Dantza

Bizkaiko dantza tradizionalak

Dokumentuen arabera XVII. mendetik eta herritarren esanetan askoz ere lehenagotik, oso aspalditik, Lekeitioko arrantzaleen kofradiako kontuen kutxa prozesioan eramaten zuten urtero. Kofradiako kide bat kutxa gainean joaten zen, San Pedro irudikatzen, eta alde banatan, oinez, San Joan eta San Andres eramaten zituen bidelagun. Kaxa barruan kofradiako dokumentu eta ondasun jakin batzuk gordetzen zituzten, kargua uzten zuen idazkariaren etxetik idazkari berriaren etxeraino prozesioan eramateko. Ekainaren 30ean aukeratzen zuten kofradiako idazkari berria. Dena den, prozesioan elizako arropak erabiltzen zituztenez, gotzainak auzia jarri zuen, eta denboraren poderioz, kaxa eramateko modua aldatzen hasi ziren.

Kaixarranka eramateko modu berriari buruzko aipamenak 1822ko dokumentuetan azaltzen dira: kaxa gainean gizon edo mutil bat joaten zen dantzan, eskuan bandera zuela ("va un hombre o mozo bailando con una bandera en la mano"). Gerora, San Pedro egunean hasi ziren dantzatzen, eta hala egiten jarraitzen dute gaur egun ere. Orain, jakina, kaxa ez dute erabiltzen dokumentuak garraiatzeko, baina festak bere horretan jarraitzen du. XVIII. mendeko kaxa erabiltzen dute. Dantzariak gora igo eta hiru aldiz egiten du dantzan santuaren irudiaren aurrean: lehenbizi Benta Zaharrean, gero Kofradiako lehendakariaren etxearen aurrean, eta azkenik plazan, udaletxearen aurrean. Kaxa arrantzaleek eramaten dute bizkar gainean. Dantzariak alkandora eta galtza zuriak, fraka eta txistera eramaten ditu soinean, eta abarketarik gabe egiten du dantzan. Zapi zuria eramaten du lepoan, eta pertsonaia historikoaren omenez, San Pedroren armarria daraman bandera gorria eskuetan.

Gaur egun, Kaxarrainka bukatu eta gero, emakumeek aurresku tradizional ederra egiten dute, gizonak dantzara ateratzen: "Eguzki-jaia".