Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Udal-artxiboko testuetan, oso aspaldikoak dira dantza horri buruzko aipamenak, dantzariei eta musikariei egindako ordainketen agirietan ematen baitzaigu gaiaren berri. Inguruko beste herri batzuetan ere, nola Karrantza haranekoetan hala Kantabriakoetan, badira horrelako ordainagiriak.

Koreografiaren egitura orokorra Xemeingo ezpata-dantzarenaren antzekoa da. Baina Lanestosakoan, dantzariek uztai apainduak erabiltzen dituzte, ezpaten ordez, elkar lotzeko.

Dantzari kopuru bakoitia ateratzen da, ezpata-dantzan bezala, eta kapitainak, taldeko buru dela, dantzarien itzulinguruak zuzentzen ditu. Han-hemen koloretako zintaz apaindutako bi metro eta erdiko edo hiru metroko arku malguak, elorri zuriz eginak beti, eramaten dituzte eskuetan. Arkuak edo uztailak elkar lotzeko erabiltzen dituzte dantzariek. Bi lerrotan kokatuta, binaka, esku batekin bakoitzak bere uztaiaren muturrari heltzen dio, eta bestearekin ondoko lagunaren uztaiaren muturrari.

Edurtzako Amaren egunean, abuztuaren 5ean, dantzatzen dute Lanestosako udalean, agintarien desfilean eta Ama Birjinaren omeneko prozesioan zehar. Prozesioan irudiaren aurretik joaten dira, eta etengabe aritzen dira dantzan, arkuak beti eskuetan, batzuetan goitik eta beste batzuetan behetik eramanez, eta hainbat eratako itzulinguruak eginez joan-etorrietan zehar.

Bazkaldu eta gero, arratsaldean, etxez etxe joaten dira herri osoan zehar dirua biltzen. Etxeetako bizilagunen aurrean egiten dute dantzan, eta diru-saria ematen diete. Dohaintza jaso ondoren, etxekoei goraka hasten zaizkie dantzariak.