Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Dantza tradizionalen musikak eta koreografiak izugarri anitzak dira, hamaika aldagai baitute egoeraren eta unearen arabera. Ohiturari jarraituz, gizarte-bizitzako ospakizun garrantzitsuak nabarmentzeko egin izan dira beti: adibidez, herritar guztiak biltzen dituzten ekitaldi handietako erakustaldi edo alardeetan, alegia, herrietako jaietan edo gizarte-intereseko bestelako festetan.

Ofizio edo gremioen ospakizunetan ere izan dute sarbidea dantza tradizionalek, eta jakina, jolasei eta dibertimenduei lotutako uneetan ere bai. Ihauterietan, ezaugarri bereizgarri jakin batzuk dituen garaia izaki, kanta eta dantza garrantzitsuz osatutako erritoak errepikatzen dira urtero.

Bestalde, dantza tradizionalek oso lotura estua dute festa edo erromeriekin. Neska-mutilak aritzen dira dantzan ospakizun sozial horietan. Elkarren arteko harremanak oinarri hartuta, era guztietako musikak eta pausoak aurkituko ditugu, lehen adierazi bezala aniztasuna izugarri handia baita. Neska-mutil gazteek hartzen dute parte nagusiki, baina zenbaitetan adineko jendea ere gehitzen zaie. Aurresku ospatsuak agintariek ere dantzatu izan dituzte zenbaitetan, gizarte-errito garrantzitsu horren bidez beraien aginpidea uzten baitute agerian herritarren aurrean.

Iraganean, Bizkaiko herri guztietan tokian tokiko dantzak egiten zituzten jai eta gizarte-ekintza handietan. Industria Iraultzak eragindako gizarte-aldaketen ondorioz, ordea, XIX.mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran udal askotan bertan behera geratu zen ohitura hori. Dena den, garai beretsuan gizartearen eta politikaren alorretan sortutako hainbat mugimenduri esker, dantza tradizionalen balioa berriz aintzat hartzen hasteaz gain, galdu gabekoak iraunarazten eta galdutakoak, artean gogoan eta ahazteke zituztenak, berreskuratzen saiatu ziren. Horiexek, hain zuzen, jorratuko ditugu ondoren. Tradizioaren arabera une eta egoera jakin batzuetan egin izan diren eta gaur egunera arte iraun duten dantza tradizionalen nondik norakoak izango ditugu hizpide.