Kontzeptua

Aste Santua

Hausterre-egunean jendea elizara joan ohi zen "errautsa hartzera". Apaizak fededunen bekokian errautsez gurutze bat marrazten zuen esaldi gomutagarri hau ahoskatzen zuen bitartean: "hauts zara eta hauts bihurtuko zara".

Garizuman gozamen publikoak (dantzaldiak, alaitasun-adierazpenak, jokoak eta apustuak, etab.) bertan behera uzten ziren eta eguneko janaldietan soiltasuna bultzatzen zen. Horretarako, baraualdiak egin eta haragi-produktuei muzin egiten zitzaien (arrain eta barazkietan mamitutako dietak bultzatzen ziren). Esan bezala, abstinentzia-egun horietan jarrera nabarmenak bertan behera geratzen ziren (paseoak, soka-jokoa edo txirikilan zelakoa ziren baimendutako gozamen bakanenetako batzuk) eta janaldietako bijiliak bultzatzen ziren, batez ere ostiraletan (egun horretan derrigorrez bete behar ziren mandatu horiek). Dena den, baziren zenbait salbuespen, gaixotasun eta haurdunaldi kasuetan edota diru-truk berdindutako lan edo dispentsa-luzapenetan (bulda izenekoak). Bijiliak berrogei egun irauten zituen eta bulda horien helburua epealdi horretan haragia jan ahal izatea zen (ostiraletan izan ezik). Urtero eskatzen ziren parrokia-elizan. Hala, aurrez diru kopuru bat ordaindu ostean (ordaintzeko ahalmena zutenek) idatzi bat jasotzen zuten, salbuespen edo bulda hori berresten zuena. Heriotza gertatuz gero, paper edo bulda horiek hilkutxan sartzen ziren. Modu horretan, Zeruan sartu ahal izateko barkamena jasotzen zela uste zen. Azkenik, Garizumako sermoiak igandez izaten ziren. Tokiko estamentuek (zibilek eta elizakoek) antolatzen zituzten, hartako eliztarrak doktrinatzeko. Horretarako, predikatzaile ospetsuak ekartzen ziren, hitzaren maisuak zirenak eta herriko hizkera ezagutzen zutenak.