Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Artxiboetan ez dugu aurkitu dantza horiei buruzko datu historikorik. Markinako ihauterien inguruko ordainketa batzuetan "trokeo-dantza" delakoa aipatzen da. Ustez, beraz, egungo Zaragi-dantza izango da. Mutilen dantzak dira: makilak eskuetan, une jakin batean dantzari denen erdian dagoen ardo-zaragia kolpatzen dute.

Saliña-saliña Ondarroan dantzatzen dute, abuztuan, oro har hilaren 18an, Ama Birjinaren omenezko jaietan. Kantaren lehen hitzarengatik deitzen diote horrela, "Saliñetatik etorriko da....". Makila bakarrarekin kolpatzen dute zaragia. Herrian zehar txokoz txoko ibiltzen dira dantzatzen.

Zaragi-dantza gaur egun ihauteri-igandean egiten dute Markinan. Dantzari gazteak, zaragi eta guzti, ateratzen dira, mozorrotutako jende multzo batekin batera. Horien artean hartz bat eta laguntzailea nabarmentzen dira: bigarrenak kate batekin lotuta eramaten du lehenengoa. Dantzariek makila-jokoa egiten dute lehenbizi, bi makila txikirekin, eta gero ardo-zahagia kolpatzen dute. Horrela, kalejiran ibiltzen dira herriko kaleetan eta plazetan zehar. Urte askotan bertan behera geratu zen ohitura hori, baina aurretik herritik kanpo ere ibiltzen omen ziren dirua biltzen, xehetasunak eman eta suspertzen lagundu zuten dantzari zahar batzuek diotenez.