katolikoen armarria, jabearen marka edo seinale komertziala, eta irudi mitologikoak, besteak beste, agertzen dira.

Eraikina honek, Sanchez de Bilbao familiaren bizilekua izanez, pertsonaia noble eta ospetsuei ostatu eman zien, besteak beste, Errege Katolikoei, Felipe I.a eta Joana bere emazteari eta Adrian Utrechko kardinalari, hau da, Adrian VI.a, aipatzekoak dira. Azken honek Aita Santu izendatu zutenaren berria jaso zuen Gasteizen, garai hartako batxiler baten etxebizitzan ostatu hartzen zegoela. Izendapen honen ondorioz, ostatuz aldatu zioten eta Juan Sanchez de Bilbao merkatarien etxean, Sokaren etxean, hartu zuen ostatu.

Eraikuntzak hainbat berrikuntza eta aldaketa izan ditu, adibidez, 1898. urtean bi solairu berri altxatu ziren, zenbait etxebizitza berri sortuz, alokatzeko helburuarekin. 1962. urtean, zaharberritze obrak egiten zituzten bitartean, dorrearen presentzia eta pezoia aurkitu zituzten. Gero, 2001. urtean, beste atal batzuen artean, izar itxurako ganga zaharberritu zen eta 2004. urtean, beste berrikuntza orokorra bat burutu zuten.

2009. urtetik, Vital Kutxaren Mejora Fundazioaren egoitza da eta aretoetan mota ezberdinetako erakusketak antolatzen dira.

  • ARECHAGA, Susana; VIVES, Francisca. Torres y fortificaciones en Álava. Vitoria-Gasteiz: Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, 2004.
  • BEGOÑA, Ana de. Arquitectura doméstica en la Llanada de Álava. Siglos XVI-XVIII. Vitoria: Diputación Foral de Alava, 1986.
  • LLANOS, Armando. Defentsarako arkitektura-Una arquitectura defensiva. Euskal Herriko Gazteluak eta Dorre Gotorrak-Castillos y Torres Fuertes del País Vasco. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia-Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2006
  • PORTILLA, Mic aela. Torres y casas fuertes en Álava. Vitoria: Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal, 1978.